Julen Izarra: “Jazza deitzen diogu inprobisazioari tartea egiten dion musika guztiari”

Julen Izarra saxofonista. Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea

1977an Ermuan jaioa, berak eibartartzat jotzen du bere burua. Azken urteotan Zumaian bizi da. Julen Izarra da, musikaria, saxofonista eta Nevermind Trio jazz hirukoteko partaidea. Talde horrek Onena heltzear dago izeneko diskoa atera berri du. Jazzari buruz hizketan izan gara Ubillosen egindako elkarrizketan.

Charlie Parkerrek saxofoiarekin egiten zituen malabarismoek eraman zuten Julen jazzeko zaletasunean sakontzera. “Ez zen izan nahita hartutako erabakia. Charlie Parker hasi nintzen entzuten eta harritu egin ninduen zer egiten zuen. Saxofoiak badu pisu handia jazzaren historian. Oso interprete onak daude: Parker, Sonny Rollins, John Coltrane... Nik uste hor hasi nintzela jazzerako afizioa hartzen”, dio Julenek.

Beste musikari askok bezala, lehen pausoak herriko bandan eman zituen. “Eibarko bandan urte dezente egin nituen eta hor askotariko musika jotzen genuen. Bandak musikarien haztegiak bezalakoak dira. Ona dutena da errepertorio handia ukitzen dutela: pasodobleak, zarzuelak, orkestren transkripzioak, filmetako musika... Horrek dezenteko kultura musikala ematen dizu”. Saxoa protagonista zuten beste musika batzuk entzuten hasi zen. “Garai bateko soul eta funk musika, James Brown, hori asko entzuten nuen. Ondoren etorri dena horren ondorioa izan da”. Oraindik ere bandan noizbehinka jotzen duela azaldu digu. “Baina ez errutina batekin, bizitzak ez du denerako denbora ematen”. Jazzeko taldeetan jotzeaz gain, klaseak ematen ditu Errenterian.

Jazza musika mota ugari biltzen dituen edukiontzi handi bat bezala ikus daiteke. Big band eta swing orkestretatik hasi eta kakofoniatik hurbil dagoen free jazzera arte. “Dena da jazza”. Nevermind Trioren azken diskoan, adibidez, hip hopari ere tartea egiten diote pieza batean. Jazzak badu halako malgutasuna. “Jazza deitzen diogu inprobisazioari tartea egiten dion musika guztiari”.

Ulergaitza izateko fama du jazzak; entzule batzuek sarri diote ez dutela ulertzen. “Musikariok gure artista etorria jorratzen saiatzen gara eta egia da batzuetan entzuleengandik ihesi egiten dugula. Esploratzailea izan da jazza. Oso urrun joaten bazara normala da jendeak ez ulertzea, baina, askotan pentsatzen dut musika ez duzula zergatik ulertu behar gustatzeko. Hori bai, musika entzutera ohituta egon behar duzu; interes bat izan behar duzu. Beti gustatzen zaizkigu lotu ditzakegun musikak. Ornette Coleman gustatzen zait, agian, aurretik Coleman Hawkins entzun dudalako. Lotura bat egiten dut eta errazagoa egiten zait ulertzea eta gustatzea. Jazzak mende batean egin duen ibilbidea musika klasikoa bost mendetan egin duena da”.

Eta zu non kokatzen zara?
Nire gustuak estilo nahiko klasikoetatik ateratzen dira. Be bop, hard bop, estilo horietatik. Ez naiz hain free jazz zalea; beti gustatzen zait helduleku bat izatea, nahiz eta momentu batzuetan lokatzetara salto egitea gustatzen zaidan. Jotzerako orduan askatasuna ematen duen musikan kokatzen dut nire eta Neverminden musika, helduleku batetik abiatuta inprobisazioa eta musikarien arteko komunikazioa lantzen duena. Oinarria Ameriketako jazz tradiziotik datorkigu baina erritmo eta sekuentzia berrietara egokituta, kontuan hartuz gu ere nongoak garen”.

Jazzaren ezaugarri handienetako bat inprobisazioa da. Horrek asko lantzea eskatuko du, ezta?
Horregatik diot euskarriren bat duen musika gustatzen zaidala. Inprobisazioa lengoaia bat da. Ez da zerotik datorren zerbait. Solo bat egiten duzu, entzuten duzu eta pentsatzen duzu: “Kontxo!, hau egin dut zerbait entzun dudalako nonbaiten”. Ume txikiek nola egiten dute hizketan? Hasieran dena kopiatzen dute; ez dakite zer esan nahi duten eta gero poliki-poliki loturak egiten dituzte. Nik uste zentzu horretan antzera egiten dugula. Charlie Parker kopiatzen hasten gara gustatzen zaigulako eta gero saiatzen zara beste zerbait egiten. Hor konturatzen zara erdi nahaste bat egiten duzula.

Jazzean egiten duten inprobisazioak eta bertsolaritzak lotura bat dutela uste du Julenek. “Antzera jokatzen dugula uste dut. Beraiek ere bertsoak zerotik hasten dituzte, baina aurretik sekulako lana eginda dute. Ohitura ere badute. Zentzu horretan pareka daitezke”.

Geldirik geratzeko gogorik ez eta denbora honetan zenbait taldetako partaidea izan da: “Organiks-ekin blues eta soul ukituko musika jo dut, RS Faktor-ekin gehiago landu dut hard bop estiloa eta Nevermind Trio esperimentalagoa da.

Azken horrek bere laugarren diskoa argitaratu du orain gutxi, Onena heltzear dago (Errabal jazz, 2016) izenekoa. Jorge Abadiasek (gitarra elektrikoa), Hasier Oleagak (bateria eta perkusioak) eta Julen Izarrak (saxo tenorea eta sopranoa) osatzen dute taldea une honetan. “Taldearen bi diskotan jo dut nik. Badago grabatu genuen beste disko bat eta argitaratu ez genuena. Baina aterako da!”, dio barre eginez. Nevermind Triok abiapuntu bitxia izan zuen: Nirvana rock taldearen kanten jazz bertsioak egiten hasi zen. Rockaren zale askok jakingo duten bezala, Nevermind Nirvanaren bigarren diskoa izan zen. “Askotan aitzakiak behar izaten dira zerbait hasteko. Musikariok bodetan eta ahal dugun tokietan jo behar dugu. Ez aspertze aldera, kontzertu monografikoak jotzen hasi ziren. Nirvanaren moldaketa egin zuten eta hortik abiatu zen proiektua”. Lehen disko hartatik gauzak asko aldatu direla uste du. “Hala ere izaera bihurria, abenturazalea eta errebeldea mantentzen du”.

Jazzak sekulako indarra izan zuen Franco diktadorea hil eta hurrengo urteetan. Anoetako belodromoa kolkoraino bete izan da Jazzaldiko kontzertu batzuekin. Lehen zegoen jazzaren giro hori galdu egin dela uste du Julenek, nahiz eta, adibidez, Donostiako Heineken Jazzaldira joaten den jende kopurua urtetik urtera handitzen den. “Lehen aukera handiagoa zegoen urtean zehar jotzeko, hiriburuetan, bereziki. Gure guraso musikalak izan direnak, Iñaki Salvador eta horiek guztiek, bazuten zirkuitu bat jotzeko. Guk hori ez dugu. Baditugu jazz jaialdiak, eta presio handia da han jotzea, baina hori egun bakarra da eta ez dizu urte osorako lana ematen”. Musika honen alde zenbait tabernak egiten duten esfortzua txalotzen du. “Eskertzekoak dira Zumaiako Itzurun edota Tolosako Orbela bezalako tabernen ekimenak urtean zehar jazza eskaintzeko”.

Eta Jazzaldia aipatu dugunez, haren bilakaeraren inguruko iritzia eskatu diogu. Jaialdi hau jazza ez den beste estiloetara zabaldu da azken urteotan eta horri esker pop, rock edo elektronikako talde edo musikariak izan dira Donostian. Julenek ez du oso gustuko aldaketa hori. “Jazzaldia deitzen den unetik ez zait asko gustatzen. Jazzarekin edo musika beltzarekin zerikusia duten gauzak ekartzen ahaleginduko nintzateke. Hor James Brown ikusi nuen eta gozatu egin nuen. Asko miresten nuen. Musika afrikarra edukitzeak ere badu zentzua. Baina Patti Smith bezalako norbait egoteak pentsarazi egiten du. Onartu behar da Miguel Martin [Jazzaldiko zuzendaria] oso abila izan dela babesle bat erakartzen eta horri esker Branford Marsalis ikusi ahal izango dugu. Aurten Herbie Hancock edo Wayne Shorter etorriko dira. Agian hori da bere zentzua”.