Hordagoa jotzeko ordua iritsi da

Baleike 2017ko mar. 13a, 11:48

Hilaren 25an, Euskal Herriko IX. Mus Txapelketako finala jokatuko da Anoetan (Gipuzkoa). Eskualdetik lau bikote sailkatu dira, eta horietako bat Gorka Murillo eta Oier Mora herritarrek osatutakoa da.

Gorka Murillok eta Oier Morak osatzen duen bikoteak baten esperientzia eta bestearen freskotasuna lotzen ditu. Elkarrizketa hasi orduko bistakoa da hori, eta gainera, Oierrek berak ere aitortu egin du: “Ni ez naiz batere ona musean, hemen Gorka da aditua eta jokatzen esperientzia gehiago duena” esan du erdi barrez.

Oraindik gogoratzen dute lehenengo aldiz txapelketa batean parte hartu zuten eguna. Narrondoko festak ziren, eta izugarri gaizki jokatu zuten. “Kalera joan ginen segituan, baina ordutik banuen nik berriro Gorkarekin jokatzeko gogoa. Horrelako feeling moduko bat dugu, berak ongi ezagutzen nau ta badaki, nik ezer esan gabe, zer karta ditudan eskuan. Normalean behintzat asmatzen dizkit” aipatu du Oierrek.

Gorka karta-jokoen zalea da, betidanik, txikitatik. Familiatik datorkion zerbait da. Zumaian, hilean behin mus txapelketa antolatzen da pare bat tabernetan, eta beti joaten da koadrilako Igor Aldabaldetrekurekin. Hain zuzen, urtarrilean jokatu zen txapelketaren ondorioz irabazi zuen Gipuzkoako finalean jokatzeko txartela. “Hilero bezala Igor eta ni mus saiora joan ginen. Esan ziguten, betiko txapelketaz gain, Gipuzkoako finalerako txartela eskuratzeko aukera zegoela. Normalean baino bikote gehiagok hartu genuen parte egun hartan. Zumaiatik, lau bikotek lortu genuen Gipuzkoako finalerako txartela” kontatu du Gorkak.

Gipuzkoakoa, Ibarran

Euskal Herriko Mus Txapelketako finala jokatu aurretik, herrialde bakoitzeko finalak jokatu ziren otsailean. Gipuzkoako kasuan 25ean izan zen, Ibarran. “Gorka bikotekide gabe gelditu zen, izan ere, egun horretan Igorrek ezin zuen joan parte hartzera. Orduan ni eskaini nintzen” esan du Oierrek. Gorkari ongi iruditu zitzaion eta biak joan ziren Ibarrara Zumaiako beste bikoteekin batera. Han, antolatzaileek ez zien inongo arazorik ipini eta biek jokatu zuten.

Guztira 148 bikote izan ziren finalerako txartelak eskuratzeko lehian. Lehenengo partida Altzoko bikote gazte baten kontra egin zuten. 35. mahaian jokatu zuten. “Oso urduri zeuden aurkariak, batez ere horietako bat” gogoratu du Oierrek. “Segituan igartzen zitzaion karta onak zituela, eta gezurrak esaten ere ez ziren oso fin ibili. Nahiko erraz irabazi genien” adierazi du Gorkak.

Hurrengo partida Trintxerpeko bikote helduago baten aurka tokatu zitzaien. “Bagenekien partida hau irabazita Euskal Herriko finalerako txartela lortuko genuela, beraz oso motibaturik joan ginen beraien aurka lehiatzera” esan du Oierrek. Baina uste baino zailtasun handiagoak izan zituzten irabazteko. “Joko azkarrarekin hasi ziren, eta segituan ustel bat egin ziguten. Bigarrengoa ere irabazi egin ziguten, eta ondorioz 2-0 gindoazen. Txapelketa honetan 30 puntu eta 3 usteletara jokatzen da, beraz partidari buelta ematea besterik ez zitzaigun gelditzen. Hurrengo jokoa irabazi genuen, eta 2-1ekoarekin jarri ginen. Momentu horretan, beste bikoteko batek berarekin soldaduzka egin zuen gizon bat ikusi zuen. Kasu egitera joan zen” jarraitu du Oierrek. “Orduan guk momentu hori komunera joan eta zerbait edateko aprobetxatu genuen. Lasaitu eta animoak eman genizkion elkarri. Eseri ginen, jokatzen hasi eta buelta eman genion partidari. Karta hobeagoak etorri zitzaizkigun, gezurrak esaten eta asmatu genuen… Oso gustura jarri ginen txartela lortu genuelako” esan du Gorkak.

Finalerako txartela lortuta, Gipuzkoako txapelduna izateko lehia hasi zen momentu horretatik aurrera. Beraz, hirugarren partida bat jokatu zuten. “Kasualitatea da baina, hirugarren bikote honetako gizon bat, aurreko aurkariarekin soldaduzka egin zuen gizon bera  zen” gogoratu du irribarretsu Oierrek. Partida hau galdu egin zuten, ondorioz, kaleratuak izan ziren. Baina Gipuzkoatik Euskal Herriko finalerako sailkatu ziren 32 bikote horien artean sartu ziren. Zumaiatik bakarrak.

Finalean, gozatzera

Martxoaren 25ean jokatuko da final handia Anoetan. Guztira, zazpi probintzietatik etorritako 128 bikote izango dira. Ez dakite zehatz nola izango den finala, baina partida bakoitzean bikote bat kanporatzen izango dela uste dute. Goizeko 09:00etan hasiko da eta Oierri gaueko txandan lana egitea tokatzen zaionez, ia jarraian joan beharko du. “Ibarrara joan ginenean, Gorkari tokatu zitzaion gauez lana egitea, baina orduan gutxienez arratsaldean hasten zen txapelketa eta beraz goizean lo egin zuen. Ederra daukat nik orain” esan du barrez.

Beraien helburua gutxienez eguerdi arte irautea da. “Behin haraino joanda, lehenengo partidan kalera joatea ez dugu nahi. Eta beno, sarietan sartzen bagara, askoz hobeto!” aipatu du Gorkak. Asmoa gozatzera irtetea da. “Karta-jokoetan azkenean zortea ere behar izaten da, eta beraz, gozatzera irten eta ongi pasatzeko helburuarekin joango gara” jarraitu du. “Lehenengo aldia da horrelako txapelketa batean parte hartzen dudana. Batez ere bertan dagoen giroarekin gelditzen naiz; oso sanoa, jendea jatorra, umore puntuarekin… Jendea ezagutzeko aukera ona da, eta baita denbora pasa gisa ere” nabarmendu du Oierrek.

“Ongi dago jendea ezagutzea eta hori guztia, baina kanporaketa aurrera joan ahala, ez da bromarik izaten. Eta sari potoloetara iristen bazara... argi! Hemen ez dago lagunik” gogoratu dio barrez Gorkak. Koadrilako lagunak biak, elkar ezagutzearen abantailarekin jokatuko dute. Horixe da beraien estrategia bakarra.