“Gauzak aldatzen hasteko modu bat da”

Baleike 2017ko ots. 19a, 11:35
Josu Uranga, Alfonso Garcia eta Leire Arano.

Egun batean, betiko enpresarekin kontratua eten eta Goienerreko bazkide eta bezero egitea erabaki zuten Leire Aranok, Alfonso Garciak eta Josu Urangak. 50 bat zumaiar dira Goienerreko bazkide.

 

Zergatik erabaki zenuten Goienerrera aldatzea?

Leire Arano: Ni 2014an egin nintzen bazkide. Hasieran kanpaina handi samarra egin zuten, baina urratsa emateko konfiantza Alfonsok [Garcia] transmititu zidala esango nuke. Kooperatibista bezala ez dut parte hartzen aktiboki kontsumitzaile hutsa naiz. Zergatik Goienerrera pasa? Kontzientziagatik, energia berriztagarriak eskatzeko eta bultzatzeko modu bat zela pentsatu nuelako. Hasieran, kezka pixka bat baneukan, kooperatibista izateak zer eskatuko zidan, denbora eskaini behar ote nion. Aukera hori badago, nahi izanez gero, baina ez da nahitaezkoa.

Alfonso Garcia: Ni hasieratik nago, 85 zenbakidun bazkidea naiz. Goienerreko bilera batera joan nintzen, ez nagoelako ados argindarraren sistemarekin. Ikusi nuen jendea behar zutela laguntzeko, lan ildo asko zeudelako zabalik. Bakoitzak bere arloa aukeratu zuen. Ni kooperatibista naiz eta mundu horrek erakartzen nau. Goiener kooperatiba denez, tramite asko bide horretatik egiten dira eta orduan neuk ikusi nuen hor lagun nezakeela, eta horretaz arduratzen naiz, Goienerreko idazkaria naiz, boluntarioa. Boluntario talde bat dago, lan asko egiten laguntzen dugunak. Goiener erreibindikatzailea da, baina, aldi berean oso zorrotza legea betetzeko orduan. Argindarraren sektore hau oso konplexua eta zaila da eta kontu handiz egin behar dira gauzak. Jende asko ari gara inplikatzen eta ahalik eta zorrotzen jokatzen saiatzen gara.

Josu Uranga: Lehen erreferentziak Alfonsoren bidez izan nituen. Gero, aurkezpen bat egin zen Zumaian. Nik bi motibazio garbi izan nituen. Lehena, Iberdrola bistatik kentzea. Niretzat nahikoa zen faktura berbera beste izen batekin jasotzea. Eta Iberdrola bezala, BBVA edo betiko beste enpresa handi hauetako edozein. Baina gero ikusi nuen proiektuak berak ezaugarri oso erakargarriak dituela, kooperatiba izatea, energia berriztagarriak bultzatzea, herrikoa izatea, energia ekoizle izateko helburua… Neuk ere kontsumitzaile bezala hartzen dut parte, ez dut bestelako inplikaziorik.

Ingurukoek nola ikusten dute aukera hau?

Leire: Hasieran bazkide egin behar da, badago urrats aktibo bat, eskatzen du tramitazio bat egitea. Merkeago balitz jende gehiago apuntatuko litzateke. Batzuek galdetzen dute merkeago ote den, eta ezezkoa erantzutean “orduan zertarako” esaten dute. Beste enpresa erraldoi horiek ez direla hondoratuko pentsatzen du jendeak, eta orduan ez aldatzea erabakitzen dute. Zertarako arriskatu.

Josu: Baina tramitea oso erraza da, segituan egin daiteke ordenagailuz [hamar minutuan egin daitekeela probatu dugu]. Jendeak sekulakoak esaten ditu Iberdrolakoen kontra, baina gero aukera bat sortzen da eta ez dugu urratsa egiten. Zerbait egin beharko da, ba!

Leire: Azken aldian, argindarraren prezioaren igoerarekin, jende gehiago ari da bazkide egiten. Hitzaldi asko ari dira egiten herriz herri, faktura esplikatzeko, adibidez, eta ekitaldi horiekin jendeak errazago ematen du urratsa.

Alfonso: Goienerrek ez du soilik argindarraren salmenta eskaintzen. Bere helburuetako bat da argindarraren sistema eraldatzea, hor eragitea, behintzat. Eta hor sartzen dira militantzia, boluntarioak… Enpresa bezala, gure bereizgarria da saltzen dugun energia guztia berriztagarria dela eta jarduera guztia izan dadila ahalik eta lokalena. Lanpostuak ere hemen sortzen ditu.

Baina energia sortzeko pausoa falta da oraindik…

Alfonso: Horretan ari gara. Hiruzpalau lan ildo ari gara lantzen Goienerren. Bat, salmentarena, eta hau izan da azkarren garatu dena. Bi, boluntarioen antolaketa, eta horretarako elkarte bat daukagu. Eta hiru, energiaren sormena. Horretan ere ari gara lanean, baina bere erritmoa dauka. Bideragarri izan nahi dugu.

Nola konbentzituko zenukete zalantzan dagoena?

Josu: Oso sinplea dela tramitazioa. Alde soziala bilatzen ari dena, entera dadila zer den Goiener eta zer aukera eskaintzen dituen parte hartzeko. Eta hori bilatzen ez duenak irabaziko duena izango da Iberdrola bistatik kentzea, eta hori ez da gutxi. Nik eduki dudan erlazioa askoz gertukoagoa da. Nik konparatuko nuke Urbilen edo auzoko dendan erostearekin. Gertuko harremanean dago aldea.

Alfonso: Goienerren erosten baduzu, energia berriztagarriak ari zara bultzatzen eta planetaren egoera hobetzearen alde ari zara. Argindarren inguruan dagoen iluntasunari aurre egiten lagunduko duzu, gu oso didaktikoak garelako eta saiatzen garelako gauzak nola diren esplikatzen.

Leire: Energiak oinarrizko ondasuna izan behar du. Oso ohituta gaude asko ordaintzera eta luxuzko zerbait da gaur egun. Ura ere bide horretatik doala dirudi. Momentu honetan Goienerrek merkatu nagusian erosten du argindarra besteen prezio berberean, baina badu energia berriztagarria gertu sortzeko helburua. Sistemari ezetz esan eta gauzak aldatzen hasteko modu bat da, eta ez du batere lanik. Nik ez dut sekula inora deitzeko premiarik izan. Eta ez naiz sekula argindarrik gabe gelditu.