GUTUNA: Ismael Manterolaren gutunari erantzunez

Joseba Esnal Albizu 2017ko ots. 23a, 10:09

Idatzi hau 2017ko otsailaren 21ean argitaratutako gutunaren erantzuna da eta nire izenean nahi nuke nire iritzia eman. Niri dagokidanez.

Lehendabizi, adierazpen hau egin nahiko nuke, dudarik egon ez dadin nire iritzia zein den gaur egun errefuxiatuekin Europako nazio desberdinetan gertatzen ari denaren inguruan: "Defendatzen ditut eta sustatzen ditut giza-eskubideak. Errefuxiatu aberrigabeen, lekualdatuen eta migranteen garapen integrala, babes internazionalen beharrekin eta/edo bazterketa arriskuan daudenak". Beraz, Zumaian errefuxiatu, aberrigabe eta migranteen eskubideak defendatzen ditut eta beraien garapena sustatzen dut.

Otsailaren 10ean Aita Mari zine aretoan eta otsailaren 12an egindako eszenifikazioak eta monolitoaren zabaltze ekitaldia 1937ko otsailaren 13 eta 14ko kanporatuei eskainitako omenaldia zen. Bai, kanporaketak, herriko emakumeek eta umeek, orduko agintari faxistek, militarrek, falangistek eta herriko erreketeek parte hartu zuten kanporaketa hauetan.

Beste herri askotan gertatzen ari den bezalaxe, ekintza hauetan, memoria historikoaren gaien bultzatzaile nagusiak elkarteak izaten dira eta hauek, nik ezagutzen ditudan guztiak, irabazirik gabeko elkarteak dira. Hau da, ez dira historialari profesionalak, ez da gutxi ere. Monolitoak nolakoa izan beharko lukeen ez dakit, ni ez naiz aditua; hirigintzako teknikoak eta margolari profesionalak hartu zuten parte. Eta guztiek asmo eta helburu batekin: egia jakitea, justizia izatea eta erreparazio eskubideak jasotzea. Hauek dira memoria historiaren arloan eta egin diren ekintza guztietan lortu nahi izan dena

Jakinaren gainean jarriko zaitut otsailaren 10ean eta 12an egin nahi zena horixe zela, 80. urteurrena ospatzea. Memoria historikoaren barnean, 1936 eta 1948 urteen artean. Zergatik 1948ra arte? Udaletxeko agintari zibilak militarrek aukeratzen zituztelako, ‘a dedo’, Gerrarako Karlista Juntak erabakitzen zuelako, herriko frankisten onarpenarekin. 

Memoria historikoa ez, oraingo memoria ekarriko dizut gogora. Orain dela urte gutxi, presaka eta korrika, omenaldi bat egin zitzaien kanporatuei. Nik neuk gogora ekarri behar izan nion udaletxeari 1937ko otsailean gertatutakoaren 75. urteurrena betetzen zela eta merezi zutela halako omenaldia egitea. Esan behar dizut ekitaldi hura ez zela nire gustukoa izan, ez eta bertara azaldu ziren pertsona askorentzat, nola antolatu zen eta bestelakoak, baina ixil-ixilik egon ginen eta errespetatu egin genuen ekitaldia. Hura bai zela ondo pentsatu gabeko ekitaldia, inprobisazioa izan zen nagusi.

Baita ere, zure memoriara ekarri nahiko nuke udaletxeko alderdi guztiek 2015-2025 Plan Estrategikoa onartu zutela aho batez, herritarren partaidetzarekin, gainera. Bertan, hasieratik, eta batzuk horrela eskatu genuelako, atal bat dago memoria historikoari buruz, hau jorratzeko eta betetzeko, eta batzuek, nik horien artean, interesa ipini genuen eta udaletxeari eskaini genion memoria historikoari buruz gure aportazioak eta ekarpenak azaltzea. Hasieratik hor nabil.

Udalak Aranzadi Elkartearekin egindako hitzarmena gogora ekarri behar al dizut? Jorratu diren hitzaldiak eta erakusketak? Ikastetxeetan halako mintegiak emango dituztela memoria historikoari buruz? Turismo bulegoan Aranzadik irekitako bulegoa jendeak eraman zitzan orduko dokumentazioak, argazkiak, testigantzak eta abar? Eta memoria historikoari buruz, zenbat gauzak egin diren azken 19 urte hauetan, naiz eta norbaitek esan gauza gutxi egin direla eta hauek ez direla oso ezagunak? Hori ere entzun genuen antolatutako bilera batean, 2016. urtean hain zuzen ere.

Monolitoa edo monumentu hau, deitu ezazu nahi duzun bezala, hasierarik zegoen ipintzeko asmoa. Kokapena egokiena da, eta bazen garaia gure herrian kanporatuak izan zirenei egia, justizia eta halako erreparazioa egitea. Honako eta bestelako ekintzak eta ekitaldiak dira memoria historikoarekin zer ikusia dutenak, aspalditik lanean ari garelako, batzuk behintzat, eta ez gara adituak, udaletxearekin batera prestatzen. Ez zen asmoa urteurrena tamalgarri hau ospatzea bakarrik; beste gauzak lantzeko ere asmoa dago eta laster ikusiko dira emaitzak.

Bukaeran aipatzen duzun afirmazioarekin ere ez nator bat zurekin. Ni minduta sentitu naiz, baita nire familiakoak, nire senitartekoak, kanporatuak izan ziren pertsona asko eta kanporatuak izanda, gaur egun Zumaiatik kanpo bizi direnak ere.

Non egon zara orain arte gai hau jorratzeko eta zure aportazioak edo ekarpenak emateko, aukera izanda? Zein da argitaratu duzun zure gutunaren asmoa? Bazterrak nahastea? Protagonismoaren falta? Memoria historikoaren gaia kontrolatu ezina? Edo zerbait erakutsi, agertu edo frogatu nahi duzu?

Erlazionatuak