Jon Dominguez Memoriala jokatuko da larunbatean jubenil mailako lau talderekin

Baleike 2017ko mai. 22a, 15:17
Zumaiako Futbol Taldea osatzen dutenak.

Reala, Eibar, Athletic eta Zumaiakoko mutil jubenilak izango dira parte hartuko dutenak. Iaz hil zen Jon Dominguezi eta bere familiari omenaldia egingo zaie eguerdiko 12:00etan.

Maiatzaren 27an, larunbatean, I. Jon Dominguez Memoriala jokatuko da Aita Mari futbol zelaian. Lehen mailan dauden hiru euskal taldeen jubenilak izango dira parte hartuko duten hiru taldeak: Reala, Eibar eta Athletic. Beraiekin batera etxeko taldea izango da: Zumaiako.

"Lehenengo partida Reala eta Eibarren aurkakoa izango da, 10:00etan", kontatu du Zumaiko Futbol Taldeko lehendakaria den Txiki Gorostolak. 12:15ean berriz, Zumaiako eta Athletic neurtuko dira. "Ondoren, lau taldeak elkarrekin, Txoaskiña elkartera joango gara bazkaltzera. Futbol taldeko partaideok prestatuko diegu bazkaria guztiei, eta arratsaldean memorialarekin jarraituko dugu", jarraitu du.

Arratsaldean beste bi partida izango dira. Alde batetik hirugarren eta laugarren postuak erabakiko duena, eta beste aldetik, lehenengo bi postuak erabakiko duena. "Lehenengoa 16:30ean jokatuko da, eta finala berriz, 18:30ean", aipatu du. Partida guztietarako sarrera doakoa izango da, eta nahi duenak, otar baten zozketan parte hartzeko aukera izango du.

Dominguezi omenaldia

Iazko udaran hil zen Dominguez gaztea. Kolpe gogorra izan zen taldearentzat, eta zer esanik ez lagunentzat eta familiarentzat. "Gurekin jokatzen zuen Jonek eta bere aita ere entrenatzaile gisa ibiltzen da. Zerbait egin nahi genuen, omenaldi bat, eta azkenean memorialaren aldeko apustua egin dugu, hau da, ez gelditzea txapelketa batean, baizik eta jarraikortasuna izatea etorkizunean ere", azaldu du. Eguerdiko 12:00etan egingo die omenaldia Dominguezen senitartekoei. "Zerbait xumea izango da, familiarekin hitz egin dugu eta ez dute gauza handiegirik nahi. Beraz, guk hori errespetatu egingo dugu", adierazi du.

Pozik agertu da Gorostola osatu duten kartelarekin. "Talde politak dira, jokalari onekin. Beraien aldetik gainera prestutasun osoa jaso dugu eta hori eskertzekoa da. Jendea etorriko dela espero dugu. Gureak ere ilusioarekin ari dira larunbatekoa prestatzen. Beraientzat ere berezia izango da".