“Gure nerbio-sistemaren garapenaren araberako erantzunak ematen ditugu”

baleike 2017ko mar. 17a, 11:15

Zumaiako bi haurreskola publikoek, Udalaren laguntzarekin antolatuta, ‘Haurren garapena pausoz pauso’ izeneko hitzaldia izan zen atzo arratsaldean Oxford aretoan. Feli Oregi soraluzetarrak  0-7 urte bitarteko haurren hazkuntza prozesuaren inguruan sakondu zuen.

Gizakiaren eboluzioa eta helduaroan dugun garapenaren jatorria haurtzaroan dago, zehazki, 0-7 urte bitartean. Lehenengo urte hauek oso garrantzitsuak dira pertsonaren etorkizuneko garapen eta bizimodurako. Horregatik, adin horretan aurkitu daitezkeen oztopo eta nahasmenak zuzentzen saiatzen dago gakoa. Konponbide goiztiar batek etorkizuneko jokabide, erantzun eta ekintzak bide zuzenago bat izaten lagundu dezake.

Feli Oregiren hitzaldia nerbio-sistema zer den esaten hasi zen. “Edozein ekintza, egiten dugun guztia nerbio-sistemari esker da” adierazi zuen. Ildo horretatik, gizakiaren burmuina da oraingoz garatuena, eta informazioa jaso eta prozesatzen duen organoa da. “Gizakion burmuinak hiru burmuin ditu batean: narrastien burmuina, ugaztunena eta gizakiona” esan zuen.

Narrastien burmuina gizakiaren buruan atzeen dagoena da. Jaiotzean garatua dugun bakarra da. Biziraupenerako funtzioa eskaintzen digu, eta ez du ez sentimendurik ez eta pentsatzen. Kanporago, ugaztunen burmuina aurkitzen da eta 0-5 urte bitartean garatzen da. “Kasu honetan sentimenduak sartzen dira, emozioak, mugimenduak, harreman sozialak eta sexualak, memoria eta abar”. Azkeneko burmuin zatia gizakiena da. Geruzarik garbiena da eta bertan garapen soziala, ikasketak, arrazonamendua, prozesu intelektualak, irudikapena eta hausnarketa bezalako gaitasunak lantzen dira. “Burmuinaren barnean neuronak daude, eta hauek gero eta lotuago egon, erantzun hobeagoa izango dugu” aipatu zuen.

Erreflexuen garrantzia

Garuna bi hemisferioz osatuta dago. Eskubiko aldeak ezkerrekoa kontrolatzen du, eta alderantziz. “Ezkerreko aldean zehaztasunak aztertzen dira, datu zehatzak prozesatzen ditu. Eskubiak aldiz datu horiei esanahia ematen die, testuingurua” esan du. Zer gertatzen da eskuinaldeko aldea ez badago ondo? “Pertsona horrek arazoak izango ditu humorea eta ironia ulertzeko. Hizkuntzaren zorroztasunarekin, alegia”.

Haurraren garapena egokia izan dadin, haurdunalditik hasita etapa guztietan arreta jarri behar da. Haurdunaldian esaterako, umearen organo eta sistema ezberdinen garapena burutzen da. Horrekin batera, entzumenaren garapena eta erreflexu primitiboak.

Erditzean berriz erreflexuen garapenak jarraitzen du eta ikusmena lantzen da. Bularra emateko eta mastekatzeko prozesuak ere garrantzitsuak dira. “Haurraren ahoaren estruktura, arnasketa, erritmoa, emozioak, jokaerak, limiteak… ezagutzeko aukera ematen dute” adierazi du.

Erreflexuek fetua behar bezala garatu dadin laguntzen dute, eta hauek ongi ez barneratzeak oztopoak sortzen ditu. Hala nola, postura txarra izateko ohitura, nerbio-sistema ahuldu, zailtasunak oreka eta koordinazioan, hipersentsibilitatea… “Ume baten lehenengo etapetan funtzio batzuk era automatiko batean egitea lortu behar dugu, horregatik, erreflexuak ongi barneratuak izan behar dituzte” aipatu du. Etorkizun baterako, nerbio-sistemaren garapena ahal bezain egokia izatea ziurtatzen saiatu behar da. “Izan ere, gure nerbio-sistemaren garapenaren araberako erantzunak ematen ditugu” jarraitu zuen.

Erreflexuak kentzeko modu eraginkorrena umearen mugimenduaren bidez egiten da. Haurren garapenean hainbat fase daude eta hauek ordena jakin batean ematea da onena. “Hasieran bueltak ematen dituzte, gero arrastaka ibiltzen dira, ondoren lau hanketan, gero tximu bat bezala, jarraian tentetu egiten dira, eta azkenik ibiltzen ikasiko dute. Pauso hauek jarraitzea da egokiena, eta horretarako umeei era natural batean utzi behar zaie mugitzen. Horrela garatu, gogortu eta emango baitute hurrengo faserako pausoa” amaitu du.