'Sweeney', bizargin hiltzailearen inguruko komedia musikala, bihar, Aita Marin

Baleike 2017ko mai. 11a, 09:42

Antzezlan desberdina, berezia, ikusteko aukera izango da bihar, 22:00etatik aurrera, Aita Mari zinean. Londreseko Fleet Streeteko bizargin hiltzailearen istorioa kontatzen duen Sweeney antzezlana ekarriko du Eromen taldeak Zumaiara. Sarrerak 5 euroan daude aurrez salgai turismo bulegoan. 

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan ikusleen saria eskuratu zuen iaz Sweeney komedia beltz musikalak. Stephen Sondheim-en Sweeney Todd musikal ezaguna, eta Tim Burtonek pelikula bihurtu zuena, oinarri hartuta, Amancay Gaztañagak euskaratu, egokitu eta zuzendu egin du. Aurpegi askoko artista dugu Amancay zestoarra, Zumaian sabel-dantza ikastaroak eman ditu batez ere, baina mila saltsatan aritzen da: musika (Grises taldean), antzerkia (Soinujolearen semea besteak beste) antzerki eskolak…

Oraingoan Zestoan ikasle izandako Zumaia, Zestoa eta Azpeitiko antzezleekin egindako lana dakar. Oholtza gainean eta zuzeneko musikarekin kantuan, honako aktore hauek:  Eider Iturralde, Goizane Barroso, Lorea Alberdi, Mirari Astorkia, Mireia Galarza, Amaia Odriozola, Maialen Kortadi, Edurne Errasti, Maider Arsuaga, Estitxu Elduaien, Erika Olaizola, Anne Uria, Inma Izeta, Xanti Arrizabalaga, Mikel Ibarguren, Ainhoa Casina, Juan Alberto Gaztañaga, Ekain Ibarguren, Maria Blanco eta Manolo Gaztañaga.