Goiener, argi izpi bat iluntasunean

Merkatu libre eta irekia omen da argindarrarena baina, errealitatean, sistema iluna da oso, korapiloz josia, erabat ulergaitza. Herritarrari ezintasuna eta amorrua gailentzen zaizkio argindarraren prezioa neurri gabe igotzen den aldiro, eta ahalmenik gabe ikusten du bere burua negozioa kontrolatzen duten lauzpabost enpresa erraldoien aurrean. Baina hasi dira aukera berriak sortzen. Goiener kooperatiba da horietako bat. 5.700 bazkide ditu dagoeneko –tartean, 50 bat zumaiar–. Santiago Eribe de Otxoa gerenteak azaldu digu Goiener zer den.

Ordiziako egoitzan jo eta su ari dira lanean azken asteotan; bazkide egiteko eskaerak laukoiztu egin dira argindarraren prezioa igotzearekin bat. “Lan handia ari gara egiten herriz herri Goiener zer den esplikatzen, eta jendeak ezagutzen gaitu. Baina, askotan, kosta egiten da betiko enpresa hornitzailean baja eman eta horrelako proiektu berritzaile batean sartzea, oinarrietan erabat ados egon arren. Beldur pixka bat ematen du, argindarra oso garrantzitsua delako gure eguneroko bizitzan. Baina fakturan halako igoerak gertatzen direnean, jendeak nahikoa da! esan eta Goienerrekin akordatzen da”, hasi da esplikatzen Eribe de Otxoa. Normalean egunean lauzpabost lagunek deitzen dute Goinerrera bazkide egiteko; azken asteotan, berriz, 20-25 izan dira. Zerbait aldatzen hasi da.

Santiago Eribe de Otxoa, Goienerreko gerentea. Argazkia: Gorka Zabaleta

Lehenik eta behin, zer da Goiener?

Goiener irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat da, herritarrez osatua. Gaur egun, energia berriztagarria erosi eta saltzen die bere bazkide-bezeroei. Baina helburua beti izan da guk geuk sortzea energia berriztagarria gure bazkideentzat. Hori oraindik ez da posible, baina urratsak ari gara ematen.

Orduan, zuek nondik lortzen duzue bazkideen saltzen diezuen energia berriztagarria?

Energia merkatu orokorrean erosten dugu, baina ekoizleek emandako agiriekin ziurtatzen dugu guk salerositakoa berriztagarria dela erabat.

Goienerrek eskaintzen duen argindarra Iberdrolarena baino merkeago al da?

Argindarra ez da merkeagoa, denok merkatu berean erosten dugulako, prezio berean. Aldea da gurea % 100 berriztagarria dela. Baina badaude arrazoi sakonagoak gurea bezalako ekimenak bultzatzeko.

Esate baterako?

Adibidez, enpresaren eredua bera. Energiaren gaiarekin kezka zeukan herritar talde batek sortu zuen kooperatiba hau, indarrean dagoen sistema ez zitzaielako egokia iruditzen. 2012an sortu genuenean 33 bazkide ginen, tartean abokatuak, ingeniariak, ingurumen teknikariak, ekonomialariak… Gaur egun ia 5.700 gara, eta % 92 herritar soilak. Bazkideen artean badauzkagu hainbat udal, sindikatu gehienak eta enpresak ere hasi dira sartzen. Baina denek dute boto bakarra erabakiak hartzeko garaian. Erabaki garrantzitsuak demokratikoki hartzen dira. Ez dago administrazio kontseilu bat soldata ikaragarria kobratzen.

Baina Goienerreko bezero izateko nahitaez izan behar al da bazkide?

Bai, aurrena bazkide egin beharra dago, kooperatibista izan behar duzu kontsumitzaile baino lehen. Gauzak egiteko beste modu bat dagoela sinesten dugu. Kontsumitzaile huts baino gehiago izan zaitezke, erabakietan har dezakezu parte.

Energia berriztagarriak saltzen dituzue, baina sortu oraindik ez.

Gure erabakia da soilik energia berriztagarriak saltzea. Ingurumenaren aldeko apustua da. Garbi daukagu gaur egungo sistemak ondorio nabarmenak dauzkala ingurumenean eta hori aldatzeko apustua egin dugu. Egia da, gaur egun, beste ekoizle batzuk sortutakoa salerosi baino ez dugula egiten. Baina bidea ari gara egiten geure energia propioa sortzen hasteko.

Nola lortuko duzue hori?

Gure ibaietan badaude azpiegitura hidroelektriko txiki asko, batzuk utzita daudenak eta beste batzuk larri irauten ari direnak. Aukera batzuk ari gara aztertzen, eta lehen urratsak hortik etor daitezke. Zaila izango da gure bazkideen eskari guztia gure energia propioarekin asetzea, baina hasierako helburua hori zen eta ez diogu uko egin. Atzeratu egin da, araudiak ez duelako batere laguntzen.

Zer oztopo aurkitu dituzue?

Espainiako Gobernuak araudia erabat aldatu zuen 2012an, justu kooperatiba sortu zen unean. PSOEren gobernuak diru laguntza handiak eman zituen berriztagarriak bultzatzeko, neurrigabe agian; horri erantzunez, PPren gobernu berriak kontrako norabidea hartu zuen, berriztagarriei galga erabatekoa jarriz. Kooperatibaren helburua zen energia sortzea, baina egoera berriak ez zuen laguntzen. Erabaki genuen salmentatik hastea, ekimena bertan behera geldi ez zedin.

Goiener horrelako kooperatiba bakarra da Hegoaldean, baina eredua ez da zuek asmatua…

Ez, historia luzea dute energia berriztagarrien kooperatibek. 1970eko hamarkadan sortu ziren lehenak, Europa iparraldean, petrolioaren krisiarekin. Katalunian ere badago kooperatiba bat indar handia duena ­–40.000tik gora bazkide dira–, eta Espainian zehar ere sortu dira gehiago. Ipar Euskal Herrian Iener sortu berri da. Beste kooperatibekin elkarlanean ari gara, interes komunak dauzkagulako, baina erabaki dugu Hegoaldea izango dela gure lan esparrua. Gertuko enpresa bat izan nahi dugu, tokiko ekonomia bultzatuko duena.

Gaur egun zer egitura dauka Goienerrek?

Gaur egun 14 langile gara. Bulegoak dauzkagu Ordizian, Gasteizen eta Bilbon, eta gure asmoa da Iruñean eta Donostian ere bulego bana zabaltzea. Guretzat erosoago litzateke denak egoitza bakarrean biltzea, baina lehen aipatutako tokikotasuna bultzatu nahi dugu. Harremanak askoz gertukoagoak izatea nahi dugu. Zuk enpresa handi horietako batera deitzen duzunean telefonoaren beste aldekoa ez dakizu non dagoen, agian Madrilen, agian Kolonbian… Edo agian da makina bat. Guk kontrako bidea hartu dugu. Bizkaitar batek deitzen duenean, telefonoaren beste aldean bizkaieraz egingo dion norbait aurkitzea nahi dugu.

Baina langileez gain boluntarioak ere badauzkazue.

Goiener zer den gizarteratzen lan handia egiten dute. Bazkideen artean batzuek gogoa dute proiektuan aktiboki parte hartzeko eta indar hori bideratzeko Goiener Elkartea sortu genuen. Batzuk herriz herri dabiltza hitzaldiak ematean, argindarraren faktura esplikatzen…  

Erlazionatuak

“Prezioekin espekulatzeko aukera dute enpresa handiek”

ekonomia

Argindarraren sistemak nola funtzionatzen duen ulertzeko ikastaro trinkoa beharko genuke, baina argibide batzuk, behintzat, eman dizkigu Eribe de O...
“Gauzak aldatzen hasteko modu bat da”

ekonomia

Egun batean, betiko enpresarekin kontratua eten eta Goienerreko bazkide eta bezero egitea erabaki zuten Leire Aranok, Alfonso Garciak eta Josu Uran...