baleike.eus

Laia Bedos: “Marrazkiaren eta gorputzaren mugimenduaren bidez adierazten eta sortzen ikasiko dugu”

Baleike 2017-05-10 12:47   Kultura

Arte Ederretan lizentziatua, marrazkia eta mugimenduaren inguruko ikerketan murgilduta bizi da Laia Bedos artista kataluniarra. Hamar urtez Euskal Herrian bizi ondoren, berriro ere Blanesen (Gironan) bizi da, jaioterrian. Larunbatean Zumaian izango da Astinduren Maiatza Dantzan ekimenaren baitan ‘Mugimendua eta marrazkia’ tailerra ematen.

‘Mugimendua eta marrazkia’ izena du tailerrak. Zer landuko da bertan?

Gorputza oinarri hartuta, adierazpena eta jolasa landuko dugu. Horrela, adierazpen jolasak egingo ditugu gorputzarekin, marrazkiarekin eta trazuarekin.

Zein metodologia erabiliko duzue? Eta, zein material?

Pauta eta joko erraz eta sinpleetatik abiatutako metodologia erabiliko dugu. Edozeinek egiteko ariketak izango dira. Guztiok barnean dugun jakinduriatik hasi eta kreatibitatea landuko dugu. Tamaina txikiko eta handiko paperak ipiniko ditugu lurrean eta arkatzekin, margoekin, pintzelekin eta argizariekin jolastuko dugu.

Zein da tailerraren helburua?

Norbere buruarekin konektatzea da helburua, eta era berean, jokoarekin eta adierazpenarekin. Libre eta bizirik sentitzea da kontua. Momentu batez zoriontsu izatea!

Zer gaitasun lortuko ditu edo zer ikasiko du tailerrean parte hartzen duenak?

Marrazkiaren eta gorputzaren mugimenduaren bidez adierazten eta sortzen ikasiko dugu, eta bidez batez, norbere buruarekin gustura sentiaraztea. Tailerrean parte hartzen duenak ikasiko du, edo gutxienez konturatuko da marrazkiaren, pinturaren, gorputzaren mugimenduaren eta jolasaren bidez adierazteko gai izango dela. Marrazki eta pintura abstraktua hartzen dut beti oinarri. Ez da zertan ongi marrazten jakin behar! Niretzako ez dago ezer gaizki edo ongi. Adierazpena da garrantzitsuena. 

Hiru urtetik aurrerako tailer bat da, familian egitekoa. Zergatik? Zer lortzen da familian lantzerakoan?

Familian egiteko ikastaroen bitartez lortzen da guztiok umeak izatea, hau da, jolasteko eta sortzeko gogoak izatea. Orokorrean gustura eta zoriontsu irteten dira ikastaroetatik, izan ere, jolasa zoriontasuna da. Azken finean guztiok gara haurrak. 

Arte Ederren mundutik zatoz, Laia. Nola lotzen duzu marrazkia edo pintura kasu honetan, mugimenduarekin? Alegia, marrazkia eta mugimendua bateragarriak dira?

Marrazkia eta keinua mugimendua da berez. Eskua paperean edo mihisean mugitu egiten da. Trazu bat egiteko ere mugimendua behar da. Azken finean, trazua (marrazkia) eta keinua (gorputzaren mugimendua) oso elkarlotuak daude. Niretzako gauza berdinak dira. Dantza garaikidean jantzita nago eta marrazkia paperaren gaineko dantza bat bezala ikusten dut. Era berean dantza honela ikusten dut: modu ikusezinean gorputzarekin egiten den marrazkia.

Astindu dantza taldeak proposaturiko tailer bat da. Mugimendua, dantza al da? Zer da zuretzat mugimendua?

Dantza egiterakoan bakoitzaren gorputzak zerbait marrazten du. Niretzat dantza gorputz mugimendua da, eta marrazkia berriz, energia, bizitza, jolasa, adierazpena eta ongizatea.

Bitan banatu duzu ikastaroa. Zer egingo duzu saio bakoitzean?

Goizean, ipuin batetik abiatutako esperientzia bat izango da, non, guztiok elkarrekin bidaia bat egingo dugun. Arratsaldean jolasak eta ariketak egingo ditugu bikoteka. Baina esplorazio librea eta bakarkakoa egiteko denbora ere emango dut. Ikastaroaren helburua marraztuz eta dantzatuz ongi pasatzea izango da. Horretarako, lurzoruan eta hormetan papera egongo da jarrita. Bertan marraztu eta mugitzeko aukera izango da. Gizakiarentzat oso atsegina da bertan jolas egitea, eta ez da aukera hori askotan izaten.

Helduekin zailagoa al da gai honen lanketa egitea? Aurreiritziengatik, lotsagatik...

Nire ikastaroetan ez da ezer zaila izaten, beti azpimarratzen dut hori. Nire tailerrak oso egokiak dira aspaldian marraztu edo dantza egin ez duten pertsonentzat, eta baita, esperientzia edo maila jakin bat dutenentzat ere. Guztientzat da egokia.

Zer behar da tailer honetan parte hartzeko?

Gorputza behar da, besterik ez. Horrekin batera zikintzeko arropa zaharra eta esperimentatzeko eta ongi pasatzeko gogoa. Beste guztia nik ekartzen dut! Guztiak izango dira ongietorriak eta beti azpimarratzen dut gustukoa ez duen gauzarik ez duela egingo inork. Hau da, inor ez da zerbait egitera derrigortua izango. Errespetua dago guztiaren gainetik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa