TAO guneko lekuen margoketa hasi du Udalak

baleike 2017ko mai. 16a, 14:38

TAO sitemaren eta egoiliar txartelaren inguruko xehetasunak hilabete amaieran azalduko dituela adierazi du Udalak, hau da, dokumentuak behin betiko onespena jasotzen duenean. Hortik aurrera zehaztuko da non, nola eta noiz eskuratu ahal izango duten egoiliar txartela herritarrek.

Ekainaren 15ean lehenengo aldiz jarriko da martxan TAO sistema Zumaian, eta dagoeneko margoketa lanekin hasi da Udala moila inguruan. Kolore desberdinak erabiliz egoiliarren guneak, errotazio altukoak eta egonaldi ertainekoak bereiziko ditu Udalak datozen egunetan. 

Era berean, bihar amaituko da ordenantzari alegazioak aurkezteko epea. Behin guztiak landu eta aztertuta, Udalak maiatzaren 25ean egingo duen ohiko osoko bilkuran emango dio behin betiko onespena dokumentuari. Horrenbestez, hilaren azken astetik aurrera zehaztuko du zein izango den egoiliar txartela lortzeko prozedura.

Dena den, txartela eskatzeko garaian ibilgailua Zumaian eta norberaren etxebizitzan erroldatuta izatea ezinbestekoa izango da. Horregatik, prozesura arintzearren, beharrezkoa dutenek aldaketa hori lehenbailehen egitea gomendatu die Udalak. Halaber, izapide horiek guztiak udaletxean bertan edo internet bidez egin daitezke.

Amaitzeko, ekainaren hasieran Zumaiako etxeetara bidaliko den udal aldizkarian, herritarrek aparkamendu sistemaren xehetasun guztiak jaso ahal izango dituztela gaineratu du Udalak.