"Indarkeria matxista gizarte osoaren erantzunkizuna da"

Baleike 2016ko aza. 25a, 21:09
Indarkeria matxistak hildako emakumeak izan dituzte gogoan elkarretaratzean. Argazkia: Gorka Zabaleta

Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratzea egin dute hainbat herritarrek gaur arratsaldean, Zumaiako Berdintasun Foroak deituta. Indarkeria matxista azaleratu bai, baina ez dela inondik inora murriztu ohartarazi dute.

Horrela dio gaurko elkarretaratzean plazaratu duten oharrak:

Azaroaren 25ean, Berdintasun Foroko kideek aldarrikatu behar dugu indarkeria matxistaren aurka gaudela eta, gogorararazi nahi dugu indarkeria matxistaren jatorria egiturazkoa dela eta gizarte osoaren erantzunkizuna dela. Horregatik, gogoz lan egin behar dugu botere harremanak eta diskriminazioak deuseztatzeko. Bizitza aske, seguru eta burujabeak eraikitzearen alde gaudelako.

Feminismoak egindako lanari esker, indarkeria matxista etxeko gai pribatu izatetik jendartean eta politikaren arloan zabaldu da, baina, indarkeria hori ez da inondik inora murrizten ari, eta indarrean jarraitzen du gure jendartearen eremu gehienetan.

Egiturazko arazoa da hau, eta ondorioz, ez da nahikoa momentuko neurriekin erantzutea. Neurri eraginkorrak behar ditugu, prebentziozkoak, integralak, jendartean erasotzaile gehiago ez dela egongo bermatuko dutenak. Sistema patriarkal kapitalista honi era integralean erantzuten ez zaion bitartean, emakumeon aurkako erasoek bere horretan jarraituko dute. Indarkeria matxistari aurre egiozu!