"Pilota mundua elkartzeko asmoarekin sartu naiz"

Baleike 2017ko urt. 23a, 15:34
Argazkia: Sara Utrera

Gotzon Enbilek lortu zituen Euskadiko Pilota Federaziorako hauteskundeetan boto gehien. Patxi Jauregiren errekurtsoa ez da aintzat hartu eta azken orduko ezustekorik ez bada, zumaiarra izango da presidentea.

Hauteskundeak irabazi dituzu, baina Jauregiren hautagaitzak errekurtso bat aurkeztu behar zuen. Zertan geratu da?

Patxik eta beste batzarkide batzuek aurkeztu zuten errekurtsoa, irregulartasun batzuek egon zirelakoan. Batzarrean klubek, pilotariek eta epaileek hartu zuten parte; hauek dira botatzen dutenak. Iritsi zaidan aktak dio errekurtsoa ez dela aintzat hartzen egin direla. Oraindik ere badago erabaki hori errekurritzea eta Correo egunkarian irakurri dudanez, Patxik aurrera jarraitzeko asmoa du. Baina, niri heldu zaidana da ni naizela presidentea.

Botazioan berdintasun handia izan zen. Zuk 80 boto jaso zenituen eta Patxik 70. Nahiko erdibituta atera da pilota mundua. 

Bozketako zenbakiak nola izan diren ez dakigu; zenbaki orokorrak dakizkigu, baina susmoa dugu beraiek Gipuzkoan indar handiagoa izan dutela, guk Bizkaian eta Araba nahikoa parekatua atera dela. Bai, ikusten da nahiko parekatuak daudela indarrak. Guk irabazi dugu, baina gure helburua beraiekin ere kontatzea da. Azkenean pilota aurrera eramateko denon elkartasuna behar da. 

Nola okurritu zaizu hautagaitza aurkeztea?

Pilota munduko jende batekin hitz eginda. Jende askok animatu nau. Urte asko noa pilota munduan eta hauek transmititu didate aldaketa bat behar zela pilota mundua. Mundu hau elkartzeko asmoarekin sartu naiz. Ondo pentsatu dut; buruari buelta dezente eman dizkiot. Nire asmoa zuzendaritza on bat egitekoa da, hau guztia denon artean eramateko.

Zer pertsona izango dituzu zuzendaritzan?

Oraindik eratzen ari gara. Ez dugu oraindik izenik emango, baina horretan gabiltza. Hiru lurraldetako presidenteak sartzen dira zuzendaritzan. Beraiekin hitz egin dut dagoeneko, izen batzuk eman dizkiet eta haiek niri emango dizkidaten beste izen batzuen zain nago, denon artean zuzendaritza hau osatzeko.    

Zein duzu helburu nagusia?

Lehenbizi, klubak indartzea. Klubek atzemate lanak egin beharko lituzkete, txikitatik neskak eta mutilak [pilota munduan] sartzeko. Hori da ardatz nagusia. Gero, federazioekin elkarlana izan nahi dugu, federazio guztiekin, bai lurraldekoak, Nafarrokoa barne, bai Munduko kontseilua, Espainiar Federazioa, nazioartekoa, guztiekin.

Talka batzuk izan dira beste hautagaiarekin. Haen esanetan enpresen hautagaia izan zara zu. Federazioa zer egoeratan dagoela uste duzu?

Hori nire aurkariak zioen zerbait da. Ni enpresekin eseri naiz eta beraiek prest daude pilotarien formakuntzan laguntzeko. Orain beraiekin eseriko gara jakiteko zer egiteko prest dauden. Beraien laguntza guztia ongietorria izango da.

Gaur egun zer gabezia ikusten dizkiozu euskal federazioari?

Gehienbat elkartasun falta. Bakoitza bere aldetik joan izan da. Pilotarentzako hori ez da ona. Aurrera egiteko, elkartasuna behar da. Harrobia lantzea da beharrezkoa. Hori orain lantzen bada, profesionaletara pasatzen diren gazteetan igarriko da. Gero, pilotaren modalitate batzuk besteak baino okerrago daude: pala, zesta punta... Modalitate horietan lan gehiago egin beharko dugu.

Patxik esan izan du Federazioan sartu zenean diru aldetik zulo bat aurkitu zuela. Ba al dakizu zein den egoera.

Oraingoz ez. Kontu-ikuskapen bat eskatuko dugu ikusteko zer egoera dagoen eta zer baliabide ditugun.

Nola ikusten duzu Patxi Jauregik egindako lana?

Gauza batzuk ondo egin ditu, beste batzuk... Aurkeztu banaiz izan da, baita ere, hartu dituen neurri batzuekin ez nengoelako ados. Patxi ez zen, adibidez, enpresen aldekoa. Pilota mundua denok osatzen dugula uste dut nik eta enpresak e

Zein izango dira emango dituzun lehen pausoak?

Zuzendaritza eratu ondoren hasiko gara lanean, lurraldetako federazioekin hitz eginaz, klubak indartzeko zer pauso eman behar diren erabakitzeko. Euskal selekzioa ere sustatu nahi dugu. Gero, pilotaren plan estrategikoa bada, eginda dagoena, baina martxan jarri ez dena. Hori federazioekin eta klubekin batera abian jarri nahiko genuke.

Sarritan aipatu duzu klubak indartzearen beharra.

Bai, ikastetxeekin elkarlanean ea haurrak frontoietara erakartzea lortzen dugun. Gaur egun kirol mordoa dago eta nahi dugu kirol horiek guztien artean pilota beste bat izatea.

Pilotaria ere bazara, zesta puntakoa. Jarraitzeko asmorik ba al duzu?

Ez dakit. Iaz ere zalantzan egon nintzen jarraitu edo ez. Uda baino lehen hobeto sentitu nintzen, baina txapelketa bakarra jokatu nuen, World Tour-a. Aurtengoari dagokionez, enpresarekin hitz egin nuena da uda baino lehen esango niela zerbait. Ikusiko dugu. 40 urte egingo ditut otsailean. Orain bi urte belaunengatik ezin izan nuen jokatu. Ez dut esango aurten ez dudala jokatuko, baina, ez dakit. 

Presidente izatea bateragarria al da pilotaria izatearekin?

Ez dago inongo arazorik. Ez dira bateraezinak.