Hamar urteren kontakizuna dokumental batean

baleike 2017ko mar. 28a, 14:01

RECrea produkzio taldea sei mutilek osatzen dute: Jon Urbieta, Iñaki Atriain, Iñigo Gonzalez, Ekain Albite, Iñaki Agirrezabalaga eta Mikel Castellanok. Guztiek dute ikus-entzunezko proiektuak gauzatzeko gaitasuna eta sormena. Ostiralean lehenengo produkzio luzea aurkeztuko dute Oxforden, 19:00etan. Hain zuzen, Darahliren 10. urteurrenaren harira ekoitzitako dokumentala: Darahli 10 urte: hautsitako denbora.

Lagunen arteko ideia batetik sortu da RECrea. Iñaki Atriain eta Mikel Castellanok produkzio etxe bat sortzeko ideia izan zuten jai giroan, taberna batean. “Horrelako kontuak askotan leku hauetan jaiotzen dira”, kontatu dute barrez. Hitzetatik ekintzetara denbora laburrean egin dute jauzi. “Alferrik da hizketan denbora askoan jardutea, onena ideia bat izan eta hori garatzea da”, kontatu dute. Taldearen helburua lan txikiak eginez, pixkanaka, beraien burua ezagutaraztea da. “Hasieratik gure lana serio hartu dugu, eta gure nahia profesionalak izateko bidea irekitzea da. Horretarako, aurretik ekoizpenak egin behar dira, lana egin", esan dute. 

Hasiera batean, sentsibilizazio edo kontzientziazio kanpaina bat egitea bururatu zitzaien. Hala, Gipuzkoako Abere eta Landare babeslekura joan ziren, eta bertan aurkitzen diren animaliei buruzko erreportaje moduko bat osatu zuten. “Proiektu guztietatik ikasten da zerbait, eta hau, lehenengoa izanik, hainbat gauzek ihes egin zizkiguten” esan dute.

Hurrengo proiektua flashmob-a izan zen. Zumaiako Bandako zuzendaria den Jose Mari Azkuerekin hitz egin zuten eta honi ere ideia bikaina iruditu zitzaion. “Guretzako super produkzioa izan zen. Lehenengo aldiz zuzenean grabatzen genuen, zortzi kamarekin... Flashmob-ak grabaketa modu ezberdina eskatzen du, eta erronka bat izan zen. Lan honekin ere asko ikasi genuen”, aipatu dute. “Lan honen bidez herriko jendeak gure taldea ezagutu du. Ekitaldiak indarra izan zuen, eta gure emaitza txukuna atera zen nahiz eta akatsak izan zituen”, gogoratu dute.

Ondoren, Zumaiako neska atezainen bideoa osatu zuten. Iñaki Atriainek entrenatzen ditu, eta opari moduko bat egin nahi izan zien. “Hasiera batean beraientzat zuzenduriko opari bat izatea zen helburua, baina azkenean errebindikazio eta emakumearen aldeko bideo bat atera zen”, esan du Atriainek.

Proiektu ia guztiek kontzientziazioarekin eta sentsibilizazioarekin lotura izan dute. Kasualitatea izan dela kontatu dute, baina horrelako gaiak ere atseginez egiten dituztela nabarmendu nahi izan dute. “Jendearengana iristeko errazagoa da gainera, eta baita proiektua bera birala bihurtzeko ere”, esan dute.

Hurrengo proiektu handia Batukaden topaketaren grabazioa izango dute. Aurten Arrasaten izango da, maiatzean. “Esparru ezberdinak ukitzea da gure nahia, eta lan honek adibidez ez du orain arte egindakoekin zerikusirik izango”.

 

Darahliren proposamena

Ekain Albite 2015ean joan zen Tindouf-eko kanpalekuetara Darahlikoekin. Aurten elkartearen 10. urteurrena ospatzen da, eta Samuel Ruiz irakasleak dokumental bat egiteko proposamena luzatu zion Albiteri. “Taldean komentatu nuen ideia, eta guztioi gustatu zitzaigun. Gidoia prestatzen ibili gara denbora luzez, grabaketak egin ditugu eta muntaiaren azken detaileak amaitzen ari gara”, kontatu du. “Garbi azaldu nahi dugu Darahli elkartearen dokumentala dela, ez Saharari buruzko dokumentala edo Mendebaldeko Sahararen historiari buruzkoa”, azaldu dute.

RECrearentzako lehenengo luzea da, eta orain arte izan duten lan kargarik handiena eragin die. Gidoiaren lanketa izan da agian pisu handiena hartu duen fasea. Grabazioa eta muntaia azkarrago egin dute. “Zerbait berritzailea egin nahi izan dugu, betiko dokumentalaren ezaugarrietatik pixka bat aldenduz. Hori dela eta, gidoia egiteko prozesua luzea izan da”, aipatu dute.

Grabaketa guztiak aste batean egin dituzte, egunero 3-4 elkarrizketa osatuz. “Guztira 18 elkarrizketa egin ditugu, eta horiek osatzeko aurretik prestatu genituen galderak. Elkarrizketatu bakoitzarentzat bost galdera izan dira”, esan dute. “Bakoitzaren sentipenak jasotzea izan da nahia, eta momentu hunkigarri dezente hartu ditugu”, adierazi dute.

Dokumentala hiru etapa nagusitan bereiztu dute. Lehenengo etapa 2005etik 2011era doa, eta iragana bezala definitu dute. Bigarrena berriz 2011tik 2015era luzatzen da eta gaur egungo garaia bezala aurkeztu dute. Azken etapa, etorkizuna, 2015etik aurrerakoa da. “Etapa hauek, Darahlik egin dituen bidaiekin kointziditzen dute, eta hain zuzen, horiek dira dokumentalaren oinarria. Lehenengo bi bidaiak, aurrenengo etapan egin ziren. Hirugarren eta laugarren bidaia berriz, bigarren garaian sartzen dira, eta bosgarren bidaia, hurrengo urtean izango dena, hirugarren etapan sartuko da”, kontatu dute.

Bide batez, Bakeleku udalekuei ere tartea eman die. 2012an jaiotako proiektua, udaran ume sahararrak ekartzea dute helburu. “Gaur egun familia gutxik ekartzen dituzte ume sahararrak uda beraiekin pasatzera, eta gabezia horri aurre egiteko sortu ziren udaleku horiek”, esan dute.

Elkarrizketatuak batez ere, bidaietara joan diren ikasleak izan dira. “Horiez gain, Samuel Ruiz eta Ibon Ibarguren irakasleak, Brahin Gasteizko Fronte Polizarioko arduraduna, Iñaki Agirrezabalaga alkate ohia, Gorka Zabaleta kazetaria, Peio Romatet argazkilaria, Bakeleku udalekuetan parte hartzen duen herritar bat, ume sahararra ekartzen duen ama bat... Ikuspuntu anitzak bilatu nahi izan ditugu”. Bestalde, hiru etapa hauek lotzeko, fikziozko istorio bat gaineratu die dokumentalari. Aktoreak Esti Curiel eta Zarautzen bizi den saharar bat dira. “Uste dugu publikoa emozionatu egingo dela”, gaineratu dute.

Dokumentalean hiru hizkuntza erabiliko dira. Nagusiki euskara, baina gaztelerak eta hasanierak ere tartea izango dute. “Elkarrizketatuetako bik gazteleraz hitz egiten dute, baina zati horretan azpitituluak euskaraz izango dira. Eta alderantziz, euskaraz hitz egiten duten pertsonen azpian gaztelerazko azpitituluak jarriko ditugu”, adierazi dute.

Produkzio eta grabaketa aldetik orain arte izan duten proiekturik handiena izan da. 30 minutu inguruko ikus-entzunezkoa izango dela aurreikusten dute, eta estreinaldirako gogotsu baina urduri aurkitzen dira. “Jendaurrean aurkezten dugun lehenengo proiektua da. Irrikitan gaude erakusteko, baina urduritasun puntu bat dugu”, aitortu dute.

Taldetik Urbieta eta Albite dira Saharara bidaiatu duten bakarrak. “Gainerako guztiok gure aportazioa egin nahi izan dugu lan honen bidez. Bere garaian joateko aukera izan genuen batzuk eta ez ginen joan. Orain ikusi dugu benetan zernolako lana eta eginkizuna egiten duten, eta lehen ez genituen sentipenak piztu dizkigute, hau da, hara joan eta esperientzia bizitzeko gogoa”, aitortu dute.

Proiektuak gauzatzeko lokala eskuratu berri dute eta gustura agertzen dira. “Gure txokoa prestatuko dugu orain. Bertan ideiak garatuko ditugu, lana egin eta hitzorduak antolatzeko ere aprobetxatuko dugu. Seirok osatzen dugu RECrea, baina bide honetan hainbat kolaboratzaile ditugu eta horiei eskerrak eman nahi dizkiegu”, amaitu dute.

Erlazionatuak