M7 ONTZIRATU

"Apirilaren 22an olatu handi bat sortzera goaz"

Baleike 2017ko api. 18a, 10:21

Maiatzaren 7ko herri galdeketari beste bultzada bat emango dion kalejira antolatu du Ontziratuk larunbat arratsalderako. Herritar guztiak deitu nahi dituzte, "jai giroan parte hartzera, tantaz tanta, denon artean olatu handi bat sor dezagun". Kalejira 19:00etan abiatuko da Arranplatik, eta Erribera kaletik joango da Beheko plazaraino.

Santelmoetako jai giroarekin bat egin nahi izan du Ontziratuk, maiatzaren 7ko herri galdeketa ere festa bat bezala irudikatzen dutelako. "Iruditu zaigu santelmoetako jai giroa garai ezin aproposagoa dela maiatzaren 7ko herri galdeketak eragiten duen ilusioa eta pozarekin uztartzeko. Pentsatu dugu interesgarria izan daitekeela herri osoari dei egitea elkartzeko eta olatu handi bat egiteko. Orain arte egindako lana ospatu nahi dugu, eta herritar bakoitzak bere tanta jartzea Arranplatik sartuko den olatua erraldoia izan dadin".

Kalejirarako hautesontzi handi bat prestatu dute, eta Arranplatik Beheko plazaraino eramango dute. Erribera kalea zeharkatu eta Beheko plazan boto batzuk sartuko dituzte ontzian. "Aldarrikapen puntu bat ere badauka, gure etorkizuna erabakitzeko hitza hartu nahi dugulako maiatzaren 7an, baina horrekin batera kalejira ospakizuna da, eta zentzu hori eman nahi diogu santelmoen barruan. Orain arte alaitasunez eta ilusioz egin dugu lan eta horrela iritsi nahi dugu maiatzaren 7ra. Apirilaren 22ko jai giroarekin bat egin nahi dugu, maiatzaren 7ra iritsiko den olatu handi bat sortzera goaz".

Kalejira girotzeko musika eta animazioa izango dira, eta bidean ezustekoren bat edo beste ere izan daiteke.