Iñigo Garcia: “Pelikula baten kontestuan bizitza erreala sartzen saiatu naiz”

Baleike 2017ko api. 26a, 08:53

Arkitektoa lanbidez, Iñigo Garcia Big Boy taldeko kidea ere bada (bereak dira abestien hitzak) eta zenbait film labur ere zuzendu ditu. Bi txirula da idatzi eta zuzendu duen lehen film luzea. Pelikula amaitzeko, soinu eta kolore lanak egitea falta zaio. Edo hala izango delakoan dago.

Elkarrizketa San Jose kalean duen arkitektura bulegoan egin dugu, kafe huts batzuk lagun ditugula.

Zenbait film laburren egilea zara eta hau duzu zure lehen film luzea. Pauso handia da hau.

Big Boy-ren dokumentala egin nuenean [lehen diskoarekin batera DVDan argitaratu zuten film laburra], gidoia idatzi nuen eta ez nekien zenbat iraungo zuen. Lehen montajea egin nuenean, moztu aurretik, 40-45 minutuko iraupena zuen. Hor ikusi nuen ez nengoela film luze batetik hain urruti. Gero, Tabakaleran zine garaikideko zikloak eman dituzte eta pelikula horien zuzendariak ere etorri izan dira. Zuzendari horiek zioten pelikulak egiteko 15-16 egun behar izan zituztela. Diruaz ere hitz egin zuten eta batek esan zuen 12.000 eurorekin egin zuela berea; beste batek, berriz, 8.000 euro behar izan zituen. Tarte horretan zebiltzan eta proiektuak duinak ziren. Ikusi nuen proiektuak atera zitezkeela. Ilusioa ere banuen eta animatu nintzen. Pixka bat ero-eroan izan zen, pentsatu gabe zer aterako zen. Lehen irudi batzuk grabatu nituen, probatzeko, baina pentsatuta, agian, gero pelikulan sartuko nituela, eta hor ikusi nuen oinarri bat bazegoela eta pertsonaiek ere funtzionatzen zutela.

Zein dira aktoreak?

Jon Tronbon Elizaldi eta Iker Hazas. Jon nire tronboi irakaslea da. Berpizkundeko musikaren disko bat atera zuen (Berpizkundeko euskal musika, 2014) eta egin zioten elkarrizketa batzuk entzun nituen irratian. Kristorenak ziren. Grazia du eta pentsatu nuen Ikerrekin batera bikoteak funtzionatuko zuela. Gidoi ireki bat izatea nahi nuen, beraien harremana garatzeko. Gero, pelikula ixten joan da. Grabatzea oso zaila izan da: Jonek posible zuen asteburuetan eta ostiraletan, egun horretan klaserik ez duelako; Ikerrek, berriz, asteburuetan ezin zuen, lana zuelako. Ostiralak eta opor egunetan bakarrik neukan grabatzea. Pentsatu izan dut denbora gehiago joan zaidala produkzioan, denon egutegiak bat egiten, errodajean bertan baino. Gerrilla moduan izan da, bertigo handiarekin. Lokalizazioak garbi nituen eta estruktura batzuk ere idatzi nituen. Baina elkarrizketak grabazioa baino pixka bat lehenago idatzi nituen. Canfrancen (Huesca, Aragoi) grabatu behar genuen eta zer egunetan errodatuko genuen lotutakoan, hara joan nintzen. Bi egunetan egon nintzen pentsatzen zer kontatuko nuen. Hurrengo egunean grabatu behar genuen, baina ez nekien zertaz hitz egin behar zuten.

Pelikula askotan gidoilaria errodajean egoten da, gidoia berridazten.

Bai, pixka bat horrela izan da. Ondo egon da; nik ongi pasa dut. Pelikula batzuen produkzioa eta tamaina ikusita, askotan beldurra izaten duzu.

Bi txirula du pelikulak izenburua. Zer kontatzen duzu?

Ez dut spoiler bat egin nahi... Ez dira gauza asko gertatzen. Bi pertsonak egiten duten bidaia kontatzen da, leku hobe baten bila, kontestu atenporal batean.

Produkzio hau zuk zeure kabuz egin duzu? Zure poltsikotik ordainduta?

Laguntzak izan ditut. Txipiren [Jose Luis Barredo] Berde Produkzioakek grabazio guztia ez, baina ehuneko handi bat egin du; beste grabazioetarako beste pertsona batzuk kontratatu ditut. Audioko lanak batzuetan anaia Jonek egin ditu, baina beste batzuetan, anaia aktore sartu dudanez [barrea ateratzen zaio], beste bat ekarri behar izan dut.

Teknologia digitalak ikaragarri merketu du zinea egitea. Zurea bezalako proiektu batean berebiziko garrantzia izango du, ezta?

Bestela ezinezkoa izango litzateke. Aurrekontu bat nuen eta beste batzuentzat gutxi izango bazen ere, niretzat asko zen. Lokalizazio bakoitzean grabatu behar nuena ondo pentsatuta nuen, agian pelikularen espirituaren aurka joango bazen ere. Preparatu gabe joan eta probak egiten hasi izan banintz, agian ezin izango nuen amaitu grabatzeko izan ditudan 15 egun hauetan. Beste pelikula bat aterako litzateke, agian hobea, agian okerragoa.

Zuri ordu eta erdikoa atera zaizu. Tabakalerako zine arduradunarekin hitz egin zenuen eta hark laburtzeko proposatu dizu.

Bai. Atzo Tabakalerako arduradun honekin hitz egin nuenean, esan zidan berak proba bat egingo zuela. Ez zidan esan pelikulak dagoen bezala ez zuenik funtzionatzen. Zine asko ikusi du eta zioen gustura ikusiko zuela halako pelikula bat formatu motzago batean. Esan nion nik ideia bat nuela eta gero, montajean, iraun behar zuena iraungo zuela. Ordubete izan edo hiru ordu izan. Inork ez dit dirurik eman hau egiteko eta alde horretatik askatasuna dut. 85 minutuko iraupena du eta berdin zait 65 minutura jaistea. Baina, hori bai, helburu batekin. Eta helburu hori ez badu...

Zenbait film labur egin dituzu eta Big Boy-ren dokumental faltsua ere bai. Han umore ‘arraro’ mordoa zegoen, nolabait definitzeagatik, surrealismo hitza urardotuta dagoelako. Bide beretik al doa lan hau?

Laburmetraiak egitea baino gutxiago kostatu zait pelikula hau egitea. Pelikulan libreago sentitu naiz. Beste erritmo bat dauka, hori argi dago; erritmo motel bat dauka eta gero, umore aldetik, dialogoak bide horretatik doaz. Badago umore hori. Batzuetan pasatu egiten naizela uste dut eta hemen agian pixka bat eutsi diot neure buruari? Bada, agian bai. 

Big Boy-ren dokumental faltsu hark, umore aldetik, frenorik ez zuen.

Hura alde batetik bestera zihoan. Hau bada eutsiagoa, baina baditu halako elementu batzuk. Kendu edo ez kendu, zalantzak izan ditut. Batzuen iritziz funtzionatzen zuen eta besteen ustez ez. Dorroni [Eneko Dorronsoro] erakutsi nion eta esan zidan hori ni nintzela, umore hori kenduta pertsonalitatea galduko zuela. Hori nik ere ikusten nuen eta zalantza horrekin ibili naiz. Pixka bat zuhurragoa izango da, zertxobait garbiagoa ere bai, agian, baina hau da niri ateratzen zaidana, baita gustatzen zaidana ere. Batzuetan pasatu egiten naizela? Bada, agian bai, ez dakit. Perspektiba ere galtzen da. Hasieran grazia egiten zidanak orain, agian, ez dit egiten, baina gogoratu behar duzu une hartan zerbait horrek grazia egin zizula.

Prozesua luzea izan delako galtzen da, agian, perspektiba hori?

Baina ez da luzea izan. Atzo Tabakaleran hizketan, galdetu zidan ea zenbat denbora neraman pelikula muntatzen eta esan nion urrian hasi eta Gabonetarako amaitu nuela. Berak esan zidan lagun batzuk hiru urte zeramatzatela beraien lanak muntatzen. Ni ez naiz hiru urtez muntatzen arituko. Azkenean bukatu egin behar da, bestela zoratuko zara eta.

Aurreko laburmetraietan bezala, hemen ere inguruko jendea izan duzu.

Bai. Plano batzuetan txalupa bat eraman behar zen eta hor ere Zumaiako lagun batzuk izan ditut: Josu Uranga, Iosu Aizpurua, Beñat Ibaieta eta Julian Otola. Zumaian lau egunetan grabatu genuen jarraian eta hori ere polita izan zen. Inoiz ez dut horrela lan egin. Film laburretan egun bat edo bi egiten nituen jarraian, baina hemen lauzpabost izan ziren. Esperientzia ondo atera zen eta eguraldiak ere lagundu zuen. Lainotuta zegoen eta hori argazkirako oso ondo zegoen. Txipik esan zidan sekulako zortea izaten ari nintzela. Azken egunean plano bat grabatu behar genuen eta euri tantak erortzen hasi ziren. Kandido Urangak hitz batzuk esan behar zituen eta perfektu egin zuen; lehen hartualdian grabatu genuen. Ondoren euria hasi zuen.

Ezagutzen duzun jendearekin lan egiteak segurtasuna emango dizu.

Niri bai. Oso lotsatia naiz eta asko kostatzen zait ezagutzen ez dudan norbaitekin lan egitea edo zerbait eskatzea. Ondo ezagutzen ditudan jendearekin lan egite horrek badu abantaila bat eta da badakitela zer eska dezakedan. Errodajera joan eta hori, behintzat, gaindituta izatea garrantzitsua da. Gero, beste gauza batez konturatu naiz, eta da errodajeak oso gogorrak direla. Luze joaten da eta zaila da dena kontrolpean izatea, dena ondo irteteko eta inor ez haserretzeko. Jendea ezagututa, behintzat, hori konponduta duzu. Alde txarra ere badu, konfiantza handiegia dagoela!

Iker eta Jon, Jon eta Iker. Zure ‘bikote bitxia’ al da?

Badago halako kontraste bat bi pertsona horien artean. Jon oso hiztuna da; Iker, berriz, isila. Izaera aldetik oso desberdinak dira, baina ondo konpontzen dira. Nik uste funtzionatzen dutela. Banekien irudi aldetik Ikerrek funtzionatzen duela. Ez dakit zer duen, baina kamerak maite du.

Zer erreferentzia edo zer lanek inspiratu zaituzte lan hau egiteko?

Erreferentzia garbiak Albert Serra kataluniarra eta Lisandro Alonso argentinarra dira. Naturan zehar doazen pertsonen pelikulak gustatzen zaizkit. Gero, Serraren dialogoetan oso identifikatuta sentitzen naiz. Bere zinean funtzionatzen zutela ikusi nuen. Situazio batzuk nola konpontzen dituen ikusi dut, baita planoak nola lotzen dituen ere. Zortzi bat pelikula nituen karpeta batean, denak bide batetik oinez doazen pertsonen ingurukoak. Road movie-en antzekoak dira, baina oinez. Nik hori egin nahi nuen, baina nire pertsonaiekin, Jonekin eta Ikerrekin, eta nire istorioarekin. Pelikula haiek hipnotikoak dira, amets batean sartuta egongo balira bezalakoak dira; nirea, zentzu horretan, gehiago da abenturazko bat bezala, baina abenturarik gabea. Erronka batzuk badituzte bidean. Akziozko pelikula izango litzateke, baina akziorik gabe! [barreak] Batzuetan absurdoak diren egoerekin ere egiten dute topo. Konbertsazio absurdoak ere badituzte. Bizitza errealean entzuten diren dialogoak dira, baina pelikula baten barruan absurdoak bihurtzen direnak. Pelikula baterako une indartsuak hartzen dituzu. Horri buelta ematen diot: pelikula baten kontestuan bizitza erreala sartzen saiatu naiz eta, horrekin, umorea sartzen ere bai.

Pelikula Gabonetan muntatu zenuela esan duzu. Gaur egun zer fasetan dago?

Atzo entzundakoaren ondoren, ez dakit! [barreak] Esan didan hori probatuko dut asteburu honetan eta ikusten badut ez nauela konbentzitzen, dagoen bezala utziko dut. Soinua egiten ari denarekin hitz egin dut, anaiarekin eta Txipirekin ere bai eta esan didate dagoen bezala uzteko. Baina Jonek ulertzen du froga hori egin nahi izatea, alde batera uzteko bada ere. Bestela, printzipioz nahiko bideratuta zegoen, bai audioa, baita kolorea ere. Bi hilabetetan edo bukatzeko asmoa nuen, baina orain ez dakit.

Eta behin bukatzen duzunean?

Ba hori ere ez dakit [barreak]. Banatzaile bat lortzeaz hitz egin nuen, baina iruditzen zait pelikula oso pertsonala dela eta merkaturik ez dagoela halakoentzat. Pelikula jaialdietan mugituko zuen norbait nahiko nuke, horrek ere lan handia eskatzen du eta. Laburmetraiekin ibili nintzen lan horiek egiten eta ez dakit energiarik dudan horretan hasteko. Iruditzen zait figura hori ez dudala aurkituko. Pentsatuko dut ea non ematea dagoen pelikula hau. Distribuzio aldetik disko batekin errazagoa da: Interneten jartzen duzu eta mugitzen da. Pelikula batekin desberdina da. Interneten ikus daiteke, baina justu pelikula hau ez dut uste han ikustekoa denik. Niri pantaila handi bat eskatzen dit.