Arritokietako Ama Birjina osasuntsu itzuli da bere kokalekura

Baleike 2017ko mai. 2a, 10:59

Pasa den azaroan kendu zuten Arritokietako Ama Birjina erretaulan duen txokotik berriztatua izateko. Harekin batera taula flandriar bat eta bi koadro ere eraman zituzten. Behin berritze lanak eginda, irudia bueltan da ermitan, ostegunean egingo den Ama Birjinaren Koroatzearen bezperan.

Gaur goizean itzuli dute irudia bere txokora. Osasuntsu eta aurpegi garbiarekin bueltatu da egindako lan guztien ondoren. Rakel Nacentak eta Idoia Idigorasek egin dituzte berritze lanak. 

Pasa den azaroan kendu zuten irudia ermitako erretaularen erdian duen espaziotik. Harekin batera taula flandriarra eta ermitako hormetan zeuden bi koadro Durangora eraman zituzten. Bost aste inguruan hutseko ganbera batean egon dira xylofagoen (pipiaren) aurkako tratamendua jasotzen. Durangotik bueltan, Arritokietako sakristian egin dituzte berritze lanak.

Lehenbizi, kaltetuena zegoelako, Santa Katalina eta Santa Barbararen taulan egin dituzte lanak. Baina, jakinda maiatzaren 4rako, Ama Birjinaren Koroatze egunerako, irudiak bere lekuan egon behar zuela, harekin hasi ziren lanean buru-belarri.

Arritokietako Ama Birjinaren irudia XVI. mendekoa da eta, Miguel Angel Urangaren esanetan, Gipuzkoako zaharrena. Azken berriztatze lanak 1975ean egin zitzaizkion, Santillana del Marren (Kantabria). "Egurra nahiko egonkortuta zuen, baina urre koloreko margoekin kontuz ibili behar zen, eskuan geratzeko arriskua zegoen eta. Zeharkako zenbait pitzadura ere bazituen eta horiek eta zituen beste zulo batzuk ere estali ditugu. Gero, polikromia garbitzen aritu gara eta baita puskatuta zeuden zenbait zati ere berriro jartzen. Adibidez, haurraren esku txiki bat eskutan geratu zitzaidan", azaldu digu Rakelek. 

Kontu handiarekin aritu dira lan hauek egiten. "Irudiak sortu zuteneko teknikak mantentzen ditu. Garbitzeaz gain, gainetik egindako margotzeak kendu ditugu". Berritze lanetan teknika desberdinak erabili dituztela esan digu: "Ama Birjinaren jantzian laka gorriaren teknika erabili dugu. Aurraren pardelean, berriz, estofado deritzon teknika. Marrazkia margoa harraskatzen ateratzen da". 

Irudia bueltan da dagoeneko. Goizean Arritokietako ermitara inguratu direnak horretaz ohartu dira. Osteguneko elizkizunera (19:00etan) hurbiltzen direnek hala ikusiko dute.