baleike.eus

Amalur ikerketa-gunea ireki du Etxetar enpresa taldeak Santa Klara azpian

Baleike 2017-04-06 11:54   Ekonomia

Xoxokoek ikuilua zuten eraikinean prestatu du Etxetar Group enpresa taldeak Amalur ikerketa-gune berria. "Informazioaren eta ingurumenaren teknologiekin zerikusia duten negozio berriak garatzeko gunea izango da batez ere", azaldu dio enpresa taldeko zuzendari nagusi Josu Azkuek Baleikeri. Bestalde, Aldundiaren esku utzi dute eraikina inguratzen duen 11 hektarea inguruko lur-sailaren kudeaketa, eta Biotopo Babestuaren ordenazio planak zehazten dituen ekintzak egin ahal izango dira. Gainera, Aldundiak eraikina erabiltzeko aukera izango du, biotopoarekin zerikusia duten jarduerak antolatzeko.

Amalur ikerketa-gunea ireki du Etxetar enpresa taldeak Santa Klara azpian
Etxetar taldeko eta Aldundiko ordezkariak, Amalur eraikinaren kanpoaldean. | Ikusi handiago | Argazki originala

Santa Klara azpian, Algorri alderako magalean, itsasoari begira zegoen ikuilua aukeratu du Etxetar Group enpresa talde gipuzkoarrak bere ikerketa-gune berria zabaltzeko. Azken asteotan dozenaka lagun aritu dira bertan lanean, ikuilua eta inguruak garbitzen, eraikina behar berrietara egokitzen, eta barrua eta kanpoaldea atontzen. Azken ukituen faltan, prest dago Aste Santuaren ondoren lanean hasteko. Teknologiaz hornitutako bilera gelak eta zerbitzu osagarriak ditu 370 metro koadroko azalean. "Ingurumenarekin eta informazioarekin zerikusia duten proiektu teknologiko berriak garatu nahi ditugu, horretan ari gara dagoeneko, eta ideia berri horiek garatzeko gune bat nahi genuen, gune berezi bat", esplikatu du Josu Azkuek.

Miramongo parke teknologikora joan baino, nahiago izan dute esanahi berezidun leku bat bilatu. "Etxetar Group Gipuzkoan errotuta dagoen enpresa talde industriala da [hamar lantegi eta 500 langile inguru dira]. Gipuzkoan sustraituta gaude [Arroa Behea, Itziar, Elgoibar, Irura, Lazkao...] eta hemen jarraitzeko apustua egin dugu. Nazioartea da gure merkatua [%90 kanpora saltzen dute], baina gure ingenieritza eta ekoizpen guztia hemen mantendu dugu, ez gara Txinara joan. Hemengoak garela eta hemen jarraituko dugula adierazten duen gune bat nahi genuen, gurekin lan egiten duten bezeroei ere konfiantza transmititzeko. Hau baino leku esanguratsuagorik ezin genuen aukeratu, milioika urteko historia gordetzen duten haitzen ondoan".

Azkueri berari bururatu zitzaion ikuilua ikerketa gune bihurtzeko "erokeria". Algorritik paseatzen ari zela piztu zitzaion ideia. "Hasieran zorakeria zirudien, baina guk nahi genituen osagai guztiak ditu, eta ilusio handia egiten digun proiektua da, etorkizunerako lanpostuak sortzea baita azken helburua".

Sektore tradizionaletan oso ondo kokatuta dagoen enpresa taldea da Etxetar –adibidez, autogintzan–, baina negozio berriak sortu nahi dituzte. "Guk garbi daukagu Gipuzkoan lanpostuei eutsi nahi badiegu ezin dugula ekoizpen hutsaren bidetik jo; balio erantsi handiko produktuak sortu behar ditugu, eta horretarako ingeniaritza eta ikerketa dira funtsezkoak, betiko sektoreetan lidertzari eusteko eta negozio aukera berriak zabaltzeko. Hori dena aurrera eramaten lagunduko du Amalur zentroak", azaldu du Azkuek.

Biotopo Babestuaren barruan

Lekua begiz jo ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiarengana zuzendu zen Etxetar taldea, proiektua legez bideragarria ote zen jakiteko. Aldundiko ingurumen teknikari Jon Zulaikak gogoan du lehen bilera hura. "Esplikatu zigutenean proiektua eta zer asmo zituzten, nahikoa ezustean harrapatu gintuzten. Izan ere, hasieratik planteatu ziguten ikuilua inguratzen duen 11 hektareako lur-sailaren kudeaketa gure esku utziko zutela. Eraikina Aldundiak erabiltzeko aukera ere jarri ziguten mahai gainean. Horrelako proposamenak ez dira batere ohikoak".

Eraikina eta lur-saila Biotopo Babestuaren eremuan daudenez, ordenazio planak arautzen du zer egin daitekeen eta zer ez. Horrela esplikatu du Zulaikak: "Eraikinari dagokionez, ordenazio planak printzipioz nekazaritza ustiapen baterako dela jasotzen du. Eta jarduera berri bat hastekotan, esaten du ingurumenaren ikerketarekin izan behar duela lotura, edo bestela Biotopoaren kudeaketarekin. Horiek dira baimentzen diren jarduerak".

Ikuilua 2006an eraiki zuen aurreko jabeak, lehen txabola txikiago bat zegoen lekuan. "Baimena jasoko zuen Udaletik, azken finean lehendik zegoen nekazaritza jarduera zabaltzeko zen eta. Garai beretsuan, hasiera eman zitzaion ingurua babesteko prozedurari. Ikuilua egin eta gero, goitik behera pista bat egiten hasi zirenean eman zitzaien lanak gelditzeko agindua, nahiz eta artean Biotopo Babestua izendatu gabe zegoen [2009an izendatu zen], ordurako izendapen prozedura martxan zegoela baliatuta", azaldu du Zulaikak.

Amalur ikerketa gunearen kasuan, eraikinaren neurrietan ez da aldaketarik egin. "Dimentsio berberak ditu. Eta jarduera egokitu egin da, nolabait, Biotopoak bere araudian markatzen dituen lerroekin bat etor dadin, haietako batzuk potentziatzeko. Eraikina beraiena da, beraiek erabiliko dute, baina Biotopoak antolatzen dituen ekintzetarako erabili ahal izango du Aldundiak", osatu du azalpena Zulaikak.

"Akordio eredugarria"

Aldundiaren iritziz, Biotopoaren ordenazio planarekin bateragarri izateaz gain, bultzatu beharreko akordio eredugarria da Etxetarrekin lortutakoa. "Biotopoaren ordenazio planak zehazten dituen ekintzak aurrera eramateko zailtasun handiak ditugu, lur-sail gehienak jabe pribatuenak direlako. Guk hamaika gauza nahi ditugu egin, baina gehienetan ezin dugu. Hau sekulakoa izan da guretzat. Pentsa, Algorriko eskaileren paretik hasi eta Talaia bideari segituz, mendiaren magala ia osorik jarri dute gure esku, sosik ordaindu gabe. Orain arte aukera bakarra izan da lurrak erostea edo desjabetzea, eta hori beti da zaila. Horrelako akordio bat eredugarria da. Lur-sail horrek jarraituko du larrerako izaten, baina orain bideak zaintzeko aukera izango dugu, basotxo batzuk landatu, altzadi bat... Ingurua txukuntzeko aukera izango dugu. Hau bide berri bat da, arlo pribatua eta publikoa elkarlanean, denon onurarako".

Erantzunak

tarrat 2017-04-06 12:52 Erantzuna | #1

Planifikazioa, zertarako?
Arauak, zertarako?
Legeak, zertarako?
Oposizioa, zertarako?

Total, mokordo bat ondo salduz gero, nahikoa dena barkatzeko. Kaka eta kiratsa goitik behera. Lotsa gutxi!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa