Erreportajea: AEKko beteranoak

Baleike 2017ko api. 4a, 09:40
Jone Telleria irakasle ohia, Terin Ruiz Butron eta Begoña Fernandez ikasle ohiekin.

80ko hamarkadan sortu zen AEK Euskaltegia Zumaian. Historiak kontatzen du 1985eko irailean hainbat irakaslek Zumaiako AEKren ardura hartu zutela urte batzuk lehenagotik jarduten zutenei txanda hartuz. Hain zuzen, garai hartako irakasleetako bat Jone Telleria izan zen, eta distira eta irribarre berezi batekin gogoratzen ditu orduko kontuak. Ikasle izan zituen Begoña Fernandez eta Terin Ruiz Butronekin batera iraganera egin dugu jauzi.

Jonek oso argi dauka: “Euskara, kanpotik begiratuta, beste hizkuntzak bezala altxor handi bat da. Hiztun komunitate horretan sartzeko atea ere bada, bertako jendearen kultura eta pentsamoldea ezagutzeko bidea. Barrutik begiratuta, aldiz, mundua, gure errealitatea, nahiak eta desioak ulertzeko eta azaltzeko tresna da”.

Begoña eta Terin Jonerekin bat datoz. Jaiotzez bizkaitarrak biak, ez zuten euskara etxetik jaso, baina euskara ikasteko zalantzarik ez zuten izan Zumaiara bizitzera etorri zirenean. “Nire senarra eta biok beti izan genuen euskararekiko maitasuna eta errespetua, eta gogoratzen naiz hona bizitzera etorri ginenean, Jalgi Hadi izena zuen metodoa erosi genuela”, aipatu du Terinek. Begoñaren kasuan, euskararekiko ezagutza nulua zen. Enkarterrietan jaioa, bailararen kokapenagatik edo (Kantabria eta Burgosekin muga egiten du), ez zuen sekula euskararik entzun. “Euskararekin izan nuen lehen kontaktua senarra ezagutu nuenean izan zen. Ordura arte ez nintzen konturatu Euskal Herrian beste hizkuntza bat zegoenik ere, oso aberatsa eta polita zena, gainera. Gogoratzen naiz ezkondu aurretik hura ikusteko trena hartzen nuela Bilbon. Han ez zen batere euskararik entzuten. Durangora iritsi eta hemen, berriz, jendeak euskaraz egiten zuen. Ematen zuen muga bat zegoela”, kontatu du.

Jonek, aldiz, euskara etxetik jaso zuen. Txikitan ikasketak gaztelania hutsean egin behar izan zituen, oraindik ere Francoren diktadurapean bizi baitziren. Gurasoek irakatsi zioten euskaraz, etxean.. Ikasi bakarrik ez, euskara zaintzen eta maitatzen ere erakutsi zioten. Horretaz gain, gaueskoletara joaten zen euskaraz alfabetatzera. “Apaiz etxean ematen ziren klaseak eta gogoratzen naiz ezkutuan joaten ginela. Joanito Dorronsoro, Joxe Mari Romatet, Jon Sudupe eta abar ziren irakasleak. Zumaiako herriarentzat euskararen erreferenteak bihurtu zirenak. Bertsotan ere ibiltzen ginen, Manuel Mari Garaterekin eta Manuel Bitarterekin”, adierazi du.

Baina 18 urterekin Londresera abiatu zen ingelesa ikastera. Bidaia hori bere euskararen garapenerako mugarria izan zen. “Gezurra badirudi ere, han konturatu nintzen ez nintzela gai behar zen bezala euskaraz eskutitz bat idazteko etxekoei. Orduan erabaki nuen euskara ongi ikasi behar nuela”, esan du. Handik bueltan, euskaraz alfabetatzen hasi zen, eta euskarako irakasle izateko titulua atera ondoren, AEKn hasi zen lanean. 1983-1987 urte bitarteetan izan zen irakasle. “Euskararen transmisio horretan hartzaile izatetik emaile izatera pasa nintzen eta zorionekoa izan nintzen”, aipatu du. Ilusioarekin eta lanerako gogoz zegoen talde batekin topatu zen bertan. Hala nola Ixabel Dorronsoro, Marian Manterola, Abelin Linazisoro, Axun Elduaien, Ixabel Muñagorri, Maritxu Etxabe, Peio Enparan eta Miriam Romatet, esaterako. “Aparteko aipamena Belen Golmaiori egin nahi diot. Orduko zuzendaria zen, niretzat eredua eta iparra izango zena. Udaletxeko euskara teknikari lanetan hasi zenean, zuzendaritzako erreleboa pasa zidan. 1987an La Salle ikastetxean lanean hasi nintzenean, nik Miriam Romateti pasa nion testigua, eta lan horretan jardun zuen kultura teknikari lanetan hasi zen arte”.

Integrazioaren aldeko apustua

Garai haietan Zumea Ikastola izan zen euskara klaseen gotorlekua. Urte hauetan guztietan klaseak leku ezberdinetan eman dira, baina Begoña eta Terin Arrangoletara joaten ziren euskara ikastera. 12 bat pertsonaz osatutako klasea zen beraiena. “Egunero joaten ginen, arratsaldeko 7ak aldera, eta ordubetez ematen genuen klasea. Egia esan, oso gustura joaten ginen”, adierazi du Terinek.

Esfortzua eragiten ziela ere komentatu dute. “Lehendabizi, lanera joan, gero etxera familia kontziliatzera eta ondoren klaseetara. Ez zen oso gogorra, baina ezta erraza ere”, aipatu du Begoñak. “Hizkuntza bat ikasteak bere lana ematen du, eta lasaitasuna behar da, azkenean tentsioak sortzen baititu. Eta funtsezkoa konfiantza da”, gaineratu du Jonek.

Egun Begoña eta Terin biak jubilatuta daude, baina lanbidez irakasleak izan dira. Euskara ikasteko arrazoietako bat komunitatean integratzeko eta giza harremanak sortzeko eta sendotzeko nahia izan zen. Gaztelania askorik ez zekiten umeekin komunikatzeko arazoak zituzten. Momentu hartan, San Pedro ikastetxean zen irakasle Terin. “Eskolan nituen ume euskaldunekin ezin nintzen komunikatu eta asko sufritzen nuen”, gogoratu du. Begoñak ere esperientzia bertsua izan zuen. Garai hartan Mutrikun zen irakasle, eta gelan zutabe bat zegoela akordatzen da; zutabearen atzean mutiko bat jartzen zen beti, ezkutuan. “Egun batean konturatu nintzen mutila baserrikoa zela eta ez zekiela gaztelaniaz. Bere beldurra zen nik berari zerbait galdetzea, eta horregatik ezkutatzen zen zutabearen atzean. Orduan jabetu nintzen hizkuntzak zenbat mugatzen dituen pertsonen arteko harremanak eta komunikazioa orokorrean. Mutiko horrekin gertatu zitzaidan anekdotak eman zidan behar nuen bultzada euskara ikasteko”, kontatu du. “Londresen nengoenean, hizkuntza berri baten aurrean nik ere gabeziak izan nituen, mugak eta beldurrak. Horrek balio izan zidan nire ikasleei ulertzeko eta beraiekin identifikatzeko. Azkenean, hizkuntza pertsonengana iristeko tresnarik egokiena izan daiteke, baina, aldi berean, harreman horiek mugatzen dituena”, gehitu du Jonek.

Euskara ez jakiteagatik askotan arrotzak sentitu direla aipatu dute Begoñak eta Terinek. Are gehiago, derrigortu egin dutela jendea gaztelaniaz egitera beraiek ez zutelako euskara ulertzen. Komunikazio harremanetan oztopo gisa ikusi dute beraien burua askotan.

Euskaltegian hainbat metodo erabiltzen zituzten euskara ikasteko. Hasieran material gutxi zegoen, baina irakasleek eduki berriak ere sortzen zituzten. “Irakasleen gela Aita Mari zinemaren goialdean zegoen, eta zinezale taldearekin elkarbanatzen genuen”, gogoratu du Jonek. AEK-k berak emandako materiala erabiltzen zuten, Aizu izeneko aldizkariak… “Orduan hasi ginen gure lehenengo unitate didaktikoak prestatzen, eta zarauztarrekin asko elkartzen ginen metodologiaz eta abarrez hitz egiteko”, jarraitu du.

Metodoa aipatuta, bitxikeria bat gogoratu du Jonek. “Londresen nengoela, Charing Cross kaleko liburu denda batera sartu nintzen. Liburuak begiratzen hasi nintzen eta zer aurkituko eta euskaraz ikasteko metodologia liburu bat! Emozionatu eta guzti egin nintzen. Euskal Herrian apenas zeuden metodoak oraindik. Han aritu nintzen Londresen nire kabuz euskara eta ingelesa ikasten”.

Zertarako balio izan die euskara ikasteak?

Gramatika, hiztegia, komunikazio estrategiak… lantzeaz gain, festak edo jaialdiak prestatzeko aukera ez zuten galtzen. Santomas eguna, Gabonak, Inauteriak… Euskal kulturaz eta abestiez jabetzeko geldialdi egokiak izaten ziren. Baina horietatik indar handiena Korrikak zuen. 1980an izan zen lehenengo edizioa, eta euskaltegian zeuden bitartean hainbat pasa zituzten. “Ilusio handiz prestatzen genuen Korrikaren eguna. Dortsalak margotu, marrazkiak egin, abestia ikasi… Gainera, herrira etortzen zen momentua hunkigarria izaten zen”, adierazi du Terinek. “Halaxe da, bai. Zirrara eta poza sentitzen genuen Korrika herrirantz iristen ari zela ikusten genuenean. Une horrek, iristeko uneak, indar handia du. Askotan, gainera, ordu txikitan iristen zen Zumaiara. Kasu horietan, baratzuri zopa edo zerbait beroa hartzera joaten ginen soziedaderen batera”, jarraitu du Jonek.

Eta gaur egun, euskaraz bizi al dira Terin eta Begoña? Terinek aitortu du gehienbat gaztelaniaz hitz egiten duela. “Lotsa ematen dit, konfiantza falta handia daukat eta horrek moztu egiten nau euskaraz hitz egiteko”, adierazi du. Astean behin euskal dantzak egitera joaten da Zarautzera, eta han euskaraz egiteko parada izaten du. “Ederki pasatzen dut euskal dantzetan, eta, gainera, hileroko hirugarren igandeetan Donostiara joaten gara Bulebarrean egiten den dantza saioan parte hartzera. Harreman guztiak euskaraz izaten dira eta horrek lagundu egiten dit hizkuntza praktikatzen”, esan du.

Begoñari euskara ikasteak pertsonekin harremanak izateko, erlazionatzeko eta komunikatzeko balio izan dio. “Batzuetan zailtasunak daude, hala ere. Kuriosoa da, hasten zara pertsona batekin euskaraz hitz egiten eta bera gaztelaniara pasatzen da. Eta zuk berriro euskaraz egiten diozu, badakizulako berak euskaraz badakiela, baina berak gaztelaniaz jarraitzen du. Ez dakit, agian zurekin ohituta dago gaztelaniaz hitz egitera, edo ez da konturatzen euskaraz badakizula. Ohartu naiz ohitura kontuek eragin handia dutela”, kontatu du. Hala eta guztiz ere, ahal duen heinean euskaraz bizitzen saiatzen da. “Nire gurasoak etxean izan ditut duela gutxi arte, eta ez zekiten euskaraz. Horrek etxeko hizkuntza baldintzatu digu. Baina bai, saiatzen gara noizbehinka, behintzat, euskaraz egiten, eta seme-alabekin ere euskaraz egiten dugu”, amaitu du.

Umeak txikiak zirela, eta beraiek ikasten hasiberriak, egiten zituzten hanka sartzeak gogoratzen hasi dira barrez. “Hasieran lotsatu egiten ginen, baina umorez hartu behar da eta ausartak izan”, azpimarratu dute.

Euskaltegiak beraien arteko harremanak lotu ditu. Irakasle eta ikasle izatetik lagun izatera pasa dira. “Pentsa zein gustura elkartzen ginen, oraindik ere afari bat egiteko geratzen gara urtero”, aipatu dute. Normalean sanpedroak baino astebete lehenago egiten dute afaria, eta nahiz eta elkarren artean oso ezberdinak izan, oso ongi pasatzen dute. “Egon gaitezke hilabeteak elkar ikusi gabe, baina elkartzen garenean, atzo egongo bagina bezala egoten gara, eta nola ez, orduko kontuak gogoratzen ditugu”, azaldu du Jonek. “Euskarak lotu gaitu, eta hori oso polita da”, nabarmendu du Terinek.