Zumaia, diamante landugabea

Arritxu MaraƱon PSE-EEko zinegotzia 2016ko aza. 28a, 10:10

Gauza jakina da Euskadi, gure erkidegoa, harribitxi bat dela, hiru lurraldeetan aukera bikainekin, eta horri esker maila gorenean dagoela turismoaren arloan, erkidego osoan berez daukan kultur, sukaldaritza eta paisaia eskaintzarengatik, ostalaritza-eskaintzarengatik eta abar. Ahalegin handirik gabe, denoi etorriko zaizkigu burura gurean bisitatzeko moduko lekuak.

Dena dago hobetzea, baina egia da, baita ere, inguruan apenas geratzen dela lekurik oinarri-oinarrizko gauza bat eskaintzen duena: ezezagunak sortzen duen zirrara, oraindik esplotatu gabe dagoen zerbait aurkitzeak (are zailagoa mundu globalizatu honetan) eragiten duen ezustekoa eta sentsazioa, aukera ugari eskaintzen dituena. Leku hori, ordea, egon badago, eta Zumaia izena du.

Zumaiak, gure herriak, asmatu du bere identitateari eusten denboran zehar, eta zorionez lortu du onik eta babestuta jarraitzea batzuetan hain oldarkorra den aurrerabidetik; izan ere, era guztietako espekulazioen ondorioz (baita turistikoa ere), leku batzuk frankizia huts bihurtu dira, denak berdinak, eta ez da erraza lekuak bereiztea.

Gaur egun, neurri batean arestian aipatutako guztiarengatik, uste dut turismoaren aldetik aukera ezin hobea daukagula, baldin eta etorkizunera begira kudeatzen asmatuz gero. Hori baieztatzen dut hainbat arrazoirengatik. Lehenik eta behin, kostaldean inguru geografiko bikaina daukagulako, Flyschari esker, duela gutxi Gizateriaren Ondare izendatua, eta horrek Geoparkea nazioarteko eremuan sartu du. Halaber, ondare industrial, komertzial eta arrantzalea ere badaukagulako, izaera historikokoa, aukera bikainak ematen dituena Zumaiaren eta Gipuzkoaren iraganaren berri emateko. Gainera, ezin ditugulako bazterrean utzi azkenaldian izandako gertaera batzuk, adibidez, denok ezagutzen ditugun pelikula eta serie batzuk filmatzea gurean: Goenkale, Ocho Apellidos Vascos, Zipi y Zape, Juego de Tronos etc…; horiei esker, turista askok Zumaian jartzen dituzte begiak.

Horrelako aukerak oso gutxitan gertatzen dira eta sortu diren egoera hauek guztiak aprobetxatu egin behar ditugu. Beharrezkoa da guztiok elkarrekin lan egitea eta aukera bikain hau aprobetxatzea, herri osoak irabazteko. Turismo jasangarrirako plan bat egin behar dugu, gure ondare naturala, kulturala eta patrimoniala babestuta, horiek baitira aberastasuna emango digutenak.

Plan berezi horretan, gauza asko aztertu beharko ditugu; hasteko, turismo bulegoa behar bezalako leku batean jartzea, Geoparkearen interpretazio zentroa aztertzea, industri ondarea erakusteko lekua bilatzea eta babestea. Eraikinak birgaitu (adibidez, Komentua) eta horien erabilerak aztertzea, edo imajinazioa erabiltzea Zumaian zehar ibilbideak sortzeko (adibidez, pelikulen ibilbidea).

Baina horrekin batera, tentuz aztertu beharko dugu nola hartu edo arautu behar dugun ibilgailuen trafikoa gure herrian, beste herriek bezala gureak ere bere mugak dituelako; edo ostalaritzan eta merkataritzan nolako eskaintza dagoen, nola bultzatu eta nola sortu aberastasuna zumaiar guztiontzat.
Benetan uste dut landu gabeko diamante bat daukagula, denon artean lantzen asmatuz gero zoragarria izan daitekeena.

(Erredakzioan itzulia)