Udako futbol txapelketetan izena emateko epea zabalik dago

Baleike 2017ko mai. 15a, 10:08

Zazpiko futboleko eta areto futboleko txapelketetan izena emateko epea zabaldu du Kirol Patronatuak. Ekainean hasi eta uztail amaieran bukatuko dira bi txapelketak.

Zazpiko futbolari dagokionez, maiatzaren 29ra arte eman daiteke izena, Lubaki kiroldegian. Hurrengo egunean, maiatzaren 30ean, bilera egingo dute antolatzaileek eta taldeek kiroldegian, 19:00etan, txapelketaren nondik norakoak azaltzeko. Hamasei urtetik gorakoek har dezakete parte. Txapelketa ekainaren 1ean hasiko da eta finalak uztailaren 21ean jokatuko dira. Egunero sei partida jokatuko dira, 19:00etan hasita. Aurrena ligaxkak jokatuko dira eta ondoren kanporaketak, Ligakoak eta Kopakoak. Iaz 58 taldek eman zuten izena.

Areto futbolean neskek har dezakete parte. Izena emateko epea zabalik dago, ekainaren 8ra arte. Bilera ekainaren 9an egingo dute, Lubakin, 19:00etan. Txapelketa ekainaren 12an hasiko da eta finalak uztaileko azken astean jokatuko dira. iaz zortzi taldek hartu zuten parte.