Turismoa bai, baina nolakoa?

Zumaiako EHBildu 2016ko aza. 28a, 10:10

Urteak daramatzagu Zumaian (eta oro har Euskal Herri osoan) turismoaren gorakada nabaritzen eta horren inguruko hausnarketaren premia aurreikusten. Halere, herritar asko zur eta lur gelditu dira azken hilabeteetako gertakariekin (Game of Thrones-en grabaketaren amaiera egunekoa demasa izan zen) eta gure artean areagotu egin da etor daitekeenaren aurrean prestatu beharraren sentipena.

Egia esan, turismoarena gai nagusietako bat izan da zumaiarrok egin berri dugun ariketa kolektibo mamitsuan, 2015-2025 Plan Estrategikoaren lanketan. Zehazki, “Munduari irekita dagoen Herria” izeneko lerro estrategikoaren barruan turismoaren inguruko helburu hauxe zehaztu da: “kalitatezko turismo jasangarria sustatzea, herriaren nortasuna mantenduta”. Beraz, irudikatu dugu nolako turismoa nahi dugun, marra lodietan besterik ez bada ere:

Hasteko, herritarrok turismoa aukera bezala ikusten dugu, gure egitura sozioekonomikoa dibertsifikatzeko abagune modura. Turismoa gizarte sendo eta orekatuagoa osatzeko euskarri bat gehiago izan daiteke, ziztu bizian aldatzen ari den mundu honetan. Izan ere, aniztasuna indargunea da, baita ekonomian ere.
Eta xehetasunetan sartuta, herritarrek nahi duten turismoa da natura eta ekologian oinarritutakoa, Geoparkea ardatz duena, geure nortasuna indartzeko baliagarria izango dena, euskararen arnasgune izateak ematen dizkigun baliabideak aprobetxatzen dituena, herritarrentzako lanpostu duinak sortuko dituena… azken finean, KALITATEZKO TURISMOA. Hori da Plan Estrategikoa osatzeko parte hartze bileretan herritarrek esandakoa.

Gure ustez ere ezaugarri guzti horiek betetzea komeni da, turismoa jasangarria eta interes orokorraren mesedetan erabilia izango dela bermatzeko. Garen bezalakoak garelako izango gara etorkizunean ere erakargarriak kanpotarrentzako. “Munduari irekita dagoen herria” izango gara, baina geure izate propio eta berezitua izango da munduari eskaini diezaiokegun ekarpenik onena.
Beraz, herritarrek hitz egin dute, eta Udalari herritarrek prozesu horretan esandakoa aintzat hartu eta betetzea dagokio. Horretarako, interes orokorrari begira hartu behar dira erabakiak, eta herritarrekin partekatuta:

-Mugikortasuna sakonki landu beharra dago, autoen protagonismoa gutxitu eta oinezkoentzako espazioak ahalbidetzeko.

-Ahal dela, espekulazio urbanistikoari ateak itxi behar dizkiogu. Zumaiarrok ezin dugu etxebizitza eskubidea ukatua izan, espekulazioaren mozkinen eraginez. Gainera, jada agortzear dagoen gure herriaren hedadurak are garbiago uzten du bidea ez dela gehiago eraikitzea, herriko hamar etxebizitzatik bat hutsik dagoen bitartean.

-Aktibitate ekonomiko anitza helburu, turismoak bere lekua behar du, baina herriko ekonomia hirugarren sektorera erabat iraultzea saihestuta. Aniztasuna ekonomian ere indargunea da, eta Zumaian badugu hori, zorionez. Sektore ekonomikoen arteko orekari eustea garrantzitsua izango da zumaiarren lan baldintza (eta ondorioz bizitza-kalitate) duinak bermatzeko.

Horiek eta gehiago zehazteko, Plan Estrategikoaren barruan zenbait proiektu agertzen dira. Guztiek dute lehentasun maila handia, eta horien artean badira herritarren partaidetza ezinbestekoa dutenak: “Turismo eredua aztertzea” eta “Turismo jarduera indartzea” dira, hurrenez hurren, proiektu estrategiko nagusiak. Azken horren barruan, “Turismoaren Mahaia” eratzeko ekimena ere aurreikusita dago. Beraz, herritarrek eta teknikariek zehaztutako proiektu horiek argi erakusten diote Udalari baduela nondik hasi.

Azken finean, jokoan dagoena eskubide bat da: herritarrok, guztion mesedetan, herria gure interes kolektibora moldatzeko daukagun eskubidea. Herritarrok garaiz ariketa hori egin ezean, aldaketek aurre hartuko digute, eta herri eta turismo eredua ez dira zumaiarron beharretara moldatuko, alderantziz baizik.
Asmatuko ahal dugu, gure arbasoek asmatu zuten bezala, mundu aldakor baten barruan gure herria aldatzen, nortasunari eutsiz eta ondoren datozen belaunaldiei are herri hobea eskaintzen.

Horixe da gakoa.