«Berez naiz optimista, eta guztiari alde ona ikusten saiatzen naiz»

Baleike 2017ko mai. 15a, 12:20

Zumaiako kiroldegian egiten du lan Aitor Aulestiak. Kirola du ofizio eta afizio. «Nire lana pila bat gustatzen zait», dio irribarretsu. Espainiako Transplantatuen Txapelketa jokatu da Granadan duela bi aste eta emaitza ezin hobea lortu du: sei domina. Giltzurrunetatik bitan dago transplantatua Aulestia, eta Bartzelonan egon berri da errebisio batean. “Dena primeran daukat", kontatu du. 

Guztira sei domina lortu dituzu.

Igeriketan lau lortu ditut, bizikletan bat eta azkena paddelean. Urrezkoak bi izan dira, eta biak igeriketan, hain zuzen, 50 metro bular-igeriketan eta 50 metro bizkar-igeriketan. Brontzea 50 metro krol estiloan lortu nuen, eta azkenik, errelebotan, taldeka,  zilarrezkoa.

Bizikletan erlojuaren kontrako saioan hartu nuen parte eta bigarren izan nintzen. Azkenik, paddelean jardun nuen eta hirugarren izan nintzen.

Zer moduzko esperientzia izan da?

Oso ona. Guztira 140 kirolari elkartu ginen. Granadako Errendimendu Altuko Zentroan jaten genuen, lo egin ere bai… Betiko lagunak ikusteko aukera ezin hobea da, gainera. Batzuk falta dira, beste batzuk transplantatutako organoa galdu dutela enteratzen zara… Baina beno, egia esan ez dugu horrelako gauzez hitz egiten.

Bi urtetik behin Munduko Txapelketa izaten da. Aurten Malagan izango da.

XXI. edizioa izango da. Kasualitatez ezin dut joan, baina 55 herrialdeetatik 2.000 transplantatu baino gehiago etorriko dira. Aurrez, Munduko Txapelketa dezentetan parte hartu izan dut: Japonian, Australian, Malasian, Italian, Ingalaterran… 1997an adibidez, Sidneyko txapelketan bigarren izan nintzen bizikletarekin.

Bi aldiz zaude transplantatua. Lehenengoa 1987an izan zen.

Egun batean lotara joan eta hurrengo egunean bi giltzurrunak geldirik nituen. Lupusa izan nuen.

Sei urtez egon nintzen dialisia egiten. Anaiak eman zidan giltzurruna, eta berriro jaio nintzen. Bartzelonan egin genuen operazioa. Garai hartan hemen ez ziren oraindik pertsona bizidunen arteko transplanterik egiten.

Bigarren kolpea 2007an jaso zenuen. Anaiaren giltzurrunak nahikoa zela esan zizun.

Hogei urtez nirekin egon ondoren galdu egin nuen, nekatzen hasi zen. Berriro hasi nintzen dialisia egiten.

Lehenengo aldi hartan bezala, Bartzelonara joan nintzen eta emazteak giltzurruna emango zidala esan zidan. Arrebak ere probak egin zituen baina emaztearena egokiagoa zela esan zuten medikuek. Azkenean, 2009an egin zidaten transplantea.

Gaixotasuna modu positiboan hartu duzu beti, ezta?

Hala da. Ni pertsona positiboa naiz, berez. Gauzei alde ona  ikusten saiatzen naiz. Eta bide honetan familiakoen animoek eta kirolak lagundu egin naute. Nire egoeran,  optimismoak askotan salbatu nau. Buruak lan asko egiten du eta horri kontra egin behar zaio. Bizitzaz gozatzen jakin behar da.

Transplantatuok bizitza beste ikuspegi batetik begiratzen dugu, eta momentu guztiak aprobetxatzen saiatzen naiz. Nik badakit nire errealitatea zein den: makina bati lotuta egotea edo transplantatua izatea. Baina onartuta daukat. Garrantzitsua da pentsamendu hori izatea.

Emailearen egoera zer moduzkoa da?

Nire anaia, eta baita nire emaztea ere, ongi errekuperatu ziren operaziotik. Hala ere gogoratzen dut nire anaiaren giltzurruna jaso nuenean ni bigarren egunerako zezen txiki baten moduan jarri nintzela eta berak aldiz beherakada bat izan zuela.

Horretaz gain, alde psikologikoa ere landu behar da. Emailearentzat ez da egoera erraza, eta nire moduan, urtero errebisio bat ere pasa behar izaten dute.

Zer moduzko bizi-kalitatea daramazu?

Oso bizi-kalitate ona daramat. Kirola ere pertsona normal bat bezala egiten dut. Hau da nire mezua hain zuzen ere: nahiz eta transplantatua izan, bizi-kalitate ona izan daitekeela.

Gainera bigarren mezu bat ere esan nahiko nuke. Oso garrantzitsua da emaile izatea. Giltzurrunen kasuan esaterako, bakar batekin bizi diren milaka pertsona daude munduan. Zerbait gertatu daitekeela? Noski baietz, baina beste edozein istripu ere izan dezakezu. Esan nahi dudana da ez dugula hori pentsatu behar. Egia da askotan familian tokatu arte ez zarela konturatzen, baina garrantzitsua da emaile izatea. Hau azpimarratu nahiko nuke.

Bizitza ohiturak aldatu dituzu?

Ez. Nire bizitza familia, umeak eta kirola dira. Hemendik urte batzuetara ez dakit aukerarik izango dudan kirola orain bezala egiteko, orduan, nire gorputzaren mantenua asko zaintzen dut. Baina pozik bizi naiz. Nire hiru bilobak dira nire bizi poza.  Hain zuzen beraiei oparitu dizkiet hiru domina.