M7 ONTZIRATU

Ricardo Peña: "Betidanik aldarrikatu izan dugun eskubide bat da"

Baleike 2017ko api. 8a, 13:50

Ricardo Peña (alkate 1991tik 2003ra)

Betidanik aldarrikatu izan dugun eskubide bat da, erabakitzeko eskubide hori hor dagoela aldarrikatu izan dugu beti abertzale bezala. Gaur egin den ekitaldiak gauza asko adierazten ditu. Gaur batu gara argazki bat ateratzeko jendearen aurrean, baina argazkia egin eta gero bakoitza bere taldera joan da. Ona litzateke aztertzea zergatik gertatu den hori. Gainera, aldi berean, gaur armagabetzearen eguna izan da. Badirudi gauza askok egin dutela bat, eta pentsa daiteke lekuko bat luzatzen dela, bortxakeria baztertuta gelditzen dela eta garai politiko berri batean sartzen garela, eta ea kapaz garen.

Zer egin beharko genuke bakoitza bere taldera joan beharrean elkarrekin gehiago nahasteko?

Ez da erraza, denbora behar da. Batzuk prozesu hau asko errazago ari dira eramaten. Niri gehiago kostatzen zait. Nik bizi izan ditudan esperientziak oso gogorrak izan dira, oso hurbil egon naiz bost edo sei hilketen ondoan, eta hori gainditzea... Nik txalotzen ditut hori gainditzeko ahalmena dutenak, baina niri asko kostatzen zait. Bide hori jorratu egin behar da, baina zenbait zauri sendatzeko denbora behar da”.