Ekitaldiz jositako Europako Geoparkeen Astea aurkeztu da gaur eguerdian

Baleike 2017ko mai. 17a, 15:42

Europako Geoparkeen Astearen zazpigarren edizioa ostiraletik ekainaren 4ra egingo da. Ekitaldien artean maiatzaren 27an egingo den itsaslabarrak garbitzeko auzolana azpimarratu dute. Aurtengo egitaraua aurkezteko, Barriusoz gain, Oier Korta Zumaiako alkatea, Pedro Bengoetxea Debako alkatea eta Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkatea izan dira. Halaber, agerraldian parte hartu du baita ere Zumaiako GKN Driveline enpresako gerenteak, Txomin Oronozek. “GKN enpresarekin lankidetza eta eta partaidetza kolaborazio bat egin dugu, batez ere, maiatzaren 27an egingo den garbitzeko auzolanarekin”, esan du Barriusok.

Donostian ospatuko den ekitaldi berezi batekin emango zaio hasiera Europako Geoparkeen Astearen zazpigarren edizioari. Ekimen hori Europan egun dauden 69 geoparkeetan egingo da aldi berean; lurralde bakoitzeko ondare geologikoa, naturala eta kulturala herritarrei gerturatzeko helburuarekin. “Gure nahia Geoparkeak antolatzen dituen ekintzak kalera ateratzea da. Bide batez, herritarren sentsibilizazioan eragin nahi dugu, eta ingurumenaren garrantzia berretsi”, adierazi du Leire Barriuso, Geoparkeko gerenteak.

Edizio honetako lehen ekimena Donostian izango da ostiralean. Olatu Talka jaialdiaren baitan kokatuko da ekitaldi berezi hori. “UrbanZientzia karpan izango da. Ekitaldi berritzailea izango da, izan ere, zientzialariek eta kultur sortzaileek bat egingo duten ikuskizuna izango da”, adierazi du. Hitzaldi zientifiko laburrak egoteaz gain, musika, antzerkia, bertsoak eta marrazkia uztartuko dira.

Garbiketa auzolanean

Ekitaldien artean, maiatzaren 27an burutuko den itsaslabarren garbiketa azpimarratu nahi izan du Barriusok. “Herritarrei zabaldu nahi diegu egun horretako ekintza. Elorriagan egingo da eta 100 boluntario beharko dira”, nabarmendu du. Egitasmo honekin bi helburu bete nahi ditu Geoparkeak. “Alde batetik, garbiketa burutzea. Hau da, naturgune babestuaren garbiketa bultzatzea, eta beste aldetik, herritarrak ingurune horrek duen ingurumen balioaz jabetzea”. Lan honetarako, besteak beste, GKN enpresaren laguntza izango da. Txomin Oronozen hitzetan, “ingurumenarekiko konpromisoa zabaldu nahi dugu eta egokia iruditu zaigu gure lankidetza Geoparkearekin egitea. Bide batez, pertsona itsuen aldeko ekintzetan lagunduko dugu; adibidez, Algorri Interpretazio Zentroan braile sistema eta audiogidak hobetzen”.

Ekintza honetan parte hartu nahi duten guztiek gutxienez 14 urte izan beharko dute. Horretarako izen-ematea ezinbestekoa da geoparkea@geoparkea.com epostara idatziz eta datu hauek adieraziz: izen-abizenak, NAN zenbakia, jaiotze-data, eposta eta telefonoa. “Elorriagara joateako autobus zerbitzua jarriko dugu. Goizeko 08:30ean aterako dira Debatik, Alamedatik, eta Zumaiatik, GKN enpresatik”.

Ekitaldi ugari, publiko zabalari begira

Europako Geoparkeen Astean hitzaldiak ere izango dira. Hala, maiatzaren 30ean eta 31ean eta ekainaren 1ean. Lehendabiziko hitzaldia ‘Mutrikuko ammonite erraldoiak’ izenekoa izango da Mutrikuko Nautilus Interpretazio Zentroan, 19:00etan.

Maiatzaren 31ean Xabier Peñalver arkeologoak ‘Praileaitz’ hitzaldia emango du, eta ekainaren 1ean Leire Arrieta historiagileak ‘Erbesteko lehen Eusko Jaurlaritza’ izango du mintzagai. Bi hitzordu hauek Zabielen izango dira, Mutrikun, 19:00etan.

“Gazteenak ere ez ditugu ahazten eta marrazki lehiaketa egingo dugu. ‘Labarretako izakiak’ izango da gaia eta ekainaren 2an izango da sari banaketa”, adierazi du Barriusok. Horretaz gain, hainbat irteera izango dira. Adibidez ‘Lastur familian’, ‘Flysch & Go’ proiektuaren irteera...

Gainera, hamabost egun hauetan, argazki lehiaketa jarriko da martxan sare sozialetan. ‘Zer da zuretzat Geoparkea?’ gaitzat hartuta, eta #Geoparkea traola erabiliz, Twitter eta Instagramen argazkiak partekatzen dituztenek sariak irabazteko aukera izango dute.

Geoparkeko Batzorde Zientifikoaren bilera

Europako Geoparkeen Astearekin batera, ostiralean, 11:30ean, Debako Agirre Jauregian, Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkeko Batzorde Zientifikoaren Lehen Topaketa egingo da. Jakintza arlo ezberdinetan diharduten mundu osoko 29 adituk osatzen dute Batzorde Zientifikoa, Stanley Finney geologoa buru dutela, Kaliforniako Unibertsitateko irakasle eta IUGSeko Idazkari Nagusia (Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasuna). “Batzorde Zientifikoa funtsezko bitartekoa da Geoparkeari eduki sendoa eta balio erantsia emateko, baita interpretazio-diskurtso osoa eta erakargarria sortzeko ere”, amaitu du Barriusok.