Gipuzkoako Haur Misiolarien eguna ospatuko da larunbatean

baleike 2017ko mar. 15a, 13:45

Gipuzkoako Elizbarrutiak duela 15 urtetik hona Gipuzkoako haurrekin ospatzen duen festa bat da. Egun atsegina igaro eta sinesmenaren bideak jarraipena izatea dira ospakizunaren helburuak. Antolatzaileek 500-600 pertsona inguru espero dituzte.

XVI. Haur Misiolarien eguna Zumaian izango da larunbatean eta oso pozik agertu dira antolatzaileak. Marije Elosuaren esanetan, "herriko festa bat izan dadin nahi dugu, eta horretan jarri dugu esfortzu eta ilusio osoa".6-12 urte bitarteko haurren ospakizuna izango da larunbatekoa. Gipuzkoa osotik etorriko dira haurrak, eta antolatzaileen arabera 500-600 pertsona inguru izango dira. "Kalera irten nahi dugu umeekin, sinesmen ekintza guztiak elizan edo errezatzen egin gabe, sinesmen bidea festa moduan azaldu eta irudikatu nahi dugu" aipatu du.

Marijek 18 bat urte daramatza katekista moduan, eta oraindik ere hasierako ilusioarekin jarraitzen du bere lanean. "Gure helburua umeei sinesmenean sartzea da. Gure sinesmena umeei erakustea, alegia. Eta aurtengo egunaren lemak ere hori erakusten  du. Jarrai niri horixe da: umeak sinesmean, eta zehazki, Jesusi jarraitzea» esan du.

Apaizaren esperientzia lagungarri

Abenduan hasi ziren prestaketekin. "Goizetik hasiko gara, eta lehenengo ekintza, harrera gisa,  haurrek danborra joko dute. Hiru abesti joko dituzte: Gora Zumaia, Hau dek hau eta Txuriurdin. Harrera egin ondoren, eta Zuhaitz eguna dela aprobetxatuz, Forondara igoko gara gu ere hainbat zuhaitz landatzera" adierazi du.

Gero, Ondartxo plazara joango dira tailer bat egitera. "Gure katekesiko haurrek marrazki pila bat egin dituzte aurretik, eta larunbatean  marrazki horien atzean beraien desioak eta ametsak idatziko dituzte. Ondoren marmita batean sartuko dituzte. Zergatik marmita batean? Garai batean familien gosea kentzen zuen tresna zen, familia mantentzen zuena. Orduan metafora moduko bat egin nahi dugu eta gaztetxoen desioak eta ametsak marmitan sartuko ditugu" kontatu du.

Ekintza horren ondoren hondartzara joango dira eta beste tailer bat egingo dute, "sekretua da oraindik". Bazkaltzera Maria eta Jose ikastetxera joango dira eta han arratsaldean hainbat tailer egingo dituzte. "Festa hau Zumaian izanda, nola ez, olagarro tailerra egingo dugu, esaterako. Egunarekin amaitzeko eskolako aretoan omenaldi bat egingo diogu Justo Osa eta bere familiari, eta baita Maria eta Joseko mojei ere".

Mikel Biain urrian etorri zen apaiz herrira. Aurretik, Bergaran apaiz izan zenean, Haur Misiolarien eguna ospatu zuen orain bi urte. "Bere esperientzia oso garrantzitsua izan da guretzat. Ekintzak antolatzeko garaian asko lagundu digu. Amaitzeko, gogoratu nahi dut herriko ume guztiak gonbidatuta daudela gure festan parte hartzera" esan du Marijek.

Erlazionatuak