Koloneko minbizia hautemateko probaren prestakuntza egokiaren beharra azpimarratu du Rosa Azkue medikuak

Baleike 2017ko mai. 16a, 12:32

Koloneko minbiziaren prebentzio kanpainan bete betean murgilduta gaude, eta hori dela eta, Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak solasaldi mediko-gastronomikoa antolatu zuen maiatzaren 11ean Beheko Plazan. Bertan izan ziren Rosa Azkue medikua eta Andoni Txintxilla sukaldaria. Koloneko minbizia hautemateko probaren prestakuntza egokian jarri zuen arreta Azkuek, eta Txintxillak bere aldetik, elikadura osasuntsuaren aldeko aldarria egin zuen.

VI. solasaldi mediko-gastronomikoa egin zen pasa den ostegunean Beheko Plazako Hogarreko bigarren solairuan. Hitzaldiaren helburuak batetik, elikadura osasuntsuaren aldeko apustua egin, eta bestetik, koloneko minbiziaren proba egitearen garrantzia helaraztea izan ziren.

Hizlari nagusia Rosa Azkue mediku zumaiarra izan zen, eta koloneko minbiziaren jatorriaz eta zergatiaz hitz egiteaz gain, gaixotasun hori hautemateko probaren prestakuntzan jarri zuen arreta berezia.

Baina, non kokatzen da koloneko minbizia? “Heste lodian eta zuzenean ateratzen den minbizia da, hodi digestiboaren amaieran”, azaldu zuen Azkuek. Gizonezkoen kasuan, diagnostikatzen den hirugarren minbizia mota da prostatako eta biriketako minbiziaren atzetik. Emakumezkoen kasuan aldiz, ranking-eko bigarren postuan aurkitzen da, bularretakoaren atzetik. “Orokorrean 50 urtetik gora ematen den gaixotasuna da, eta generoan erreparatu gabe, minbizien artean bigarren postuan dago”, nabarmendu zuen.

Minbizia honen jatorria kolon deritzon hodian agertzen den polipoan aurkitzen da. Polipo hori hasieran hodiaren hormetan ateratzen da. “Handitzen joaten bada barrurantz hazten joaten da, eta asko handitzen bada, kanporantz ere atera daiteke. Horrek zer esanahi du? Inguruko organoetan eragin dezakeela, eta baita odolean ere”, azaldu zuen.

Minbizia mota honetan, zaindu daitezkeen arrisku faktoreak aurkitzen dira. “Faktore batzuk baina ezin dira ekidin.  Adibidez, adina, gizona izatea (gizonek errazago garatzen dute) eta familiako genetika edo herentzia bada”, esan zuen. Aldiz, zaindu daitezkeen arrisku faktoreak badaude, esaterako, sedentarismoa, gehiegizko pisua, alkoholaren eta tabakoaren murrizketa, eta elikadura. “Zainketan dago gakoa. Ariketa egin behar da, ibili, pisua zaindu, alkoholaren kontsumoa eguneko hiru kopetara murriztu, erretzeari utzi, zuntzean eta B6 bitaminetan aberastutako dieta egin”, adierazi zuen.

Sintomak azaltzen direnean medikura joatea garrantzitsua zela azpimarratu zuen Azkuek. “Hala ere, sintoma bakoitzarengatik ere ez dugu alerta jarri behar. Baina erritmo digestiboan aldaketak sumatzen baditugu, gorotzean odola ikusten baldin badugu, nekatuta eta anemiarekin aurkitzen bagara eta pisu dezente jaitsi badugu, komeni da anbulatoriora joatea”, azpimarratu zuen.

Prebentzio kanpaina

Otsailean hasi zen koloneko minbiziaren aurkako prebentzio kanpaina eta ekaina arte izango da. Kanpaina hori 50-69 urte bitarteko pertsonei zuzendutakoa da eta etxean jasotzen dute proba egiteko abisua. “Proba horrek positibo ematen badu kolonoskopia egiten diogu pazienteari. Honi esker momentuan ikusten da zer duen pertsonak eta kendu ere egiten da polipoa. Aurten 100 baino gehiago egingo dira, eta azpimarratu nahi dut ez duela minik ematen”. Izan ere, eta Gipuzkoako datuak begiratuta, oraindik biztanleriaren portzentaia batek ez du proba egiten.

Kolonoskopia egiteko prestakuntza txiki bat egin behar da, eta hain zuzen, prozesu horren garrantzia azpimarratu nahi izan du Azkuek. “Urtero egiten dugun kanpaina honi esker kontzientziazioa lortu da, baina orain pauso bat aurrerago eman nahi dugu. Proba hau egiteko prestakuntzaren egokitasunean jarri nahi dugu arreta. Izan ere, azken fase hau gaizki egiten bada, proba berriro errepikatu behar izaten da”, azaldu du. Prestakuntza honek suposatzen du proba egin baino hiru egun lehenago pertsona hori dieta espezifiko batean jartzea. “Ez da dieta konplikatua, eta azken eguna da agian zailena, gehienbat likidoarekin bakarrik egon behar delako”.

Hala ere, gustura agertu zen Zumaiako datuekin. Kanpaina honen lehendabiziko urtean, 2012an, %74ak hartu zuen parte, eta hauetatik %4ak eman zuen positibo. Gainera proba ez zuen errepikatu behar izan %93ak. “2014an adibidez parte hartzea handitu zen, %78 izan zen, baina proba dezente errepikatu behar izan ziren. Ez zen prestakuntza egokia egin, horregatik, aurten, gure helburua prestakuntzan arreta jartzea da”.

Kanpaina egiten hasi zirenetik ia urtero lau minbizia kasu eman dira Zumaian, eta gehienetan sendatuak izan dira. “Europa mailan onenetarikoak gara kanpaina mota honen deialdiari erantzuna ematen. Beraz, bide horretan jarraitu behar dugu”, nabarmendu zuen.

Elikadura osasuntsua

Solasaldiaren bigarren zatian, Andoni Txintxilla sukaldariak elikadura osasuntsuaren garrantzia azpimarratu zuen. “Gaur egungo janariaren industrializazioak ez du batere gure osasuna zaintzen, eta horregatik, amonaren janarira bueltatzeko beharra dago”, adierazi zuen. “Jaten duguna gara, eta horregatik, kontsumitzen dugun janariaren jatorria ezagutzeaz kontzientziatu behar gara”, jarraitu zuen. Garai bateko zapore eta gisatuetara bueltatzeko beharraz mintzatu zen Txintxilla. Etxeko produktuen erabilera ere goraipatu zuen, “eskura ditugun produktuak erabili behar ditugu”.

Andoni Txintxilla pintxoak prestatzeko unean.

Hala, hiru errezetaren berri eman zuen hitzaldiaren ondoren. Lehenik porruekin, patatarekin eta beste hainbat osagairekin egindako zopa bat aurkeztu zuen. “Asuna ere sartu diot, harrigarria izan daiteke askoentzat baina osasunerako ona da. Izan ere, garrantzitsua da oreganoa, albahaka, zerealak eta horrelako gehigarriak jartzea gure janariei”, esan zuen. Bigarren errezeta arrainarekin egin zuen. Berdela erabili zuen eta sumi erara prestatu zuen Japoniako ukitua emanaz. “Agian ez gaude hango elikadura estilora jaten ohituta, baina oso osasungarria da, eta berdelari alga batzuk gehitu dizkiot”. Amaitzeko, arroza egin zuen; arroza beltza barazkiekin.