Juan Luis Blanco tipografiei buruz hizketan maiatzeko Baleike aldizkarian

Baleike 2017ko mai. 9a, 11:41

Aste honetan banatuko dugu maiatzeko Baleike aldizkaria. Juan Luis Blanco tipografia egileari eman diogu azala. Harri izeneko letra tipo baten egilea da zumaiar hau eta, beste proiektu batekin, Type Directors Club erakunde prestigiosoak sari bat jaso berri du.

Aldizkariko erreportaje nagusia 1970eko hamarkadan Sakonetan egin nahi izan zuten zentral nuklearrari eskaini diogu. Orduko Iberduerok egin nahi izan zuen zentralaren inguruko liburu bat argitaratu dute orain gutxi eta liburuaren egileetako bat elkarrizketatzeaz gain, Zumaian zentralaren aurka izan zen mugimenduan parte hartu zutenekin eta lurra desjabetu zioten baserritar batekin ere hitz egin dugu.

Gaur egun jarduerarik ez duten trenbideen inguruko ikerketa bat egin du Arri Eizagirre arkitektoak. Turismorako eta aisialdirako erabiltzen dira ingurune hauek. Eizagirreren esanetan, beste jarduera batzuek ere izan ditzakete. Horren inguruan hitz egin du elkarrizketa batean.

Aldizkaria aste honetan bertan banatuko dugu. Bazkideek etxean jasoko duzue; besteok ohiko saltokietan izango duzue salgai euro batean.