Martin Amilibia: “Aurten beste jauzi bat eman dut eta gustura nago”

Baleike 2017ko ots. 16a, 11:08

Futbolean 13 bat urtez jardun ondoren, atletismorako jauzia egin zuen Martin Amilibiak duela lau urte eta erdi. Hiru urtez Donostiako Atletico San Sebastian taldean ibili ondoren, aurtengo denboraldia Oñatiko Aloña Mendi Kirol Elkartean burutzen dabil. “Kros modalitatea gustatzen zait niri, eta horretarako hemen inguruko talde onenetakoa da” aipatu du. Aurtengo helburuetako bat Euskal Selekzioan sartzea eta hauekin Espainiako Txapelketa jokatzea bazen ere, lau segundoegatik kanpoan gelditu da korrikalari zumaiarra.

Otsailaren 5ean Sopuertan jokaturiko Euskadiko Kros Txapelketan Euskal Selekzioarekin Espainiako Txapelketan parte hartuko duten 9 korrikalariak zeintzuk izango diren erabaki zen.

Lasterketa hartan hainbat izendapen erabakitzen ziren. Alde batetik, egun horretako podiuma eta beraz Euskadiko txapelduna, azpitxapelduna eta hirugarrena. Eta beste aldetik, martxoaren 12an Xixonen jokatuko den Autonomia Erkidegoetako Espainiako Txapelketan parte hartuko duten 9 korrikalariak.

Nire helburua txartel bat lortzea zen, entrenatzaileak esaten zidan helburua zaila zela baina hori lortzeko borrokatu behar nuela, eta dudarik gabe horren bila atera nintzen. Hasieratik arriskatzera atera nintzen nahiz eta lasterketa oso kondizio txarretan izan: lokatza, euria, haizea... Taldetxo batean sartu nintzen, seigarren postutik hamabigarrenera zihoan taldea. Bakarren bat taldetxotik kanpoan gelditu zen eta nik eutsi egiten nion erritmoari. Nire taldekide batek harrapatu gintuen eta azkenengo bueltan sartu ginen. Egia esan lehertuta nengoen, erritmo aldaketarako ezinean. Azkenean hamargarren amaitu nuen eta selekzioarekin Espainiako txapelketara joateko txartela 4 segundogatik galdu nuen.

 Zer sentitu nuen?

Alde batetik gustura nengoen, izan ere, ni baino hobeagoak direnekin lehiatu nintzen eta beraien mailan jarri nintzen. Aurpegia eman nuen eta lasterketa ona egin nuen. Baina pena nuen, eskuekin ukitzen ari nintzen bederatzigarren postu hori eta azkenean ez nuen lortu. Oraindik aukeraren bat dagoela esaten dute. Izan ere norbait lesionatzen bada edo parte hartzeari ukatzen badio, ni naiz lehenengo ordezkoa. Txapelketara joan ez gero ziur aski azkenengo postuetan egingo dut, baina esperientzia hori bizitzeak merezi du.

Selekzioaren partaide izateko txartela ez zenuen lortu, baina taldeka bigarren egin zenuten eta horrek Marina D´Orren izango den Espainiako Txapelketan parte hartzeko aukera eman dizue.

Hori da. Euskaditik lehengo hiruetan gelditu diren taldeak joaten dira lehiaketa horretara. Nire taldea bigarren gelditu zen eta beraz, datorren hastean Castellón izango gara. Nahiz eta selekzioarekin parte hartzea ez lortu, hau ere sari bat da niretz. Iaz ni ez nengoen taldean eta oso emaitza ona lortu zuten, 9. postuan gelditu ziren. Aurtengo asmoa hori berdintzea edo hobetzea da, baina bi baja garrantzitsu ditugu eta beno, ahal duguna egingo dugu.

Zein kondizioetan topatuko duzue lasterketa eremua?

Guztiei krosa deitzen zaie baina eremuak ez dira toki guztietan berdinak, eta hango krosak ezin dira hemengoekin konparatu. Niri adibidez hemengoak hobeto etortzen zaizkit, gogorragoak dira baina nire  ezaugarrietara hobeto egokitzen dira. Klima epelagoko tokietan askoz ere azkarrago egin behar da korrika, eta niri hori gehiago kostatzen zait. Eguraldia ere hobeagoa da, ez du euririk egingo ziur aski... Lasterketa eremua beraz, hondartzatik pasako da. Santiagoko hondartza moduan, dunetatik zehar da igarotzekoa da eta hondarra ere ukituko dugu. Zailtasun eta oztopo askorik gabekoa da, ez oso menditsua eta azkarra.

Aurtengo denboraldira bueltatuz, emaitza ezin hobeak lortzen ari zara. Esaterako, Zornotzako Nazioarteko Kros txapelketan 21. egin zenuen, eta euskaldunen artetik hirugarren sailkatu zinen.

Oso gustura nago bai. Azkenean horrelako lasterketetan zure moduko taldetxo bat aurkitzen baduzu ongi joaten zara. Egia esan mundu mailako korrikalari onenetakoak etortzen dira eta hauek hasieratik beste erritmo bat jartzen dute. Horietako asko kirol honetatik bizi dira, edo behintzat diru sarrera bat dute. Orduan ezin duzu jende horrekin lehiatu.

Elgoibarko Nazioarteko txapelketan ere izan zinen.

Parte hartzeko asmorik ez nuen, Euskadiko txapelketara ahalik eta freskoen iritsi nahi nuelako. Baina beno entrenatzaileak animatu ninduen parte hartzera eta azkenean joan nintzen. Egia esan Elgoibarren parte hartzea izugarrizko esperientzia da bai duen mailagatik eta baita dagoen giroarengatik ere.

Aurreko igandean distantzia motzeko Euskadiko Kros Txapelketa jokatu zenuen Berrizen.

Uste baino hobeto atera zitzaidan. Agian presiorik gabe atera nintzelako. Irteeran nahiko aurrean ikusi nintzen eta azkenengo kilometro arte lehenengo postuegatik borrokan ari nintzen. Azkenean bosgarren gelditu nintzen baina oso gustura. Lau kilometrotako lasterketa zen, eta niretzat distantzia hori ez da egokiena. Ni ez nator diziplina horretatik, korrika egiterakoan atzetik aurrerako joera dut eta distantzia motzetan horrek ez du balio, azkar korrika egin behar baita.

Nola aurkitzen zara animoz?

Ederki, oso gustura nago. Lesio aldetik ere ondo nabil. Beti izaten dira molestiak, muskuluak kargatuta, masajistarengana joan beharra... baina ezer larririk ez. Entrenatzearen jarraikortasun horrek norbere buruarengan konfiantza areagotzen du, hobeto zaude entrenatuta eta gorputzak ere badaki. Aurten beste jauzi bat eman dudala uste dut eta oso gustura nago. Denboraldi hasieran buruan nituen emaitzak ari naiz lortzen, beraz ezin dut gehiago eskatu.

Maiatzetik aurrera pistan hasiko zara korritzen. Iaz gainera Euskadiko pistako 10 km-tako lasterketan zilarrezko domina lortu zenuen.

Gutxien gustatzen zaidan modalitatea da, baina gehienentzako garrantzitsuena da. Esaten da markak pistan egin behar direla. Oso gogorra da eta nik uste nire gaitasun eta ezaugarrietarako ez dela egokiena. Gainera denboraldi bukaerarekin tokatzen da eta gorputza ere ez dago onenean. Baina aberasgarria da bai ikasteko eta baita gogortzeko ere. Entrenatzaileari gainera gustatzen zaio guk modalitate honetan parte hartzea.

Larunbatean herriko lasterketa da. Parte hartuko duzu?

Pena handiz baina ez dut parte hartuko. Nahiago dut deskantsatu eta hurrengo astebururako prestatuago egon. Gainera astebururo lehiatze hori ez da ona gorputzarentzat. Bi asteburu jarraian lehiatu dut, biak Euskadiko txapelketak izan dira eta nahiago dut errekuperatu eta datorren asteburuan pentsatu.

Atletismoan lehenago ez hasi izanaren penarik ba al duzu?

Askok galdetzen didate hori. Bere garaian, gaztetan Donostiara joateko komentatu zidaten baina lagunik ez nuen, kirol indibiduala zen, oso sakrifikatua... Eta ez nintzen joan. Futbolean hasi nintzen Zumaiakon.

Penarik dudan? Askotan galdetzen diot nire buruari gaztetan hasi banintz noraino iritsiko ote nintzen egun, zein marka lortuko nukeen... Pena baino gehiago jakinmin hori daukat. Baina ez nago damututa. Futbolean urte oso onak pasa ditut, lagun asko egin ditut eta oso ondo pasatu dut. Futbolari ere asko zor diot. Gainera nork daki. 12 urterekin atletismoan hasita ere, agian 17rekin utzita egongo nintzen. Azkenean ez dago jakiterik.