Geotalks: Denbora sakonetik kobazuloetako magiara

Baleike 2017ko mai. 20a, 14:36

Zientzialarien jakinduria eta artisten magia uztartu ziren atzo Donostiako Kataluniako plazako "zientziaren kupulan", bakoitzak bere tanta jarrita, milioika urteko bidaia bat marrazteko. Interneten hain arrakastatsu bilakatu diren TED saioen formulari jarraituz –hamar bat minutuko hitzaldi labur eta didaktikoak– antolatu zuen Geoparkeak ekitaldia, Donostiako Olatu Talkarekin elkarlanean. Ondoko testuan saiatu gara sei hitzaldien mamia laburtzen, eta bideoan ikusiko duzue denen artean sortu zuten giroa. Artistak seguru ezagutuko dituzuela...

Denbora sakona (Stanley Finney, Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasuneko presidentea)

Denbora sakonean murgiltzen gara geologoak. Lurrak 4,6 milioi urte dauzka, baina nola dakigu hori? Estratigrafiari esker, lurrazalaren geruzak aztertuz, zaharrenetik berrienera, geruraz geruza. Munduan hainbat leku daude geruza hauek aztertzeko, baina Zumaiak badu berezitasun bat: dena dago eskura, dena dago bistan. Dinosauroen desagertzea markatzen duen K/T muga, iridio geruza, mundu osoan dago, baina Zumaian bezala leku gutxitan ikus daiteke. Grand Canyon, Alpeak, Sahara, Utah, Sizilia... Leku askotan izan naiz geruzak ikertzen baina Zumaia da niretzat lekurik kuttunena. Algorriko puntatik zuek muinoak eta itsasoa ikusten dituzue; nik Lurraren historia jasotzen duten geruzak ikusten ditut. Altxor bat daukazue hemen.

Irudiko argazkian Stanley Finney eta alboan Juan Carlos Gutierrez.

Haitzetako arrasto bitxi horiek (Juan Carlos Gutierrez, geologoa)

Gaur egun euskal kostaldea dena itsas hondoa zen duela 65 milioi urte, dinosauroak desagertu zirenean. Mila metroko sakoneran zegoen. Haitz haiek azaleratu zirenean, haiekin batera bistaratu ziren itsas hondoko bizidunek utzitako arrasto fosilduak. Iknofosil hauek aztertzea aukera bikaina da gaur egun itsas hondoan bizi diren izakien berri izateko. Izan ere, duela 65 milioi urteko espezie askok gaur egun arte iraun dute, meteoritoaren inpaktuek ez zielako eragin.

Zumaiako harraldeko haitzetan ikus daitezke marka bitxi asko: espiralak, espagetti modukoak, egitura hexagonalak... Batzuk badakigu nork egin dituen, baina badaude oraindik argitu gabeko misterio asko.

Mikrofosilek kontatutako sekretua (Estibaliz Apellaniz, geologoa)

Geologoak kuxkuxero batzuk gara, eta itsas hondoan osatu diren geruzak sekulako informazio iturria dira guretzat. Geruza etzan horiek lehorretik iritsitako basarekin eta itsasoan bizi diren organismoen oskolekin eta hezurrekin osatzen dira. Duela milioika urte, inguru hau putzu handi bat zen, leku paregabea hondoan geruzak sortzeko bata bestearen gainean. Pirinioak altxatzearekin batera, itsas hondo hura ere azaleratu egin zen, eta gaur begi bistan dauzkagu milioika urteko historia jasotzen duten haitzak.

Geruza horietan milioika mikrofosil daude, eta erabakigarriak izan dira meteoritoaren teoria garatzeko –dinosauroak eta beste hainbat espezie meteorito baten talkagatik desagertu zirela dio teoriak–. Ikerlariak ohartu ziren mikrofosilak ia desagertu egiten zirela geruza jakin batetik aurrera, eta ezohiko gertaera batek bakarrik eragin zezakeela halako desagertze masiboa. Hari horri tiraka, Walter Alvarez eta beste zenbait ikerlari ohartu ziren mugarri hartan ohi baino iridio gehiago zegoela. Iridioa, batik bat, meteoritoek ekarritako elementua da Lurrean. Neurketak munduko hainbat lekutan egin zituzten, Zumaian, besteak beste. Horrela sortu zen meteoritoaren teoria 1980ko hamarkadan.

Jon Zulaika, harraldeko bizidunen inguruko azalpenak ematen.

Harraldeko bizidunak (Jon Zulaika, Aldundiko ingurumen teknikaria)

Maila goreneko babesa duen ingurua da Zumaia deta Deba arteko kosta tartea. Geologiaren garrantziak eraginda izendatu zen biotopo babestu, baina ez ditu soilik harriak babesten, izaki bizidunak ere bai.

Oso inguru berezia da itsasoak labarrak higatuz sortu duen marearteko gune hau. 500.000 metro koadro inguru ditu –Kantauri itsasoko handienetakoa da–, eta bertan bizi diren espezie eta habitat aniztasuna izugarria da. Amaitu berri den ikerketa batek 430 espezie eta 75 habitat zenbatu ditu.Zergatik halako aniztasuna? Harralde hura, berez, bizitzeko leku zailenetakoa da. Brankada luze horietan itsasoa joan eta etorri dabil egunero, baldintzak oso aldakorrak dira, kolpean askotan. Bertan bizi nahi duenak derrigor egokitu beharra dauka, eta askotariko estrategiak garatu dituzte, batzuk oso bitxiak.

Gomendatzen dizuet leku berezi hau zientziaren eskutik ezagutzea, gidarien laguntzarekin deskubritzea, errespetuz hurbiltzea. Leku ia magikoa da. Espezie oso bereziak aurkituko dituzu, asko dinosauroen garaitik iraun dutenak, eta segituan ohartuko zara paraje hartan bitxo arraro bakarra zeu zarela.

Estalagmitak, klimaren termometro (Arantza Aranburu, geologoa)

Liburuaren metafora erabiltzen dugu labarretako geruzek gordetzen duten historiaz ari garenean. Baina badira klimaren erregistroa jasotzen duten beste gordailu batzuk: kobazuloak. Geoparkean 150etik gora dauzkagu eta menditik itsasora doan urarentzat tranpalekuak dira.

Kobazulotan sortzen diren estalagmitak –zoruan behetik gora sortzen diren kareharrizko kandelak– klimaren gordailu zehatzak dira eta horiek aztertzen ditugu. Ale egokienak aukeratu eta laborategian aztertzeko eramaten dugu. Izena ere jartzen diegu. Adibidez, badaukagu bat Moreno izena duena; Europako onenetakoa da 6,3 eta 5,1 mila urteen arteko klima ezagutzeko. Urtez urteko klimaren berri izan dezakegu.

Bi parametro neurtzen ditugu horretarako: zenbat euri egin duen eta tenperatura. Euri asko egiten duenean tantaketa sarriago gertatzen da eta estalagmita osatzen duen kristala etenik gabe haziko da, beti bustita dagoelako. Baina garai lehorragoetan tantak ez dira hain sarri iritsiko estalagmitara, kristala lehortu egingo da tantatik tantara, eta orduan kristalak abaniko egitura bat izango du. Horrela jakin dezakegu garai bakoitzean euri asko edo gutxi egin zuen. Eta errautsen arrastoak ere agertu izan dira zenbait estalagmitatan, kobazulo horietan gizakia bizi izan zen seinale.

Garai hotza edo beroa izan zen jakiteko oxigenoa aztertzen dugu. Oxigeno mota asko daude eta bat edo beste da ugariago tenperaturaren arabera. Praileaitzen (Deba) jasotako Novella estalagmitari esker jakin dezakegu azken 5.000 urteetako klima zehatza. Duela 5.000 urte klima tropikala zegoen inguru  hauetan, beroa eta hezea, eta lurzoru oparoa –orduntxe neolitiko garaia–. Duela 3.100 urte, estalagmitaren kolorea aldatu egiten da, belztu egiten da. Horrek esan nahi du hoztu egin zuela. Azken tartean, ikusten da klima beroagoa eta lehorragoa izan dela.

Estalagmitek gordetzen duten informazioari buruz mintzatu zen Arantxa Aranburu.

Kobazuloetako magia (Xabier Peñalver, antropologoa)

Urola eta Deba baliaretan dozenaka kobazulo daude, eta haietako askotan bizi izan ziren gizakiak, neanderthalak aurrena eta cromagnonak ondoren. Praileaitz I kobazuloan 17 urte daramatzagu indusketak egiten, eta gai batek du han indar berezia: errituak. Duela 15.500 urteko zintzilikarioak aurkitu ditugu, harri beltz luzez eginak, sailean jarrita, lepoko baten itxurarekin. Aurkitu genuen lehen pieza ere bitxia da oso, Europako beste kobazulo batzutan ikusitako Venus-en silueta duela esan baitaiteke. Baliteke xaman bakar baten lanak izatea; dudarik gabe, sentsibilitate berezia zuen norbait bizi izan zen kobazulo hartan. Berdin esan genezake Ekaingo kobazuloan zaldi haiek margotu zituenari buruz. Erritua, magia eta unibertso berezia, Debako eta Urolako bailarak bakarrak dira Europan.