Pasaian 1929. urtean jaioa, 45 urte zituela etorri zen Zumaiara. Aurretik Usurbilen, Goierriko herri txiki batean eta Osintxun izan zen apaiz, Parisera filosofiako ikasketak egitera joan aurretik.
Behin Parisen lizentziatura atera ondoren, eta Zumaiara etorri aurretik, arrantzale lanak ere egin behar izan zituen Joxe Etxeberriak aitarekin. “Osintxun apaiz nintzela arazoak izan nituen eta Guardia Zibila etorri zen etxera. Haren ondoren erabaki genuen hiru lagunek Parisera joatea ikastera. Ikasi nuen, ahalegindu nintzen eta atera nuen filosofian lizentziatura. Etorri nintzen, baina ez nuen posturik aurkitu. Zumaian Kolegiora [Maria eta Jose ikastetxera] ere joan nintzen klaseak emateko asmotan, baina ezezkoa eman zidaten. Lanik ez eta aitarekin ibili nintzen itsasoan, Pasaian. Aita arrantzalea zen eta soldatatxoa ematen zidan astero. Oso gogorra zen. Goizeko 5etan jaikitzen ginen egunero sarea botatzera. Jakin nuenean Joanito [Dorronsoro] sekulartzera zihoala, bikarioarekin hitz egin nuen eta hark esan zidan eginda zegoela. Eta hala etorri nintzen Zumaiara.
2013ko sanpedrotan izan zuen despedida Zumaian, parrokian, Jose Maria Larrañaga, Txortenarekin batera. Ordutik Donostian bizi zen, Gotzaitegiak Artzai Onaren katedralaren alboan duen etxebizitzetan.
Azken unera arte mantendu du Joxek bere lagunekin bazkaltzera geratzeko ohitura. Gaur gauean, lotan zela, zendu da.