Txapelketen astea

Baleike 2017ko mai. 9a, 13:11

Pasa den larunbatean taldekako erlojuaren aurkako txapelketak jokatu ziren Irunen. Bertan izan ziren Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkarteko gazteak. Arritxu Iribarrek egin du jardunaldi horretako kronika.

Taldekako erlojuaren aurkako txapelketak jokatu dira asteburu honetan Irunen; datorren larunbatean, berriz, iraupeneko Gipuzkoako txapelketak jokatuko dira Ataunen. Hitzordu hauetara ilusioz eta gogoz gainezka heldu dira Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkarteko kideak, ondo prestatu eta sasoiko ere bai.

Joan den larunbatean, Irunen, infantil mailan, 30 talde izan ziren parte hartu zutenak. Horien guztien artean bederatzigarren sailkatu ziren Vivero San Anton-Zumaiako T.E.ko txirrindulariak. Lan oso ona egin zuten. Aintzakotzat hartu behar da Kimetz Etxabek erorikoa ere izan zuela; zutitu, lasterketan segi, eta taldekideei laguntzan jardun zuen emaitza onenaren bila, baina, eroriko horretan denbora galdu zen. Minutu eta 21 segundo atera zion Irungo talde irabazleak Zumaiako taldeari. Boskotea Aitor Agirrek, Kimetz Etxabek, Roman Zabaletak, Heiko Mateosek eta Aritz Eizagirrek osatu zuten.  Bestalde, Maddi Etxabe oikiarrak talde mixto batean parte hartu zuen, astea gaixorik eman ostean eta, hala ere, bere taldeko indartsuena izan zen, erantzukizuna beregain hartuta.

Alebin mailan 19 talde izan ziren parte hartzen, eta Zumaiako talde mixtoak 13. sailkatzea lortu zuen; Oriako irabazleak 46 segundo atera zizkion. Alebinen taldea Garazi Bergarak, Lizar Tolosak, Yuri Urbietak eta Anuk  Gogenolak osatu zuten. Taldekako erlojuaren aurkakoa teknikoki oso zaila da: erreleboak txukun eman, indarrak neurtu, norberarenak eta taldeko besteenak… Hala ere Viveros San Antongoek ederki bete zuten eginbeharra. Ikasteko adinean dira eta urratsez urrats txirrindularitzaren arlo guztiak ezagutzen ari dira.

Larunbat honetan Gipuzkoako Txapelketak jokatuko dira Ataunen eta lehen helburua finalerako sailkatzea izango da, behin hori lortuta, podiumerako borrokan sartzeko.