Datozen asteetarako ekintzak aurkeztu ditu Musika eta Dantza Eskolak

Baleike 2017ko mai. 19a, 11:02

Maiatza eta ekaina musikaz, erritmoz eta dantzaz datorkigu. Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolako partaideek egitarau bikaina osatu dute datozen asteetarako. Programa hori atzo hasi zen Metal topaketarekin, eta ekainaren 23an amaituko da San Juan Gauean San Juan Iturrin egingo den dantza ikuskizunarekin.

Maiatzeko ekitaldiei dagokienez aipatu maiatzaren 25ean Rock kontzertua izango dela Beheko plazan, 19:00etan. Bertan, gitarra, baxua, tronpeta, saxoa, tronboia, trikitixa, panderoa eta kantu koralekoek koroak egingo dituzte. Besteak beste, Dani California, Message in a bottle edo Wish you where here abestiak entzuteko aukera izango da.

Maiatzaren 26an berriz, kontzertu lirikoa izango da Komentuan. Musika Eskolako ikasleak San Pedro Abesbatzarekin batera, elkarlanean, eskainiko dute emanaldia.

Bukatzeko, Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolakoek gogorarazi nahi dute maiatzaren 22tik 26ra ate irekiak izango dituztela musika tresnak ikusi eta probatu nahi duen edonorentzat.