Ardantzabideko bizilagunak haserre dira jarritako isunengatik

Baleike 2017ko ots. 27a, 15:49

Gaur goizean jarri da martxan Ardantzabideko aparkamendua arautzeko sistema berria. Hasiera, baina, zalapartatsua izan du: lehen ordutatik isunak jarri dizkiete egoiliarren eremuan txartelik gabe aparkatuta dauden kotxeei. Horrek haserrea piztu du bizilagunen artean.

Auzategian BM supermerkatu bat zabalduko da etorkizun hurbilean. Hori dela-eta, auzategiko aparkamenduak arautzeko plan bat onartu zuen Zumaiako Udalak pasa den azaroan. Honen arabera, aparkalekuen % 75 egoiliarrentzako izango da eta gainerakoak aparkaleku libre gisa eskainiko dira.

Araudi berriaren lehen pausoek ez dute esperotako emaitzak eman. Goizeko lehen ordutatik ibili dira udaltzainak egoiliarren eremuan txartelik gabe aparkatutako kotxeei isunak jartzen. Auzotarren WhatsAppeko taldeak sutan izan dira erabaki honengatik. Bizilagun hauetako asko Udaltzaingora hurreratu dira errekurtsoak jartzera eta isunak baliogabetzeko eskatzera.

Udaltzainek beraien lana egiten ari direla azaldu dute. “Egunean zehar hainbat aldiz pasatzeko agindua daukagu, eta egoiliarren eremuan bertako txartelik gabe aparkatuta dauden ibilgailuei isuna jartzea da gure lana”, gaineratu dute.

Ez da hau bizilagunek espero duten erantzuna. “Nola ulertzen da goizeko 8etan egoiliarren eremuan aparkatuta dauden 20 kotxeri multa jartzea, eta, aldiz, beste aldean, marra horian daudenei ez jartzea?”, esan digu Ardantzabideko bizilagun batek. Bere izen-abizenak ez jartzeko eskatu digu. Bere esanetan, udaltzainek orain arte utzi dute marra horiko eremuan aparkatzen. “Udala legez kanpokoa den toki batean aparkatzera gonbidatzen ari da, hau da, marra horia dagoen tokian. Eta hori ezin du egin”.

Auzoaren egoeragatik kexu da bizilagun hau. “Kontua da auzoa oraindik bukatu gabe dagoela. Ez ditugu ez paperontzirik, ez aulkirik; zaborra botatzeko aukera ere ez da batere egokia, hilabetetan txakur kaka pila bat eduki dugu... Egia esanda nahiko utzita egon da auzoa. Eta orain, oraindik guztiz bukatu gabe dagoenean, erregulazio maila gorenena iritsi gara, hau da, egoiliarrentzako aparkalekuak jarri dizkigute”, aipatu du.

Ardantzabideko etxeetako atarietan udal bandoak ezarri dira baina, hala ere, ezjakintasun handia egon da. “Udalaren abisu horiek Udalak berak jarritako paneletatik kanpo daude, eta, gainera, paper hauek ez dute komunikazio bidea ziurtatzen. Benetan bizilagunei zerbait komunikatu nahi bazaie beste bide batzuk hartu behar dira, gutun pertsonalak, adibidez”, nabarmendu du bizilagun honek.

Beste zenbait bizilagunek eta herritarrek salatu dute  ez zekitela aparkaleku sistema astelehen honetan bertan ezarriko zela. “Bagenekien aparkamenduak arautzeko neurri hau udara begira prestatutakoa zela, baina, pentsatzen genuen ekaina aldera jarriko zutela martxan, ez orain”, kexatu zaie herritar bat udaltzainei. 

Txartela lortzeko aukera

Oraindik egoiliarren txartela eskuratu ez duten auzokideek udaletxean eskatu ahal izango dute. Horretarako, ordea, beharrezkoa izango da ibilgailua aldez aurretik auzoan bertan erroldatuta egotea. “Tramite hau 15 egun barru egiteko aukera izango da udaletxean bertan”, adierazi digu Ardantzabideko bizilagunak. “Lehen ibilgailua norberaren kalean erroldatzeko Trafikora joan behar izaten zen, baina udaletxeak bertan egitea lortu du. Hori oso ondo dago, baina, ordura arte zer egin behar dute txartelik ez duten bizilagunek?”, galdetu du.