Azken txanpan sartzera gaztetxoenen denboraldia

Baleike 2017ko mai. 24a, 12:36

Txirrindulari gazteen denboraldia bere azken hitzorduetara heltzen ari da. Karrera gutxi geratzen dira amaitzeko eta bertan buru belarri murgilduta daude Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkarteko gazteak. Pasa den astean Errenterian eta Ataunen izan zituzten lasterketak. Horien kronika egin digu Arritxu Iribarrek.

Emakumeen Biraren atariko, larunbatean Errenterian jokatu zen infantil eta alebinen lasterketa. Gustua ematen zuen: herria erabat girotuta zegoen igandean; bertan bukatuko zen Emakumeen Itzulirako jantzita zegoen eta baldintza horietan luzitu egin ziren beste behin ere Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkarteko karreristak. Ohi denez emaitzez haratago, lasterketan erakusten duten jarrera da nabarmentzekoa; aurpegia emanez, lanerako jarrerarekin, ezkutatu gabe, erasora jokatzen dute eta horregatik daude Joseba Larrañaga eta Alberto Uranga txikienen arduradunak pozik  alebin eta infantilen lanarekin.

36 txirrindulariren artean alebinetan 9. sailkatu zen Anuk Gojenola eta 24.a izan zen Yuri Urbieta. Errenterian ez zuen parte hartzerik izan Garazi Bergarak. Infantiletan, 44 izan ziren txirrindulari parte hartzaileak eta Aitor Agirrek eta Kimetz Etxabek lasterketa itzela egin eta 5. eta 6. bukatu zuten; 32. sailkatu zen Heiko Mateos, 36. Aritz Eizagirre eta 40. Maddi Etxabe.

Datorren larunbatean Pasaian izango dute mendiko bizikletekin lasterketa eta ekaineko azken karrerara begira jarriko dira gure gaztetxoak. Larunbatean bertan, Zumaian, mendi bizikleta ibilaldi bat izango da Gipuzkoako Aldundiak bultzatuta benjamin eta alebin mailako neska-mutilentzat. Beheko plazan, goizeko 10etan, da hitzordua.

Kadete mailan Ataunen izan zen igande arratsaldean lasterketa. 97 ziklista izan ziren irteeran eta 74k lortu zuten Ataun Aiako maldetan zuten guztia emanda bukatzea. Horien artean Antton Tolosa. 40. sailkatu zen irabazlearengandik 49 segundora.

Datorren igandean Antton Tolosa eta Mikel Mancisidor Lezon izango dira Gipuzkoako Txapelketan parte hartzen.