Martin, aurtengoa ahaztezina izan da benetan

Iruditan Martin, Alberto Revuelta handiarekin talde lanean.

Marina D'Orren jokatu zen Espainiako taldekako txapelketara joan behar zuen egunaren bezperan Martin Amilibia korrikalariak euskal selekzioko hautatzailearen deia jaso zuen esanaz txapelketa honetan lan ona eginez gero, aukerak izango zituela selekzioan sartzeko.

Plazagizona izan arren, presioa igarri zuen Martinek bidaia osoan. Hala ere, ez zuen kale egin eta lasterketa bikaina egin zuen: taldeka aurreko urteko bederatzigarren postu historikoa berdindu zuen Oñatiko Aloña Mendik.

Gauzak horrela, pasa den igandean Gijonen jokatu zen Espainiako txapelketara Euskadiko selekzioarekin joan zen Martin, hautatuen artean. Taldeak lan ona egin zuen eta 17 selekzio parte-hartzaileetatik seigarren egin zuen; iazko bosgarren postutik oso gertu geratu zen. Meritu handiko emaitza da, kontutan izanda Ivan Fernandez eta Chakib baja garrantzitsuak zirela.

Amilibiaren lasterketa bikaina

Azkena ezetz zen asteburu pasa Gijonera hurreratu ziren lagunek eta familiarrek sortutako Whatsapp taldearen izena. Halako lasterketa batean dagoen maila kontutan hartuta, zumaiarra azken postuetan sufritzen ikusteko prest zeuden. Baina, zerbait badute belar usainak eta lokatz zipriztinek Martin korrikalari berezia bihurtzen dutena. Amets hau berriro errepikatzea zaila izango denaren jakitun, bere jarrera ez zen izan lotan bizitzearena, baizik eta, lagunek zeramaten pankartak zioen bezala, ez barkatzearena.

Selekzioko bederatzi partaideetatik sei azkarrenen puntuaketak hartzen dira kontutan eta Martin, guztion harridurarako, bosgarren izan zen; taldeko emaitzan eragin handia izan zuen postua eskuratu zuen. Urruti geratu ziren azken postuak eta ondo merezitako amaiera eman zion aurtengo kros denboraldiari. Aukera ondo baino hobeto aprobetxatu izanaren gozamena du Martinek.

Etorriko dira lesioak eta ahazteko gogoa ematen duten emaitzen garaia, baina aurtengoa ahaztezina izan da benetan.

Lasterketa hau aurrez grabatuta ikusi nahi dutenek gaur dute aukera, 15:30an, Teledeporten. Zumaiarra ikustea, hori bai, zail xamarra izango da.

Erlazionatuak

Martin Amilibia: “Aurten beste jauzi bat eman dut eta gustura nago”

Zumaia

Futbolean 13 bat urtez jardun ondoren, atletismorako jauzia egin zuen Martin Amilibiak duela lau urte eta erdi. Hiru urtez Donostiako Atletico San ...