2017rako aurrekontuen programa aurkeztu du Udal Gobernuak

Baleike 2016ko abe. 19a, 19:00
Axular ibiltokia bulebarizatzea jasotzen du Udal Gobernuaren aurrekontu proposamenak

Abenduaren 29an egingo den plenoan aztertuko dira datozen urterako udal aurrekontuak. Hamar egunen faltan, Udal Gobernuak 2017ra begira prestatu duen aurrekontuen proiektua aurkeztu du. Aparkaleku faltaren arazoari irtenbidea ematea, Etxezarreta kalearen eta Axular ibiltokiaren bulebarizazioa eta Lubaki kiroldegiko hobetze lanak nabarmendu daitezke proposamen honetan.

Abenduaren 5ean aurkeztu zuen Udal Gobernuak proiektua Ogasun Batzordean. Aurrekontu hauek bi “mugarri" izango dituztela azaldu du gaur Oier Korta alkateak prentsaurrekoan. Lehen mugarria zubitxikitik barrura kotxeen aparkaleku arazoari irtenbidea ematea izango dela adierazi du. Zumaian TAO sistema ezartzea aurreikusten du Udal Gobernuak. Trafikoaren erregularizazio hau faseka egingo dela aurreratu du: lehen urtean moila-larretxo-parolbidean egingo da eta 2018an poligonoetan. Trafikoa erregulatzeaz gain, ibilgailuen erabilera murriztu eta garraio ohitura osasuntsuak sustatzea du neurri honek helburu.

Bigarren mugarria hondakinen kudeaketa izango dela azaldu du. Urola Kostako Udal Elkarteak pasa den astean iragarri zuen sistema mankomunatuan sartuko da Zumaia ere. “Aurreko urteetan gai hori landu izan da, baina ez zen aurrerapausorik eman. Hondakinen mahaian akordioa sinatu zen, sistema konkretu bat definitu zen, baina gero ikusi zen ezin zela martxan jarri. Ondoren Tolosakoa hartu zein aintzat. Gobernura heldu ginenean ez zegoen ezer eginda eta lanean hasi ginen Mankomunitateko prismarekin. Sistema bat landu da bailara osorako ikerketa bat egin ondoren. Organikorako eta errefusarako gaur egun daudenak baino edukiontzi handiagoak jarriko dira". Gaur egun hondakinak jasotzen aritzen diren langileen kontratuak subrogatzen saiatuko direla ere gaineratu du.

Gizarte Zerbitzuak eta enplegu sustapena

Gizarte Zerbitzuek jasaten duten lan kargari aurre egiteko, lan taldea handitzea ere aurreikusten du Udal Gobernuak. “Gizarte Zerbitzuetako buruekin gaia aztertu ondoren, beste teknikari batekin indartuko da zerbitzua". Pertsona honek abian dauden espedienteak aztertuko ditu. "Gero, plegu batzuen bitartez lau hezitzaile eta psikologo bat kontratatuko dira teknikari honek detektatuko dituen behar horiek aurrera eramateko".

Etxez etxeko zerbitzuek bere kabuz zenbait lan egiteko zailtasunak dituzten adineko pertsonei laguntza ematea du helburu. "Behar dituzten orduak zehazten dira eta kobratzen duten pentsioaren arabera kopuru bat ordaintzen dute. Aurreko urteotan etorri da jendea zerbitzu honen inguruan galdezka, baina batzuk atzera egin zuten jakitean zenbat ordaindu behar den. Badugu susmoa beste era batera kontratatu dituztela zerbitzu hauek. Orain, zaintzaren inguruko beka bat dago martxan eta horren ondorioz zenbait herritar inguratu dira, zerbitzu honetan lan egiteko interesarekin. Hauen formakuntzarako diru partida bat ere aurreikusten da”. 

Gazteen emantzipazioa bultzatzeko, berriz, 20.000 euroko diru partida bat ere jasotzen du aurrekontu programak, hauen alokairu gastuetan laguntzeko. “Gazteek dituzten diru sarreren eta alokairu kontratuaren bitartez erabaki ahal izango da zer kopuru jaso dezaketen”. 

Turismo bulegoko lan taldea uda garaian indartuko da. "Ekainetik Irailera pertsona bat %90ean + Uztaila eta abuztuan pertsona bat %90ean + abuztuan i-puntua (amaiako plazako puntua irekiko da) pertsona bat %90ean".

Ekonomia eta enplegu sustapenerako, aldiz, Urola Kostako Udal Elkarteak bideratuko dituen 293.000 euroetarako 75.000 euro jarriko ditu Zumaiako Udalak. “Iaz partida bat sortu genuen, txikia. Hausnarketa bat egin dugu eta ikusi dugu Udalak ez duela baliabide handirik ekonomiaren sustapenean. Udal Elkarteak, bai, baditu horren teknikariak. Lantzen joan gara Zarauzko alderdikideekin, han ere egoera beretsua zegoelako. Interesgarria iruditu zaigu sustapen hori bailara mailan egitea”. 

Hobekuntzak udal eraikinetan eta bi kaleren bulebarizazioa

Hirigintza kontuetara joanda, Lubaki kiroldegiari astindu bat ematea proposatzen du EAJ-PNVko Udal Gobernuak. "Sumatu dugu eraikina nahiko utzita egon dela. 30 urte dira kiroldegia egin zela, eta txikia eta zaharkituta geratu da. Zerbitzua ere asko erabiltzen da. Bi azterketa kontratatu ditugu, hauetako bat energia efizientziari buruzkoa. Aurten 117.000 euroko partida bat onartu genuen eta datorren urtean beste 93.000 bideratuko dira".

Kirolarekin lotuta, Kirol patronatuaren partida handitzea proposatzen du, frontoi berriaren mantenimendua ere beregain hartuko duelako.

N-634 errepidea saihesbidetik igarotzen dela ikusita, Axular eta Etxezarreta kaleak bulebaritzea planteatzen da. "Aparkaleku kopurua handituko dira eta espaloiak zabaldu ere bai, oraingoak oso estuak dira eta. Bidabeazpitik Jadarrera bidean kotxe eta bizikleten errail mistoa izango da. Kalea herritartu behar da eta kotxeak ez du errege izan behar”. 93.000 euroko diru partida bat gordetzea proposatzen da lan horietarako.

Beste udal eraikin batzuei dagokionez, Forondako teilatua aldatzea jasotzen da (110.000 euro). Gaur egun itokin arazoak ditu eta lanak lehenbailehen egin nahi dira. Fielatuan, berriz, berritze lanak egingo dira. “Estudio bat egin da eta nabarmendu da 300.000 euroko partida beharko zela. Hasteko 50.000 euro bideratuko genituzke”.

Itzurun hondartzan kantina eta kumunak ere zeharberrituko dira eta baita itxitura berritu ere. “Iaz partida bat gorde zen, baina ikusita hondartza denboraldirako ez zela prest egongo, bertan behera utzi zen. Aurten 117.000 euroko partida bat aurreikusten da horretarako. Lan hauek negu partean egingo lirateke, Aste Santurako prest egoteko.

San Jose kaleko planaren baitan, igogailua ezartzeko lursaila erosi dute eta 2017an proiektua egitea aurreikusten da. Artadiko sanemendurako 230.000 euro bideratuko dira eta beste 373.000 herrian zehar saneamendu inguruko lanak egiteko. Zentzu horretan Larretxon dauden arazoak azpimarratu ditu: "Larretxoko gune batzuetan ur zikinak eta euri urak batera jaisten dira, banatu gabe. Hori hobetu behar da”. 2017an banatze hori egitea proposatzen da. Etxezarreta kalean, Basusta erretegia eta Mapfreren artean ere saneamendua hobetzea jasotzen da.

Marianton parkean, berriz, kirola egiteko makinez gain, skate park berria eta haurrentzako jolastoko estalia joango da, “ikusita zenba jende gazte joan den inguru hartara bizitzera". Hilerrian errautsak gordetzeko kolunbariorako 50.000 euroko diru partida ere gordetzen da. Baserri bideak hobetzeko 25.000 euro eta Zaharretxerako beste 15.000 bideratuko ditu.

Argiteri publikoan ere 50.000 euroko inbertsioa aurreikusten da, koadro elektrikoak berriztatzeko.

Bestalde, Maria eta Jose ikastetxearekin hitzarmena sinatzea ere proposatzen da udal ekintza eta herriak izan ditzakeen beharretarako ikastetxeko azpiegiturak erabili ahal izateko.

Parte-hartze prozesua

Hamasei ekarpen egin direla aurreratu zuen alkateak. "Batik bat bere auzoan sumatzen dituen gabeziei buruzkoak izan dira. Ekarpen xumeak dira, baina garrantzitsuak". Hauetako batzuk, Bonifazio Etxegaraiko eta Larretxoko espaloiak erretxinarekin estaltzea labaintzeak ekiditeko, kasu, aste honetan bertan egingo dituzte. Bidegorri sarea arranplatik Itzurunera luzatzea ere proposatu dute herritarrek.