Uda honetan herriguneko aparkalekuak arautzeko ordenantza onartu du plenoak

Baleike 2017ko mar. 17a, 11:22

Atzo arratsaldean egindako ezohiko plenoak aho batez onartu zuen uda honetan Zumaiako herrigunean aparkalekuen sistema arautuko duen ordenantza. Sistema hau udako hiru hilabetetan egongo da abian eta ez du eragingo ez Ardantzabiden, ezta poligonoetan ere. Udalean ordezkatuta dauden hiru alderdiek behin uda amaitu ondoren sistema berriz aztertzeko akordioa sinatu dute. Astelehenean emango da sistema honen berri Alondegian 18:30ean egingo den bilera batean.

Udal Gobernuak pasa den urtarrilean eman zuen aparkalekuak arautzeko proposamenaren berri herritarrekin egindako zenbait bileratan. EH Bilduk, bere aldetik, parte-hartze prozesua jarri zuen abian beraien proposamena lantzeko. Zenbait puntutan bi proposamenak kontrajarriak baziren ere, badirudi azken asteotan lanketa egin dela udaletxe barruan eta hiru alderdien (PSE-EE barne) oniritziarekin eraman zen proposamena plenora. Norbaitzuk odola eta liskarrak espero bazituzten, atzokoa ez zen beraien eguna izan.

Hala, Udal Gobernuak landutako sistema ezarriko da uda honetan, ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean. Laburbilduz, sistema honek zubitxikitik herrigunera bitarteko aparkalekuak arautuko dira, Ardantzabidekoak ezik, gune horretako sistema dagoeneko abian dagoelako. Larretxok ere bere sistema propioa izango du. Hemen duzue ordenantza bere osotasunean eta baita ezarriko den sistemaren puntu garrantzitsuenak ere.  

Bere momentuan esan zen bezala, bi TAO gune izango dira herrigunean. Errotazio handiko bat ezarriko da Moilaberriko zubitik Arranplara bitartean, ibaiertzean, eta egonaldi ertainekoa Julio Beobide ibiltokian. Lehen urte honetan Zumaiako herritarrek doan izango dute leku horietan aparkatzea, baina, txartela atera beharko dute. Paolaldeko gunean gehienera jota 24 ordutan aparkatzea izango da jarraian, baina sei orduan behin ticketa aldatuko da. Herriguneko beste leku guztiak egoiliarrentzako izango dira.

TAOko tarifak honakoak izango dira. Errotazio handikoan: 0,50 euro 15 minuturako, 1,25 euro 60 minuturako eta 2 euro 90 minuturako. Egonaldi ertainekoan, berriz, honakoak dira tarifak: 0,30 euro 15 minuturako, euro bat 60 minuturako, 1,75 euro 90 minuturako, 2,50 euro 120 minuturako, 4 euro 180 minuturako, 5,50 euro 240 minuturako eta 7 euro 300 minuturako. 

‘Biñeta’ doan lehen urtean

Egoiliarren ‘biñeta’ edo txartela lortzeko Ardantzabiderako jarritako prezioa (15 euro) hainbanatzea proposatzen zuen Udal Gobernuak: lehen kotxeko biñetak 5 euro balioko luke eta bigarrengoak 10 euro. Alderdi sozialistak, baina, emendakina aurkeztu zuen lehen urtean biñeta doan izateko. PSE-EEko zinegotzi Arritxu Marañonentzat “pauso garrantzitsua” eman da. “Onartuko duguna esperientzia pilotua izango da eta datorren urtean bigarren fasea izango dugu, herri osoko aparkalekuak arautzeko. Gure proposamena 0 tasa izatea da gune denetan Ardantzabiden ezik. Zergatik? Ba, behin-behinekoa delako. Hiru hilabeteko  iraupena izango du eta ez dakigu nola eragingo duen. Tasa jartzea egokia da, baina, ikusita hiru hilabeterako bakarrik dela, nahikoa bada udaletxera joan behar izatea gestioak egiteko”.

Udal Gobernuak bere desadostasuna azaldu zuen, Oier Korta alkatearen ahotik: “Ardantzabiden biñeta jartzea onartu zen aldeko 12 botorekin. Emendakina onartzen bada, proportzionaltasun printzipioa ez da beteko. Herritar batzuek zerbitzu bat doan jasoko dute eta beste batzuek ordaindu beharko dute zerbitzu beragatik”.

EH Bilduk aldeko botoa eman zion emendakinari. “Herritarrek bileretan hala eskatu zutelako”, azaldu zuen Alex Olidenek. Bere ustetan, “ekitatearen teoria” alde batera utzi beharko litzateke, “gaur egun ekitaterik ez dagoelako herriaren erdia bakarrik arautzen denean. Ekitate hori izango da datorren urteko prozesuan landu beharko duguna”.

Sozialisten emendakina 7 botorekin onartu zen (PSE-EE eta EH Bildu) eta 6 abstentzio jaso zituen (EAJ-PNV).

Ondoren, bigarren emendakin bat edo, hobe esanda, hiru alderdiek sinatutako akordioa tratatu zen. Honen arabera, behin irailaren 15ean udako denboraldia amaitzen denean, berriro berraztertuko da araudia bere osotasunean eta parte-hartze prozesua jarriko da abian. “Ordenantza honen lanketa eginda zegoela egiaztatu zenean, akordioa aurkeztu dugu. Saiatu gara aldaketa positiboak gehitzen. Arazorik handiena zen herriaren zati bat bakarrik arautuko dela eta beste erdian arazoak areagotuko direla. Teknikoki ez da posible izan ordenantzan aldaketak sartzea, baina balorean jarri dugu elkarrekin hitz egiteko borondatea”, adierazi zuen Olidenek.

Emendakina edo akordioa aho batez onartu zen, 13 botorekin. Ordenantza ere hiru alderdien aldeko botoekin onartu zen. Alkatea pozik agertu zen erabakiarekin eta eskerrak luzatu zizkien herritarrei bileretan parte hartzeagatik, udal teknikariei, beste herrietako arduradunei, “han dituzten sistemak erakusteagatik”, eta baita oposizioko alderdiei “azken asteotan erakutsitako posturagatik”. “Oso gustura gaude gaurko egunagatik, akordio bat aurrera eramateko gai izan garelako. Erronka handia da eta ondo badoa ekainaren 15ean martxan jarriko da”. 

Aldeko botoa eman bazuen ere, EH Bilduko Alex Olidenek adierazi zuen onartutakoa ez zela beraien nahi zuten ordenantza. “Oso garrantzitsua da gauza bat bermatzen dela, neurri guztiak berriro eztabaidagai izango direla herritarrekin prozesu berrian. Elkarlanean jarraitu dezagun erronka handi honi erantzuna emateko”.

Honen guztiaren berri datorren astelehenean emango da, Alondegiko Oxford aretoan egingo den bilera ireki batean. 18:30ean izango da, dokumentuaren nondik norakoak xehetasunez azaldu eta horren inguruko zalantza eta kezka guztiak argitzeko. Bilera elebitan izango da.