Angel Embil, Zumaian ezezagun, Asturiasen goraipatua

Baleike 2017ko mai. 18a, 15:00
Beheko Plaza Abesbatzako kide Justo Argoitia eta Agustin Zubimendi. Argazkia: Juan Luis Romatet

1897an Zumaian jaio zen Angel Embil musikari eta konpositorea. Maiatzean haren omenezko 25. jaialdia egingto dute Asturiasko Pola de Sieron. Han izango da Beheko Plaza Abesbatza. Angel Embil nor izan den kontatu digu abesbatzako zuzendari Agustin Zubimendik.

Bere jaioterrian, Zumaian, apenas ezagutzen dute; Asturiasen, aldiz, goraipatu egiten dute, bertako abesbatzen aitzindaria izan zelako. Angel Embil, 1897an Zumaian jaioa, 1980an hil zen Asturiasko Pola de Sieron. Bertan bere omenezko jaialdia antolatzen dute urtero, 1991tik hona, eta aurten Zumaiako Beheko Plaza abesbatza bertan izango da beste talde batzuekin batera.
 
«Orain 26 bat urte izango nuen Embilen berri lehenbizi. Kutxaren Erribera kaleko bulegoan nengoen lanean eta Pola de Sieron Embilen omenez egingo zen lehen jaialdian parte hartzera gonbidatu gintuzten. Ni, orduan, San Pedro Abesbatzako zuzendaria nintzen eta ez nuen inoiz Embili buruz ezer entzun. Jakin nuenean zer kaletan jaio zen, San Telmo kalean, gauzak lotzen joan nintzen eta jakin nuen zer familiakoa zen», dio Agustin Zubimendik, jubilatuen Beheko Plaza Abesbatzako zuzendariak. 
 
Angel Embilek hamar urte besterik ez zituen egin Zumaian, baina denbora horretan musika ikasketak egiteko aukera izan zuen Zumaiako Musika Bandako eta parrokiako abesbatzako zuzendaria, eta, horrez gain, herriko organista zen Luis Urteagaren eskutik. Bere aitak merkantzia-ontziteriako kapitaina zen eta Lapurdiko Baiona eta Galiziako Baiona arteko linean egiten zuen lan. 10 urte zituenean Gijonera joan ziren bizitzera. Han sakondu zituen Embilek musikako ikasketak. Organoa eta biolontxeloa ikasteaz gain, harmonia eta konposizio ikasketak ere egin zituen.
 
«1915ean zuzendu zuen bere lehen abesbatza, eskolako lagunek osatutakoa. Bost urte geroago emakumezkoen Coro Vergel sortu zuen, eta 1930ean Orfeon Gijones izeneko abesbatza», laburbildu du Zubimendik. Asturiasko Orkestra Sinfonikoaren sortzaileen artean izan zen eta baita bertako kide 1946ra arte. Urte horretan, oposaketa bidez, Pola de Sieroko musika bandaren zuzendari bihurtu zen. 
«Asturiasko musika munduan, ez abesbatzenean bakarrik, garrantzia ikaragarria du. Aipatzeagatik bakarrik, Covadongako Escolania esanguratsuko zuzendaria ere Embilen ikaslea izan zen», nabarmendu du Beheko Plaza Abesbatzako zuzendariak. 
 
Zuzendaria bakarrik ez, konpositorea ere izan zela du gogoan. «Gehienbat abesbatzentzako lanak sortu zituen, bai elijiozkoa, baina baita profanoa ere. 2006an bere lanen bilduma bat egin zen eta Zumaian bertan aurkeztu zuten, udaletxeko plenoa aretoan». 
 
1980an hil zen Embil eta 11 urte geroago bere omenezko lehen jaialdia antolatu zuten Pola de Siero bertan. «Lehen edizio hartan San Pedro Abesbatzarekin joan ginen eta orain, 25. urteurrenean, Beheko Plaza Abesbatzarekin joango gara. Hiruzpalau alditan izan gara jaialdi horretan (2014ean Amaia Aldalurrek zuzendutako San Pedro Abesbatza joan zen) eta Pola de Sierokoak ere bizpahiru alditan izan dira hemen. Azkenean, adiskidetasuneko harremana bihurtu zen».
 
Maiatzaren 22an, oroimenezkoa
 
Aurtengo memoriala, XXV.a, maiatzaren 22an hasiko da. Beheko Plaza Abesbatzak maiatzaren 25ean abestuko du. Hitzordu horretarako errepertorioa prestatu du dagoeneko zuzendariak. «Alde batetik, Embil beraren zenbait abesti kantatuko ditugu; memorial honetan parte hartzeko nahitaezko baldintza da hau. Gero, erlijiozko zenbait abesti ere kantatuko ditugu eta, nola ez, euskaldunak ere bai. Dugun onena eramango dugu».