“Ikusitakoa eta bizitakoa gazteei barruan geratuko zaiela baloratzen dugu”

Saharako herria laguntzeko sortutako Darahli elkarteak hamar urte beteko ditu aurten. Zenbaki biribila dela ikusita, erakusketa eta zenbait ekintza antolatu dituzte datozen egunetarako. 

“Berez, lehen bidaia urtebete lehenago antolatu genuen, 2006an, baina elkartea urte bat geroago sortu genuen”, azaldu du Samuel Ruizek, Darahli elkarteko koordinatzaileak. Ordutik beste hiru bidaia egin dituzte Saharako desertu erdian, Aljeriako Tinduf hiritik hurbil dauden errefuxiatuen kanpalekuetara eta datorren urtean egingo dute bosgarrena. Oraingoz 330 gazte inguruk ezagutu dute saharar herriak pairatzen duen bizimodu gogorra. Datorren urteko bidaiarako izenak eman dituzte dagoeneko Maria eta Jose ikastetxeko eta Zumaiako Herri Eskolako zenbait ikaslek.

Bidaiak antolatzeaz gain, hainbat sentsibilizazio kanpaina eta janari bilketa ere egin dituzte urte hauetan zehar. Eguzki plakak ere bidali izan dituzte, baina, argindarra kanpalekuetako ia leku guztietara heldu dela ikusita, programa hori iaz utzi zuten bertan behera. “Orain mikrokredituekin gabiltza. Diru kopuru bat emango diegu izena eman duten sahararrei. Gehienbat emakumeak dira. Zati bat itzuli beharrik gabekoa da eta beste bat epe batean itzultzekoa. Etorkizun batean ikusiko dugu zer fruitu ematen dituzten”.

Hamarkada honetan egindako lanaren eta gazteek bizitako esperientzien berri emango du asteartean, hilaren 21ean, Alondegiko Oxford aretoan zabalduko den erakusketak. “Astelehenean muntatuko dugu guztia astearterako prest egoteko”. Hamabost panelez osatuko da erakusketa, “testu gutxirekin eta argazki askorekin”. Lehen paneletan Saharako auziaren berri emango da eta ondorengoetan murgilduko dira Darahlik egindako lanetan.

Ikus-entzunezkoen txoko bat ere kokatuko da. “Urte hauetan guztietan egindako dokumentalak erakutsiko ditugu bertan”. Informazio mahaian, berriz, elkarteari buruzko informazioa jaso eta, nahi izanez gero, laguntza emateko aukera izango da.

Beste ekintzak

Apirilaren 3ra bitartean urteurrenarekin lotutako beste ekintza batzuk ere egingo dira. Hala, martxoaren 24an Hassanna Aalia errefuxiatu sahararra izango da Zumaian hitzaldi bat ematen. Iaz ere izan zen, baina aurten errefuxiatuen inguruan hitz egingo du”. Hurrengo egunean, larunbatean. eskulanen tailerra egingo da Kofradian.

Martxoaren 31n, ostirala, RECrea ekoizpen taldeak egindako Darahli 10 urte: hautsitako denbora ikus-entzunezkoa estreinatuko da. Elkartearekin lotura izan duten hainbat herritar elkarrizketatu dituzte horretarako. Larunbatean, hilaren 1ean, modan dagoen mannequin challenge bat egingo da bidaietan parte hartu duten 300dik gora lagunekin. Amaitzeko, igandean, hilaren 2an, Zukan Trio hirukotearen kontzertua izango da Alondegian.

Egindako lanaren balorazio ona egin du koordinatzaileak. “Gazteekin lan egiten duzunean ilusionatu egiten dira, bidaiarekin gehienbat. Baina bidaia ez da turismo kontu bat; aurretik lan dezente egin behar da. Sentsibilizazio lanak ere egin ditugu, bai eskolan, bai beste proiektu batzuekin ere”.

Urte hauetan egindakoak, ikusitakoak eta bizitakoak gazte hauengan eragina izan duela uste du Samuel Ruizek. “Gazteak inguruan ditugunean elkartean sartzen dira, baina, gero,  Unibertsitatean sartzen direnean urrutiratu egiten dira. Baloratzen dugu ikusitakoa eta bizitakoa barruan geratuko zaiela. Ez dute zergatik Sahararekin jarraitu behar. Errefuxiatuen Harrera Taldean dabiltzan batzuk gurekin aritutakoak dira eta badaude unibertsitatean lankidetza proiektuak egiten ari direnak. Hezkuntza bide bat egiten dugu eta zerbait geratzen bazaie, primeran; ez bazaie geratzen, baina momentuko lanak ondo egin bazituzten, ba ongi baita ere”.

Errelebo baten beharra ere ikusten du Ruizek, “gehienbat, ikastetxeotan”. “Gestioan pisu gehiena guk eramaten dugu eta hor bai bultzada bat behar dugula. Bestela, elkarte barruan ez dut arazorik ikusten. Egia esan, planteamendua aldatu daiteke eta eskola barrutik egin beharrean, kanpotik eraman, eta DBHko ikasleekin egin beharrean, bidaiak herritarrei zabaldu”.

Erlazionatuak

Darahliren 10. urteurrena: egitaraua

gizartea

Darahli elkarteak 10 urte beteko ditu aurten. Horretarako erakusketa eta beste zenbait ekintza antolatu ditu.