Zazpigarren aldiz antolatu ditu ‘Bakeleku Udalekuak’ Darahli elkarteak

baleike 2017ko mai. 25a, 17:26

Euskadiko Saharauien Ordezkaritzarekin elkarlanean, uztailean eta abuztuan, Saharatik etorritako 30 ume izango dira Urduñako ‘Compañia de Maria’ ikastetxean. Hurrengo astean  arropa jasotzeko kanpaina bat jarriko dute martxan.

‘Oporrak bakean’ programaren muina da ‘Bakeleku Udalekua Bizkaia’ izeneko proiektua. Samuel Ruizek, Darahli elkarteko koordinatzaileak, kontatu duen bezala, “hasiera baten ume saharar hauek hemengo familien etxeetara etortzen ziren udara pasatzera, baina pixkanaka galtzen ari zen zerbait zela ikusi genuen. Orduan, ume horiek udalekuetara ekartzea bururatu zitzaigun”. Hala, 2011ean, ‘Bakeleku Udalekua Urduña-Bizkaia’ proiektua  sortu zuten Saharako Herritarren bidezko borrokarekin solidarioak diren hainbat lagunek.

Ideia jaio zenetik Frente Polisarioa izan dute lankide, eta, ondorioz, erabaki guztiak horien oniritziarekin hartu dira. “Darahliren zeregina batez ere dokumentazioa osatzea, finantzazioa aurkitzea eta giza baliabideen kudeaketa egitea da”, azaldu du Ruizek.

Udaleku honek bi helburu nagusi ditu: alde batetik, udan harrera-familiek duten garrantzia azpimarratzea, eta bestetik, errefuxiatuen kanpamenduetatik ahalik eta haur gehien irtetea. Udalekura etortzean mediku azterketak egiten dituzte, eta zerbait aurkitu ez gero, hartatuak izaten dira. “Horretaz gain elikadura orekatua izango dute eta hezkuntza jarduera eta txangoak egingo dituzte. Bide batez euskal kultura ezagutarazteko aukera ere izango dute”.

Esperientzia bikaina

Proiektu hori osatzeko hainbat pertsonen laguntza izango dute. Guztira, sukaldari bat, zortzi begirale eta proiektuarekin bat egiten duten lankide solidarioen unean uneko laguntza. Zumaiatik joango diren begiraleak bolondres joango dira eta 10 txanda osatuko dituzte. Txanda bakoitzean sei pertsona joango dira. Horietatik lau beste urteetan joandako pertsonak izango dira, eta bi berriak izango dira. 2018an Darahlik beste espedizio bat osatuko du Saharako kanpamenduetara, eta hara joango diren ikasleek udara honetan ume hauekin lehenengo kontaktua egiteko aukera izango dute. “Bestalde, udalekuak irauten duten bi hilabetetan bi gazte saharaui egongo dira guri laguntzeko”, adierazi du ikasle batek.

Beste urteetako esperientzia oso aberasgarria izan dela aipatu dute ikasleek. “Gauzarik txikienak ere erakutsi egin behar zaizkie askoei, baina beraiek ere gauza asko erakusten dizkigute”, adierazi du ikasle batek. “Beraien familia eta ohiturak faltan botatzen dituzte, eta emozionalki ere lagundu egin behar zaie, amaren papera egin behar dugu askotan”, gaineratu du beste batek.

‘Bakeleku Udalekua’ proiektuaren aurrekontuari aurre egiteko, hainbat euskal erakunde publikori zein pribaturi lankidetza eskatuko die. “Aurrekontu guztia 60.000 euro dira, eta diru hori finantzatzeko ekintzak egingo ditugu”, kontatu du Ruizek. Esaterako, uztailaren 8an zumba maratoia egingo dute. “Oraindik zehazteko ditugu ordua eta zumba irakasleak zeintzuk izango diren, baina aditzera emango dugu”, aipatu du.

Aurretik, eta datorren astean zehazki, arropa jasotzeko kanpaina jarriko dute martxan. Aste osoan zehar, astelehenetik ostiralera, Zumaiako ikastetxeetan utzi ahalko dira arropak. Batez ere kirol arropa (kamisetak, leggings-ak, zapatilak, polarrak, galtza motzak...) beharko dira. “Toallak, bainu-jantziak ere beharrezkoak dira, eta kanpamenduetara eramateko neguko arropa ere garrantzitsua da”, kontatu dute.

“Proiektu horien bidez gazteen lana ere baloratu nahi dugu. Ikasleen parte hartze maila oso ona da eta azpimarratu egin behar da. Bide batez, Saharako herriarekiko sentsibilizazioa erakutsi nahi dugu”, esan du Ruizek.

Amaitzeko, norbaitek proiektu hau diruz lagundu nahi badu bi kontu korronte hauetan sartu dezake nahi duen diru kantitatea:

- Laboral Kutxa: ES05 3035 0037 4103 7005 0791

- La Caixa: ES63 2100 4248 6621 0014 7895