SANTELMOAK

Gazteei zuzendutako prebentzio programa jarriko du martxan Udalak Santelmoetan

baleike 2017ko api. 19a, 14:01

Botiltzarra izeneko programa ibiltariaren helburua batez ere gazte eta nerabeen alkoholaren kontsumoa murriztea da. Bide batez kontsumo horrek sor ditzakeen arriskuen inguruan informatu eta kontzientziatzea ere lortu nahi da. Lehenengo aldiz gauzatuko da programa hori Zumaian.

“Iazko festetan, udaltzaingo zerbitzua zabaldu genuen, eta aurten, pauso bat gehiago eman nahi izan dugu. Horregatik, gure prebentzio kanpaina, batez ere, gazteen alkoholaren kontsumoa murriztean datza”, adierazi du Jon Iraolak, kultura eta festa zinegotziak.

Botiltzarra programaren bidez jai giroan alkoholaren kontsumoa eta kontsumo horrek sor ditzakeen arriskuak murriztea lortu nahi da. “Jakina dugu festetan alkohol kontsumoak nabarmen egiten duela gora, bereziki gazte eta nerabeen artean. Hori aintzat hartuz eta kontuan izanik, gainera, inguruetako gazte ugari ere etortzen direla gure herriko festez gozatzera, egokia ikusi dugu haien artean alkoholaren inguruko informazioa zabaldu eta kontsumoak sor ditzakeen arriskuen berri ematea”, aipatu du.

Apirilaren 22an eta 29an gauzatuko da kontzientziazio eta sentsibilizazio kanpaina hori eta horretarako Ai Laket! izeneko elkartea etorriko da Zumaiara. “Hainbat herritan burutu dute dagoeneko Botiltzarra programa. Tolosako inauterietan esaterako, eta baita Zarauzko Euskal Jaietan ere. Bertako Udalak gustura agertu dira erantzunarekin”, nabarmendu du.

Udaltzainekin koordinatuta, Ai Laket!-eko sei kale-hezitzaile izango dira festen bi larunbat gauetan, 21:00etatik 01:00etara. “Hezitzaile hauek hiru taldetan banatuko dira, eta gazteek botiltzarra egiten duten inguruetara joango dira beraiekin hitz egitera, alkoholaren kontsumoak ekartzen dituen ondorioak azaltzera, eta abar. Beraz, alkoholaren inguruko informazioa eta materiala banatuko dituzte: esku-orriak, ura, jana eta zabor poltsak.  Azken finean gaiaren inguruan sentsibilizazioa egitea da nahia”, adierazi du.

Guraso askoren kexak jaso dituztela aitortu du Iraolak. “Kezka handia dago herrian, eta Udalaren nahia horri erantzutea da. Gazteen ohiturak aldatzea da helburua, alkoholaren kontsumoa murriztea, eta bide batez ingurumenaren zainketa egitea”, aipatu du.

Iaz bezala, udaltzaingo zerbitzua eskainiko da 24 orduz aurten ere. Zerbitzu hori bi asteburutan izango da, hau da, apirilaren 21, 22 eta 23an eta 28, 29 eta 30ean. Gainera, indarkeria sexistaren aurkako sentsibilizazio lana ere egingo da. Horretarako, Ez, ezetz da lelopean pegatinak banatuko dira eta herriko tabernetan lelo bereko kartelak jarriko dira. Pegatinekin batera, puntu lila duten txapak ere eskuragarri izango dira Udalean, zein herriko saltoki edo tabernetan.

Prebentzioa urte osoan

Iraolak gogoratu nahi izan du prebentzioa ez dela bakarrik festetan kontutan hartu behar den zerbait. “Urte osoan egin behar den lanketa bat da, eta herritarrei gogorarazi nahi diet Udalak martxan duela prebentzio mahaia, non, haur eta gazteekin harremana duten herriko eragileek hartzen duten parte”.

Horrez gain, Guraso Eskolan lantzen da kontsumoaren gaia, eta herriko eskolekin elkarlanean, kontsumoetatik babesteko neurriak indartzeko eta ohitura eta jarrera osasuntsuak bultzatzeko programa desberdinak ere lantzen dira. Amaitzeko,  Gaztegunean prebentzio lana egiten da urte osoan zehar, 6 ikasturtez jarraian, kontsumoarekin zer ikusia duten gaiak landuz.