Andarax Bi ontziak irabazi du Zumaia-Getaria neguko bela liga

Andarax Bi ontziko tripulazioa, neguko ligako irabazlea

Larunbat honetan jokatu zen Getariako uretan XX. Zumaia-Getaria neguko bela ligako 11. eta azken jardunaldia. Haizeak ez zuen gogor jo: 5 eta 6 korapilo arteko haizea izan zen eta, horregatik, aurreikusitako bidea aldatu eta moztu egin behar izan zuten antolatzaileek. 

Azkenean Getaria parean prestatutako triangelua egin zuten: Getariatik atera, Zarauzko hustubide pareko buian buelta eman, Getariako arratoiaren iparraldetik itsas milia batera kokatutako balizari buelta eman eta helmugara buelta. Hamalau ontzik hartu zuten parte eta lehia estu baten ondoren, Andarax Bi belaontzia izan zen irabazlea; Arriero eta Ai Ama segundo gutxira heldu ziren.

Hasiera batean aurreikusitako 11 estropadetatik sei jokatu ondoren eta ontzi parte-hartzaileek bi sailkapen txarrenak kendu eta gero, sailkapeneko lehen postuan berdinketa izan zen puntuetara Andarax Bi eta Ai Amaren artean. Berdinketa hautsi egin behar izan zuten. Araudiak dio Ligan sailkapen onenak dituen ontzia izango zela irabazlea. Baina hor ere berdinketa izan zen: bakoitzak bi garaipen eta bi bigarrengo postu zituzten. Beraz, araudiarekin jarraituta, azken estropadan sailkapen onena lortzen zuena hartzen zen kontutan eta hor Andarax Bi izan zen onena. Beraz, berak irabazi du XX. Neguko liga. “Bi tripulazioek merezi zuren garaipena, baina txapela bakarra dago eta hori Andarax Bi-rentzat izan da”, nabarmendu du Josean Granados, antolatzailea den Zumaiako Klub Nautikoko kideak. Bigarren Ai Ama sailkatu da eta hirugarren Mastabakarra.

Guztira 17 ontzik eta 70 lagunek hartu dute parte ligan. Batzorde antolatzaileek tripulazioen jarrera txalotu dute. Neguko liga amaituta, Olarru Cup sariak hartuko du orain lekukoa.