Nola jaitsi dezakegu argindarraren faktura?

Goienerreko Alex Lopez, atzo Oxforden emandako hitzaldian.

Goiener kooperatibako kide bat Zumaian izan zen herenegun Eskubide Sozialen Kartak deituta. Argindarraren faktura bat nola ulertu eta ordaindu beharrekoa jaisteko zer pauso eman daitezkeen azaldu zuen.

Azken asteotan hizpide izan da argindarraren igoera. Euririk ez duela egin, haizea munduaren beste puntara joan dela putz egitera edo Aljeriatik erosten den gasa garestia dela. Mila eta bat aitzakia jarri dituzte enpresek eta Espainiako Gobernuak igoera justifikatzeko. Horren aurrean zerbait egiterik ba al da argindarraren faktura jaisteko?

Galdera horri erantzun zion Goiener kooperatibako kide Alex Lopezek Eskubide Sozialen Kartak antolatutako bileran. Orain hamar egun kooperatiba beraren berri eman zuen Goienerrek; oraingoan, berriz, faktura bat nola irakurri behar den eta, garrantzitsuena, ordaindu beharreko kopurua nola jaitsi daitekeen azaldu zuen.

Argindarra komertzializatzeko orduan bi era daudela azaldu zuen Lopezek: merkatu librea eta merkatu arautua. “Merkatu librean enpresa beraiek ezartzen dituzte prezioak eta ezin dute bono sozialik eman. Araututakoan, berriz, prezioak Gobernuak eta bost enpresa handiek (Endesa, Iberdrola, Union Fenosa, HC Energia eta Enel Viesgo) ezarritakoak dira. Hauek badute bono soziala emateko aukera. Zalantzarik gabe, merkatuko prezio merkeenak daude hemen”, adierazi zuen.

Bono soziala eskuratzeko aukeraren berri ere eman zuen adituak. Horretarako zenbait baldintza bete behar dira: 3 kilowatt-ordu (kwh) baino gutxiago kontratatuta izatea, familiako kide guztiak langabezian egotea edota familia ugaria izatea, hurrenez hurren. “Badago eskaera egiteko Gobernuaren webgune bat, baina bulego fisikoetan, gure kasuan Iberdrolarenean, behartuta daude informazioa ematera”.

Fakturan zer begiratu

Argindarraren faktura bat ulertzea ia ezinezkoa da gai honetan aditua ez bagara, behintzat. “Enpresa batzuek gauzak lekuz aldatzen dituzte oraindik gutxiago uler tzeko.

Alex Lopezen esanetan, hiru dira faktura batean kontutan hartu behar diren puntuak. “Batetik CUPS izenekoa dugu. Hornitzaile puntuaren matrikula da hau. Etxeetara komertzialak etortzen direnean eta faktura bat eskatzen dutenean, CUPS horren bila aritzen dira. Zenbaki horrekin eta datu pertsonalekin kontratu mota alda dezakete gu ohartu gabe”. Komertzialei fakturak ez erakustea gomendatu zuen. “Ez utzi inoiz faktura haien eskura. Eskaintza bat badute, idatziz egitea eskatu eta esan erantzungo zaiela”,

Kontutan hartu beharreko beste bi puntuak kontratatutako potentzia eta peajea deritzona dira. “Kontratatutako potentziaren arabera jakin dezakegu zenbat tresna entxufatu ditzakegun”.  Argindarraz gain gas zerbitzua ere kontratatuta badugu, 3,3 kwh-ko potentziarekin nahikoa dela esan zuen; etxean gasik ez bada, ordea, 4,4 koa beharko genuke, adituaren ustetan.

Peajeari dagokionez, etxebizitzen %80 inguruk 2.0A deritzona duela informatu zuen. “Horrekin eguneko ordu guztietan prezio bera du argindarrak”. Beste %20ak 2.0DHA izeneko peajea du. “Honekin eguneko zenbair ordutan argindarra merkeagoa da”.

Faktura gutxitu

Baina, nola jaitsi dezakegu enpresei ordaintzen diegun dirua. Goienerreko kideak zenbait adibide eman zituen. “Faktura batean potentzia, kontsumoa, zerga elektrikoa, kontadorearen alokairua eta BEZ daude. Beste guztia estrak dira eta horiek kentzea eskatu daiteke”.

Faktura gutxitzeko modu eraginkorrena kontratatutako potentzia jaistea dela nabarmendu zuen. “Urtean fusibleak pare bat aldiz ez badu salto egiten, seinale potentzia handiegia dugula kontratatuta. Jaisten den tarte bakoitzeko 60 euro aurreztu daitezke urtero. Jaitsiera hau, baina, kontuz egin behar da”.

Peajean 2.0DHAra aldatzea izan daiteke beste era bat. “Neguan 22:00etatik 12:00etara izaten da prezio merkea eta udan 23:00etatik 13:00etara. Eguneroko jardueren %30 prezio merkeko unean eginda, dirua aurrezten hasi gaitezke eta erdia garai horretan eginda aurrezki interesgarriak lortu ditzakegu”.

“Hala ere”, amaitu zuen Lopezek, “kwh merkeena erabiltzen ez dena da”.

Erlazionatuak

Goiener, argi izpi bat iluntasunean

Zumaia

Merkatu libre eta irekia omen da argindarrarena baina, errealitatean, sistema iluna da oso, korapiloz josia, erabat ulergaitza. Herritarrari ezinta...