Gazteak dira Zumaian euskara gehien erabiltzen dutenak

Baleike 2017ko mar. 9a, 09:40
Belen Uranga, Alondegiako aurkezpenean.

Euskararen kale erabilerak bost puntu egin du gora Zumaian azken bost urteotan, Soziolinguistika Klusterrak egin duen kale neurketaren arabera. Kalean entzundako hamar elkarrizketatik ia sei (%57,8) izan dira euskaraz. Emakumeek gizonezkoek baino gehiago erabiltzen dute, eta poligonoetan gehiago hitz egiten da herrigunean baino. Duela bost urte ikusitako joerari eutsiz, 14 eta 25 urte arteko gazteak dira euskara gehien erabiltzen dutenak (%79,7), eta goranzko joera nabarmenarekin aurreko inkestekin alderatuta (2006an %64,9). Belen Urangak aurkeztu zituen datuok, atzo Euskara Bestela ez gara hitzaldi zikloari amaiera jarri zion saioan.

1989tik neurtzen da euskararen erabilera kalean, modu sistematikoan, bost urtetik behin. Lehen aldi hartan 47 herri neurtu ziren, denak 10.000 biztanletik gorakoak. Iaz zazpigarren kale neurketa egin zuten, Euskal Herri osoko 129 udalerritan, 450.000 herritarren hizkera neurtu zutelarik. Izugarrizko lagina, beraz.

Datuak biltzeko ez dira kale inkestak egiten, kalean entzundakoa da jasotzen dutena. "Gu kaletik goaz eta apuntatzen dugu jendeak zer hizkuntza erabiltzen duen entzuten ditugun elkarrizketetan, inor ohartu gabe", azaldu zuen Belen Urangak. Horrez gain, bereizten dute hizlaria emakumea edo gizona den, eta zer adin tartekoa: haurra (14 urte arte), gaztea (14-24), heldua (25-65) edo adinekoa (65etik gora). Eta azkenik, kontuan hartzen dute baita ere elkarrizketa horretan haurrak ote dauden tartean, eta nork-nola hitz egiten duen.

Zumaiako kale neurketari dagokionez, iazko iraileko eta urriko sei egunetan egin zuten. Guztira, 1.411 elkarrizketa entzun zituzten, eta 3.964 hiztunen erabilera neurtu. Eta azken neurketa honek emandako datu orokorra da Zumaian %5 igo dela euskararen erabilera azken bost urteotan, %52,8tik (2011) %57,8ra. Hamar urte atzera egiten badugu, ikusiko dugu 2006ko datutik gertu dagoela gaur egungoa, orduan %56,4 izan baitzen neurtutako euskararen kale erabilera. Kontuan hartu behar da zumaiarren %71,5 dela euskalduna (6.525), %15,8 (1.444) ia euskalduna kontsideratzen dela, eta %12,7 direla erdaldunak.

Inguruko datuekin alderatuta, Zumaia Gipuzkoako batazbestekoaren (%32,7) gainetik dago nabarmen, baina Urola Kostakoaren azpitik (%71,5). Esate baterako, Azpeitian %83,7k daki euskaraz eta %81,8koa da kalean neurtutako erabilera (2011ko datua da hau). Aldiz, Zarautzekin alderatuz gero, badaude aldeak. Ezagutza maila bi herrietan oso antzekoa da –Zumaian %71,5 eta Zarautzen %70–, baina erabileran badago koska bat herrien artean: %57,8 Zumaian eta %50 Zarautzen.

Gazteek, emakumeek eta poligonoetan

Datuak zehatzago aztertuta, berriro ikusi da Zumaian gazteak direla euskara gehien erabiltzen dutenak. Duela bost urte deigarria egin zitzaien datua ikerlariei, eta azken kale neurketa honetan indartu egin da goranzko joera. Azken urteotan 15 puntu egin du gora euskararen erabilerak gazteen artean, eta hori ez da datu batere ohikoa, Belen Urangak atzo aitortu zuenez. Esate baterako, Zarautzen, gazteen %54,9ak erabiltzen du euskara kalean: ia 25 punntuko aldea. 2006an 14-24 urte arteko Zumaiako gazteen %64,9a zen euskara erabiltzen zuena; 2011n %70,9ra igo zen datua, eta 2016an %79,7ra.

Gazteen ondoren, haurrak dira gehien erabiltzen dutenak, %75,1; eta gero datoz helduak (%49,1) eta adinekoak (37,5). Helduen artean igo egin da erabilera eta adinekoen artean jaitsi.

Aurkezpenean bildutakoei deigarria egin zitzaien beste datua: poligonoetan hitz egiten da euskara gehien, elkarrizketen %62,7, hain zuzen ere. Ia 13 puntuko igoera 2006tik. Gero, Parolaldea dator (%57,8), eta azkenik erdigunea (%53,2). Eta emakumeek gizonek baino gehiago erabiltzen dute: %59,6 eta %55,8, hurrenez hurren.

Azkenik, elkarrizketan haurrik ba ote dagoen ere aintzat hartzen dute alderaketak egiterakoan. Ondorio nagusia da haurrek naturaltasun osoz egiten dutela euskaraz beraien artean edo heldu bat tartean egonda; aldiz, nagusiek askoz gehiago egiten dute euskaraz tartean haur bat baldin badago.