(GUTUNA) Maite joan zaigu, egia ukatu diote

Zumaiako ezker abertzalea 2017ko mar. 24a, 10:08

Eguna argitu orduko jaso dugu berri mingarria: Maite Golmaio hil da. Indar handiko emakumea, bizitzak jarritako oztopoak duintasun erraldoiarekin gainditu zituena. Xabi semea erail zioten, baina ordutik herriko gazte zein independentista askoren ama bihurtu da. Doakio Zumaiako Ezker Abertzalearen dolumin eta besarkadarik sentikorrena bere senidiari.

Maiteren heriotza hau are mingarriagoa egiten zaigu bere semearen bahiketa eta hilketa ilunari buruzko egia argituta ikusi gabe joan dela jakinda. Egia jakiteko eskubidearen nazioarteko eguna ospatzen da gaur, hain zuzen, eta Maiteri egia ukatu diote. Bakeaz ahoa bete eta bakearen kontura bizi diren arduradun asko ditugu, gertutik hasi eta urruneraino, baina ez dute benetako bakerik nahi, ez dute egia osoa argitu nahi, ez dituzte gatazkaren kaltetu guztiak berdin aitortu nahi. Guzti horientzat badugu mezua: ez duzue inoiz Maiteren duintasun erraldoiaren apurrik ere izango. Ez gara sufrimendua show mediatiko bihurtzearen aldekoak, ez ditugu kamarak eta adierazpen solemneak nahi, baina lotsagarria eta iraingarria da azken urteotan Xabiri omenaldiak erdi ezkutuan eta zigorren beldur egin behar izatea. 

Oztopoak oztopo, egia jakiteko bideak aurrera jarraituko du, eta Xabik eta Maitek gure bihotzetan bizirik jarraituko dute. Biharko Euskal Herria zor diegu, eta aurrera begira eta falta direnak gogoan, lortuko dugu! Muxu haundi bat, Maite. Maite zaitugu!