GUTUNA: Santiagoko dunako pinuak kentzearen aurrean

Aitor Leiza. Ingurumen zinegotzi ohia 2017ko ots. 8a, 20:26

Nahiko polemika sortu dute azken urte hauetan Santiagoko dunetan egiten ari diren babeste lanek eta batzuetan behar bezala ulertzen ez badira ere, justifikazioa badute. Pinuak moztu edo ez, kezka eta egonezinak piztu dituen azken ekintza izan da. Saiatuko naiz azaltzen nondik datorren egonezin hori. Prozesura guztia ezagutzen dut eta aurreko ingurumen teknikaria ez dagoenez, zerbait argitu beharra zegoela pentsatu dut. 

43 pinu handi moztu behar zituela iragarri zuen Foru Aldundiak Baleiken. Irakurri nuenean kezkatu nintzen, ez baitut uste kendu behar direnik. Zumaiako Udaleko ingurumen zinegotzi nintzenean Jon Zulaika Aldundiko teknikariarekin izandako “bileretan” adostu genuen pinu landare txikiak kenduko zirela, eta handiak kentzekotan, suelto geratzen ziren aleak bakarrik kenduko zirela. Hala uste nuen nik eta ez zen gaizki ulertzea izan: Aranzadiko mikologia sailekoek ere berdin ulertu zuten. Kosta saileko arduradunekin eta Aldundiko teknikariekin bildu ondoren, pinuak zergatik kendu behar ez diren azaldu nahi diot Zumaiako herriari.

Argudio hauek defendatzen ditut:

1. Pinudiak sortu duen balore gehigarria.

- Duna grisa deritzon ingurua da eta bertan perretxiko mota asko ateratzen dira. Perretxiko hauek inguru horrekin lotura zuzena dute eta hauetako batzuk oso urriak dira Euskal Herrian. Hauek ez galtzeko, Aranzadi mikologia saileko kideek gutun bat bidali zieten Aldundiko teknikariei basoko masa hau mantentzeko gomendatzen, bertako perretxikoen bioaniztasuna galdu ez zedin.

- Orkidea mota asko ateratzen da bertan, ez bakarrik pinudian, zabalkuntza eremuan ere bai. Landare hauek Gipuzkoan oso arraroak dira eta hauetako bat mehatxupean agertzen da katalogoan.

2. Urolako Plan Bereziaren aurka doa.

- Plan honetan ez da aurreikusten pinuak moztea, baina landare exotiko inbaditzaileak kentzea bai.

- Botanikan aritzen diren askoren eta biologia ikasi dutenen arabera, eremu hauetako zuhaitz arrunta da pinua. Eremu horretan egon behar zuen zuhaitz potentziala dela ikasi izan dute. Horrek zalantzak sortzen ditu eta idatzi askotan zalantzazko espezie moduan azaltzen da.

3. Zer dokumentu ari gara lantzen?

- Babes Bereziko Eremuak (BBE) ez du planorik eta eremu murritzagoa babesten du. Zumaiako Plan Bereziak, berriz, planoak ditu, eta eremu handiagoa babesten du. Ez hori bakarrik: babesgunea zabaltzeko aukera ematen du landaretza zabaldu ahala. Denok hartu genuen parte Planaren idazketan eta inork ez zuen alegaziorik jarri, edo bere garaian ekarpenik egin. Zertarako sortu genuen mahai tekniko bat, ez bada ekarpenak egiteko? Larritzat jotzen ditut honelako jokaerak. “Foro” hauetan ez omen dute zergatik ekarpenak egin behar azaldu zuen Aldundiko teknikariak, plan urbanistikoa omen delako.

-BBEri kasu egiten bazaio, gehiegi ari gara babesten; Zumaiako Planari kasu egiten bazaio, ordea, bide onetik  goaz. Zein da landu behar dena? Kasu honetan, juridikoki, Aldundia behartuta dago BBEa landu eta garatzera; Plan Berezia ez, ordea.

-Life proiektoaren gorabehera batzuk ere badaude: Aldundiak 20 pinuen mozketa aurkeztu zuen, baina, orain, 43 moztu nahi ditu. Ez da ba izango orain arte 20 horiek baino gehiago moztu dituztelako? Idazteko era bat dela esan dute eta idatzi zutena gutxiengo aktuazioa izan zela. Zertarako jarri, orduan, kopuru bat.

4. Aldundira bidalitako mezu elektroniko batean, bertako teknikariak ez du onartzen Urolako Plan Berezia eta hau larria dela pentsatzen dut. Ez dugu ahaztu behar plan hau hasi eta gero onartu zela Babes Bereziko Eremua (ZEC,2000 sarea). Eusko Jaurlaritzak hala onartzen du eta Aldundiak aplikatu behar du.

-BBEak ez du planorik lantzeko;  Urolako Plan Bereziak, berriz, eremu guztiak landu ditu eta baita ekimenak zehaztu ere. Denok hartu dugu parte lan honetan eta inork ez zuen ekarpenik egin, ezta alegaziork jarri bere momentuan.

-Zertarako gastatu hainbeste diru Urolako Plan bat egiten, gero ez bazaio kasurik egin behar? Denok hartu dugu parte prozedura guztian (Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Kosta sailak, URAk eta Zumaiako, Zestoako eta Getariako udalek). Ez dugu ahaztu behar bigarren aldia izango dela Aldundia plan honen aurka agertu dela: lehenbizi ehiza postu batzuk onartu zituen Planak zehazten dituen eremuan eta orain pinu mozketa hauek datoz.

5-Bateragarria ikusten dut dunaren kontserbazioa eta pinudia gordetzea. Honek lauzpabost urtean behin landare berriak kentzeko lanak egitea ekarriko du.

6-Bertoko baloreak mantentzea ez du bermatuko aktuazio honek.

7-Duna batek fase asko ditu eta azken eremua zuhaitzek eta arbustuek osatzen dute. Pinudia kendu behar bada landaretza potentzialen onuraren bila, has gaitezen landaketa batzuk egiten eta hauek handiak daudenean, basoa galdu gabe, pinuak kentzen. Baina ez lehenago. Artadiarekin lotura duten artea, txorbeltza, gartxu hostozabala edo gurbitza sartzeak urte askotako lanketa ekartzen du.

8-Mozketa honek herrian haserre handiak sortuko ditu.

Argudio hauek defendatzera joan nintzen bilera batera, baina ez dut lortu bere horretan mantentzea zuhaitz hauek.

Landare exotiko inbaditzaileei dagokionez, Espainian eta baita hemen ere, hala dago katalogatuta: obligazioa dute landare hauek kentzeko eta hala egiteko eskubidea dute. Ez da joaten Urolako Plan Bereziaren aurka itsas pinua kentzea, ofizialki, espezie inbaditzailea bezala ikusten delakoa. Baina, demostratzen bada ingurune horretan espezie naturala dela, mantendu dezagun. Horrek, berriro, zalantzak sortzen ditu.

Hau esanda, bere horretan mantenduz gero, balore gehigarria emango lioke dunari. Oso errez ikusten dut bere horretan mantentzea: lauzpabost urtean behin landare berriak kentzea eskatzen du. Eta Zuloagako pinuak kentze ez badira, lan horiek egin beharko dira.

Nire aldetik ez dut intentziorik borroka honekin jarraitzeko, baina zerbait ez bada ulertzen prest nago argitzeko.