KORRIKA ZUMAIAN

Igor Zendoiak hauspotu du Korrika aurten ere

Baleike 2017ko api. 5a, 09:11
Igor Zendoia zenaren anaia Gorkak hartu du lekukoa euskaltegi atarian, senide eta lagunen izenean. Argazkia: Gorka Rubio/Argazki Press

Herritik goizeko 3:00etan pasa den arren, dozenaka eta dozenaka zumaiarrek hartu dute parte Korrikan, euskararen aldeko aldarriak bultzatuta. AEKko irakasle ohi Igor Zendoia gogoan izan dute bereziki, eta euskaltegiaren aurrean bere anaia Gorkak hartu du lekukoa, senideen eta AEKko lagun guztien izenean.  

Lo pixka bat egindakoek "egun on", nola edo hala esna eutsi diotenek "gabon"; ordu aldrebesaz guztien lehen komentarioa. Kaleak hutsik daudela dirudi, baina Izustarri aldetik Korrikaren lehen hotsak entzun orduko hasi da jendea bistaratzen bazterretatik, bakoitza bere kilometrorantz. Batzuk korrika egiteko arropa "profesionalarekin", beroketak egiten; beste batzuk kaleko jantziekin, berriketan. Umeak ere ez dira falta.

Eta bapatean, tropela furgonetaren atzean, "jendetza dator eta!". Atzerapenarekin omen zetorren baina bai zera, ziztu bizian dator Korrika, eta jendeak ozen eta gogotsu oihukatzen du "Zumaian ere, euskararen alde!".

Euskaltegiaren atarian emozioen neurgailuak gailurra jo du. Igor Zendoiaren senide eta lagunek hartu dute erreleboa, eta Korrikazale guztiek txalo zaparrada hunkigarria eskaini diote Igor handiari. Indartuta jarraituko du Korrikak bere bidea, jendea batu eta batu pankartaren atzean.

Erribera kalea ere zeharkatu dugu eta konturatzerako Narrondora bidean gaude. "Aizue, azkarregi goaz, bederatzi minutuko aurrerapenarekin. Mantsoago, bestela Iruñera iritsiko gara eta ez da inor egongo!". Eta hasi dira jolasak: "Orain atzeraka egingo dugu korrika; orain makurtu, elkarri eskua eman hanka tartetik eta trena egingo dugu; orain olatua, orain jauzi...". Eseak ere egin ditugu, bidea luzatzeko... Eta Txikierdiko biribilgunean pare bat buelta estra ere bai! Baina badoa Korrika, bizkorrago edo motelago badoa gelditu gabe, kilometroz kilometro, helmugarantz, aurten ere Igorrek hauspotuta.