Atzo bataiatu zuten Pasaian Telmo zamaontzia

Baleike 2016ko urr. 28a, 12:04
Argazkia: Santiago Farizano

Pasa den astelehenean utzi zuen Zumaia Balenciaga ontziolan egindako Telmo izeneko zamaontzia. Pasaiako portura eraman zuten azken lanak egiteko eta Pasaian bertan bataiatu zuten atzo. Luzera aldetik Balenciagak egin duen handiena da Telmo.

Balenciaga SAk Zumaian duen ontziolan eraiki du, eta ontziola horrek, 1921. urtean sortu zenetik, inoiz eraiki duen ontzirik luzeena da.

Urola Shipping  SLU sozietateari emango zaio. Sozietate hori 2015eko ekainean sortu zen, eta jabetzaren % 100 BALENCIAGA SAren esku dago.

Ontziak karga orokorra, edukiontziak, ontziratu gabeko materialak, aleak eta ontziratu gabeko karga arriskutsuak garraiatzeko baimena du.

5.710 tona garraiatzeko edukiera du, eta guztira 99,99 metroko luzera eta 15,6 metroko zabalera. Bestalde, 2.666 kW-ko propultsio-motorra du.

Zamategia Box motakoa da, 64,4 x 12,8 x 9,2 metrokoa, eta bereizketetarako bi trenkada mugikor ditu, karga behar bezala egokitzeko. Horrez gain, bi eskotila hidrauliko ditu, folding motakoak, gainean edukiontziak eramateko aukera ematen dutenak.

Balenciaga SAk bere ontzi-enpresarako eraikitzen duen lehen unitatea da, eta oso aurreratua du bigarren ontziaren eraikuntza. Bigarren ontzi horrek Deun izena du eta TELMO ontziaren bikia da. Datorren abenduan uretaratuko dute.

Bi ontzi horiekin, Balenciaga SAk iraganean izan zuen posizioa berreskuratuko du; izatez, laurogeiko hamarkadako sektorearen krisialdi handiarekin desagertu ziren Marítima del Gran Bilbao eta Naviera Uralar ontzi-enpresetan partaidetzak izan zituen, gehiengoa ez bazuen ere. 34 milioi eurotik gorako inbertsioa da.