Muxika: "Gobernu on batek exijitzen duen kudeaketa tresna da partaidetza"

Baleike 2017ko mai. 24a, 16:33

Foru Aldundiaren aurrekontu irekien ekimenak Zumaian eduki zuen geldialdia atzo. Zumaiarren lehentasunak eta proposamenak jaso, aztertu eta aurrekontuetan txertatzeko helburuarekin, karpa bat egon zen egun osoz, Beheko plazan. Arratsaldean baina, Joseba Muxika, Herritarren Partaidetzako zuzendaria, bertan izan zen eta herriko jubilatuen elkartearekin egin zuen topaketa.

Gipuzkoako Foru Aldundia iaz hasi zen aurrekontu irekien kanpainarekin eta aurten zertxobait aldatu du formula. "Kanpainaren helburua berbera izaten jarraitzen du, baina aurten, lehenago hasi gara. Iaz, hauteskundeak zirela eta, irailean gauzatu genuen kanpaina baina aurten maiatza eta ekainean burutzen ari gara", adierazi du Muxikak. Hain zuzen, maiatzaren 2an hasi ziren kanpainarekin eta ekainaren 30a arte egongo dira. Berrikuntza gisa, aurten, udalerri gehiagotan izango dira. "Aurten 37 udalerri bisitatuko ditugu, iaz baino 21 gehiago", jarraitu du.

Herrietan jartzen duten karpen bidez, modu presentzial batean jasotzen dituzte herritarren iritziak, iradokizunak, ideiak eta eskaerak. Baina beste hainbat kanalen bidez ere egin daiteke. "Gipuzkoa osoko etxe guztietara bidali dugu gure esku orria. Horrekin bermatzen dugu etxe guztietara helduko garela, eta guztiek izango dutela aukera proposamenak egiteko. Gainera, internet bidez ere parte hartu ahal izango da, gipuzkoa.eus/partaidetza webgunean". Inprimaki horietan herritarrek beraien proposamenak jartzeaz gain, Gipuzkoaren etorkizuneko erronka nagusia zein den zehaztea, eta Aldundiak zein arlotan inbertitzea nahiko luketen adierazi beharko dute.

Partaidetzaren garrantzia

"Partaidetza ez da berria. Aspalditik lantzen ari den politika bat da", aipatu du. Jende askorentzat berria da baina duela zortzi urtetatik hona Aldundian lantzen ari dira. "Partaidetzak eraldaketa handia eragiten du lan ildotan, ez da kontu sinple bat. Baina guk badakigu politika publikoak garatzeko prozesu partehartzaileak landuko ditugula". Partaidetza ez da moda iheskor bat. "Gobernu on batek exijitzen duen kudeaketa tresna bat den heinean, gure kulturan geratuko da", azpimarratu du. Hain zuzen partaidetzarako kultura sustatzea da Aldundiaren helburuetako bat. Hurrengo belaunaldiei begira lantzen ari diren bide bat da.  "Pedagogia eginez, horrela bakarrik lortuko dugu gure kultura politikoa beste modu batera gauzatzea. Eta helburua hori da, hurrengo belaunaldiek normaltasunez parte hartzea politika publikoen diseinuan".

Prozesu honetako mugarria topaketak dira. Herri bakoitzean bertako eragile, elkarte, kolektibo eta abarrekin elkartzen da Muxika, eta ahal duen guztietan ere etortzen da Imanol Lasa Gobernantza diputatua eta Foru Aldundiko bozeramailea. "Topaketetatik ere ideia interesgarriak ateratzen ari gara, eta proposamen oso ezberdinak jasotzen ditugu", nabarmendu du.

Hurrengo urteei begira ere lan-ildo berdina izaten jarraitu nahi du Aldundiak. Iazko esperientzia positiboki baloratu dute, "nahiz eta bere akatsak izan eta hobetzeko tartea eduki". Dagoeneko iazko emaitzak gainditu dituzte. "1.500 proposamen baino gehiago jaso ditugu, eta oraindik bide erdia baino gehiago gelditzen zaigu", nabarmendu du.

Nagusien beharrak azaldu ditu jubilatuen elkarteak

Urola Kostatik bisitatzen zen azken herria izan da Zumaia, eta egun osoan zehar karpa Beheko plazan egoteaz gain, jubilatuen elkartearekin biltzeko parada hartu zuen Herritarren Partaidetzako zuzendariak. Besteak beste, boluntariotzaz, oinarrizko kirola eta kirol taldeei ematen zaizkien diru laguntzez, Santiagoko hondartzaren babes eta zaintzaz, eta Zarauztik Zumaiarako bidegorriaz mintzatu ziren.

Aisialdiko ekintzak izan ziren topaketan garrantzia hartu zuten gaietako bat. Bertaratu zen emakume baten iritziz, jubilatuentzako ez da programa zabalik eskaintzen. "Aisialdiko ekintzak badaude herrian, baina ez zuzenki jubilatuentzat zuzendurikoak eta nik gure adineko jendearekin egin nahi ditut. Antzerkia eta pintura, adibidez", aipatu zuen.

Beste batek jubilatuentzako bidaietan edo ibilaldietan finantziaziorik eska zitekeen galdetu zuen. Muxikak argi esan zuen: "Oporrak eta txangoak garrantzitsuak dira, baina Aldundiak ez du zuzenean programa horiei dirurik bideratzen. Lehentasunak ezarri behar dira eta horiek gaur egun gizarte gaiak dira".

Nagusien kolektiboa gizartearentzat eta erakundeentzat ahaztuta dagoela aipatu zuten bertaratu zirenek. "Etorkizuna Eraikiz proiektuan zahartzaroaren ikerketan oinarritutako zentro bat eraikiko da laster Pasaian. Bertan, nagusien ongizatearen bermakuntzan, osasunean eta hainbat arlotan ikerketak eta lanketak egingo dira", esan zuen Muxikak. "Zahartzaroak aktiboa izan behar du, aisialdirako eta egunerokotasunerako proposamenak eta eskaintzak aurkeztea da gure nahia. Izan ere horrek gure bizi-kalitatea hobetzea dakar. Zentro honekin berritzaileak izan nahi dugu eta erreferente bihurtu".