Herriko irisgarritasuna bermatzeko helburuarekin ‘Zumaia irisgarria’ taldea sortu da

Baleike 2017ko mai. 9a, 16:15

Taldearen lehenengo eginkizunetako bat, herriko puntu egokiak eta desegokiak zehaztuko dituen planoa zehaztea da. “Oraindik lanean gaude, baina laster argitaratuko dugu”, aipatu dute taldeko kideek. Herritarrentzat ez ezik, turismorako ere baliagarria ikusten dute.

Jose Manuel Mantzisidor eta Angel Espinoren arteko WhatsApp-eko konbertsazio batetik hasi zen taldea sortzeko ideia. Elkarrizketa hartan, herriko mugikortasun arazoez hitz egiten hasi ziren, eta horrekin batera, herritarrengan ikusten zuten kontzientziazio ezaz. “Jendeak ez du asmo txarrez egiten, baina ez da konturatzen esaterako nolako oztopoa eragin dezakeen gaizki aparkatutako bizikleta batek. Sentsibilizazio edo kontzientziazio hori falta da”, aipatu du Espinok.

Mantzisidorrek, bere aldetik, Facebook-eko perfilean Patxita Etxezarreta kaleko hainbat argazki igo izan ditu. “Kale horretan adibidez behin baino gehiagotan erori izan naiz azeraren egoera dela eta”, aitortu du. Mari Carmen Aizpuruaren egoera ere ez da batere ona. Iktusa izan zuen alaba bat dauka eta ordutik gurpildun aulkian ibiltzen da. “Arazo larriak ditugu alaba kalean ibiltzeko eta baita portalean sartzeko ere. Pare bat aldiz kexatu gara udaletxean baina ez digute kasurik egin”, esan du.

Hain zuzen, Udalaren partetik erantzun bat jasotzea da taldearen nahia. “Gure helburua da herri irisgarriagoa lortzea guztientzat. Orain dela hiru aste udaletxeari proposamen bat bidali genion, batez ere Etxezarreta kaleko arazoan zentratuz. Ikusten dugu hor dauden arazoek presa dutela konpontzeko. Baina ez dugu erantzunik jaso”, adierazi du Aitor Tenak. “Jende asko igarotzen den lekua da. Azera eta oinezkoentzako pasaguneak ez dira egokiak, zaharkituak daude”, jarraitu du Espinok.

Udalaren aldetik sentsibilizazioa bilatzen dute. “Inplikazioa nahi dugu. Ez dugu esaten borondaterik ez dagoenik, baina irisgarritasuna bermatuko dituzten erabakiak falta direla sumatzen ditugu. Adibidez osasun zentro berrian dagoen lurzorua ez da batere egokia gurpildun aulkiak pasatzeko, edo bastoiarekin ibiltzeko. Galtzada-harrien arteko desnibela oso handia da eta horrek ibili ezina izatea eragiten du”, esan du Espinok.

Mantenua da beraz ardatza. “Egia da nahiko herri irisgarria dela baina zaindu egin behar dira hainbat toki. Mantenua egitea beharrezkoa da, eta mantenu horrek egokia izan behar du”, jarraitu du.

Guztientzako plano erabilgarria

Talde sortu berri honen lehendabiziko eginkizuna Zumaiako plano bat egitea izan da. Oraindik lanean dabiltza, baina bertan, hainbat puntu markatu dituzte. “Oraingoz 14 puntu zehaztu ditugu. Alde batetik gaizki dauden tokiak jarri ditugu, beste aldetik ez hain gaizki daudenak baina konpontzea merezi dutenak, eta bukatzeko ongi dauden tokiak. Azken hau azpimarratu nahi dugu, izan ere, badaude ongi dauden lekuak ere”, nabarmendu du Tenak.

Herritarrentzako baliagarria izateaz gain, bigarren erabilera bat ere eman nahi die planoari. Udarari, eta turismoari begira batik bat, zerbait erabilgarria izatea nahi dute. “Planoak banatzeko ideia daukagu, edo gutxienez turismo bulegoan jartzea da nahia. Hala, kanpotik etortzen den jendearentzat baliagarria izateko”, aipatu du Tenak.

Mapa osatzeko, herritarren iritzia hartu nahi dute kontuan. Horretarako, laster, inkesta bat argitaratuko dute. “Jendearen iritzia jakitea da ideia, eta parte hartzera bultzatu nahi ditugu herritarrak. Erreferentzia izan nahi dugu herrian. Hau da, norbaitek bere arazoa azaldu nahi badu, guregana jo dezake inongo arazorik gabe, eta guk lagunduko diogu. Horretarako, gure Facebook orrialdean edota zumaiaaccesible@gmail.com helbidera idatzi dezakete”, adierazi du Espinok.